Berriketa Plaza egitasmoa egin zuten atzo, abenduak 3, Bergarako osoko bilkuren aretoan: lau herritar eta moderatzaile bana eseri ziren hiru mahaietako bakoitzaren bueltan, euskararekin lotutako bizipen "interesgarriak" partekatzeko asmoz: familiako kontuak, eskola garaikoak, Elizakoak... Eta han izan ziren, gainera, Idoia Etxeberria eta Haizea Odria, Ahotsak.eus proiektuko kideak, bideo-kamera banarekin, han kontatuak biltzeko asmoz.
Bergarako Udalak antolatu du egitasmoa, aurreko urteetan eginiko lanari tiraka euskararen historia soziala jasotzeko, hainbat elkarrizketa egin baitituzte 2021etik gaur egunera arte.
Andrea Bellaren esperientzia
Uruguaikoa da Andrea Bella, eta euskara ikasteko egin duen prozesu pertsonalaz aritu zen saioaren amaieran; gainera, berak dinamizatuko du 2025eko Euskaraldia Bergaran datozen hilabeteetan.