Leun hasi eta gogortzen eta azkartzen joango da hirugarren kontzertua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko aza. 29a, 08:01

Arrasateko Del Val, Antzuolako Karena, Oñatiko Henko eta Aretxabaletako Txerrikumeak taldeak izango dira gaur, egubakoitza, 21:30ean hasita, Seminarixo barruan lehian, eta Bilboko DJ Navajita Suarezek girotuko du chill out gunea, 20:00etan hasita.

Debagoieneko hamasei musika proiektu daude aurtengo Danbaka Musika Lehiaketan lehian, eta dagoeneko zortzi izan dira Seminarixoko taularen gainean aurkezten. Doinu-koktel ederrak dastatu dituzte aurreko bi kontzertu-gauetan aretora joan direnek, eta gaur ere bide beretik joango dela antzematen da. Orain artekoekin alderatuz, leunago hasiko da hirugarren kontzertu-gaua; erpin askotako popa entzungo da lehiaketaren lehenengo zatian, eta erritmo azkarragoak izango dira bigarrenean –metala eta punk-rocka.

Sarrera arrunta bost eurotan erosi ahalko da Seminarixoko leihatilan; Goienakideak doan sartu ahalko dira eta Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek bi euro ordainduko dute.

Popa zentzu zabalean

Ikasketa maila eta helburu ezberdineko musikariak batzea ere bada Danbakaren helburua, eta gaurko kartela da horren adibide. Arrasateko Jon Garcia Del Valek sortutako Del Val proiektuak zabalduko du. Orain dela bi urteko Danbakan hartu zuen parte Arrasatekoak, Erromintxelak taldearekin, baina proiektu berria aurkeztuko du gaur; sintetizadorearekin eta bestelako tresna elektronikoekin sortutako doinuak eskainiko ditu. "Diskoan beat elektronikoak entzun daitezke post-rock erritmo tribalekin dantzatzen, pop ahots finak muturreraino prozesatutakoekin eta post-punka gogorarazten duten baxu progresioak jazz bateria organikoekin. Deseatzen nago ikaskide ohi eta lagunekin Seminarixoan erakusteko", dio Jon Garciak.

Antzuola eta Hernani aldeko musikariak batzen dituen Karena boskoteak hartuko du lekukoa. "Euskal kanten bertsioak eginez hasi ginen 2022an kontzertuak ematen, eta 2023an proiektu serioagoa abiatzea erabaki genuen. Aurtengo martxoan Loak irauteko izeneko estreinako lana kaleratu dugu. Gure helburua Danbakan taldea ezagutaraztea eta beste musikari batzuk ezagutzea da, bereziki", azaldu dute Karenakoek.

Metaletik punk-rockera

Oñatiko Unai Urkiak sortutako Henko taldea izango da lehiatzen hirugarrena. Urkiak ere badaki Danbakan parte hartzea zer den: orain dela bi urte, Broken Legacy taldearekin izan zen. "Metala da oinarrian, metal-core ukitu batzuekin. Gitarra, baxua, bateria eta ahotsa grabatzen eta hitzak idazten hasi nintzen etxean, eta, zuzenekoa egiteko gogoz, aukera ona iruditu zitzaidan Danbaka, eta lagunei proposatu nien nirekin jotzeko. Hala egingo dugu estreinakoz jendaurrean gaur", dio Urkiak.

Aurreko bi kontzertu-gauen bidetik, punk-rock doinuekin amaituko da gaurkoa, dagoeneko hiru disko argitaratuta dituen Aretxabaletako Txerrikumeak taldeak borobilduta. "Esperientzia berri bat bizitzea da, bereziki, Danbakan dugun helburua, eta, nola ez, ahalik eta gehien gozatzea", diote Aretxabaletakoek.

Kanpoan, DJ Navajita Suarez

Bilboko DJ Navajita Suarez – Irene Suarez– izango da chill out gunean. "Musikazale amorratuak, besteak beste, reggaea eta early reggae, calypso, rocksteady eta ska doinuak eskainiko ditu, 20:00etan hasita", dio Danbakako koordinatzaile Jokin Bereziartuak.

Publikoaren botoa

Danbaka.eus webgunean edo Goiena.eus webgunearen Danbaka izeneko kanalean eman daiteke botoa, 2025eko urtarrilaren 14ra bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak