Bergarako bandaren kontzertua berezia Santa Zezilia omentzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko aza. 22a, 10:25

Bandakideen agurra, 2023ko Santa Zeziliaren omenezko kontzertuan.

Santa eziliaren omenezko kontzertu berezia emango du bandak domekan (12:30); eguraldia ona bada, kalejira egingo dute (11:30) eta emanaldia plazan izango da, bestela, San Pedro elizan. 70 urtez bandakide izan den Joxe Ramon Lazkano agurtu egingo dute.

Musikarien zaindariaren omenezko kalejira eta kontzertua egin nahi ditu bandak domekan. Eguraldia lagun badute, kalejiran irtengo dira 11:30ean eta 12:30ean plazan joko dute. Euri edota hotz arriskua badago, San Pedro elizan joko dute. "Frontoian obretan daude eta ezingo dugu bertan jo; eskerrik asko parrokiari, beti bezala, laguntzearren", dio bandako zuzendari Enrike Txurrukak; domeka goizean hartuko dute erabakia.

Lazkano, 70 urte bandan

Santa Zeziliaren omenezkoa izanik, banda "beti" saiatzen da kontzertu berezia prestatzen. Oraingoan, gainera, uztailean azken kontzertua eman zuen Joxe Ramon Lazkano saxofoi-joleari agur berezia egingo diote: "2019an Alfredorekin [Gonzalez Chirlaque] batera erretiratu zirenen artean zegoen Joxe Ramon ere, baina aste pare batera itzuli egin zen, musika faltan igartzen zuela eta! Orain, adarra jotzen diogu, ea oraingoan benetan izango den edo ez... 13 urterekin hasi zen, eta 83 urterekin utziko du. 70 urte bandan jotzen! Saxofoien familiako guztiak jo ditu, txikienetik handienera: sopranoa, altua, tenorra eta, azkenik, urte gehien, baritonoarekin. Beti alai, beti konprometituta, denontzat eredu. Belaunaldien arteko balioak ederki transmititu dizkigu. Harekin jotzeko ohorea izan dugun guztiongan erein du musikarekiko maitasunaren hazia. Bandan jotzen jarraituko du semeak, eta musika ikasten dauzka ilobak ere". Bost pieza joko dituzte: Valentziako hondamendia bizi izan dutenekin keinu bat izateko, Pedro Sosaren Lo cant del Valencia; Jesus Guridiren El caserío; Pablo Sorozabalen La isla de las perlas; Rossano Galanteren Mount Everest; eta, azkenik, Enrike Txurrukak berak egin dituen Hertzainak rock taldearen zenbait kanturen moldaketa.

Alai Berri eta txistulariak

Bestalde, Santa Zeziliaren omenezko emanaldi bereziak egingo dituzte Alai Berri abesbatzak eta Txistulari Bandak. Alai Berrikoak kalejiran irtengo dira gaur, 18:30ean, eta txistularien kalejira, berriz, domekan izango da, 11:30ean –12:30ean kontzertua emango dute udaletxean–.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak