Azaroaren 16an Abadiñon jokatu zen Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa irabazi zuen Paulo Azpiazuk (Bergara, 1996). 125 kiloko koadroa 31 aldiz altxatu zuen; 125 kiloko kopa, 30 aldiz; 112,5eko kuboa, 18 aldiz; eta 100 kiloko bola, 29 aldiz. Azken sei urteetan garaile izan den Mikel Lopetegi Urra-k ez zuen jokatu, min hartuta zegoelako, eta bergararra zen faborito.
Pronostikoa beteta, gustura?
Faboritoa nintzen, baina zertxobait hobetoxeago egiteko asmoa neukan. Gaizki ez nuen egin, baina buruan zenbaki batzuk nituen. Adibidez, kuboan kale egin nuen. 20 altxaldi egitea zen asmoa eta 18 egin nituen. Nahiko kurioso aritu nintzen.
Guztira 12.550 kilo jaso zenituen 12 minutuan; erraza izan al da errekuperatzea?
Norberaren araberakoa da. Nik dena oso zehatz eramaten dut: janaria, otorduak... Txapelketaren hurrengo egunean, goizean, harri-jasotze erakustaldi batean izan nintzen. Astelehenean pisuak altxatzen aritu nintzen. Orduan, ni ondo nago.
2021ean hasi zinen entrenatzen: 2022ko eta 2023ko txapeldunordea zara; orain, irabazle. Emaitzak espero zenituen?
Egia esan, ez, ez bainator harri mundutik. Pisuak altxatzen hasi nintzen duela urte asko, baina nire asmoa zen kulturista izatea edo beste kirol batean zentratzea; ez harri-jasotzailea izatea. Duela hiru urte, ordea, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a ezagutu nuen. Harria probatzera joan nintzen, eta esan zidan ezaugarriak nituela harri-jasotze munduan aritzeko. Motibatu egin ninduen. Nik ere ez dut akatsik egin, baina ez nuen uste.
Txapel horrekin, azken bi urteetako arantza kendu duzu?
Bai, bueno... Hiru urte harri-jasotzen ibiltzea ez da asko. Normalean, harri-jasotzaileak 15-20 urterekin hasten dira, ume-umetatik. Nire asmoa ez da inoiz izan harri-jasotzailea izatea, baina orain hasi zait buruan sartzen txapelak irabazteko aukerak ditudala. Hasiera batean, nire helburua zen txapelketa batera joan, ahalik eta ondoen egin eta ikastea. Poliki-poliki hasi nintzen. Bigarrena, bigarrena... Orain, Urra-k ezin izan du parte hartu eta lehena izan naiz. Oso pertsona konpetitiboa naiz, baina ez nuen uste txapel hori hain azkar etorriko zenik.
"Buruari bueltak ematen ari naiz datorren urtean harri handietara salto egiteko"
Iazko txapelketan deshidratatuta eta kordea galduta atera zintuzten plazatik; berriro errepikatzeko beldurra zenuen? Faborito izatearen presioa ere bazenuen.
Txapelketak askotariko lekuetan izaten dira. Batzuetan, plazan; beste batzuetan, frontoian, probalekuan... Horrek asko aldatzen du, harriak berberak izan arren giroa asko aldatzen delako. Iaz, Gernikako plazan egin genuen. Sekulako beroa egiten zuen, eta ospitalean amaitu nuen. Aurten, sentsazio nahasketa izan dut, eta ez nuen egoera bera bizi nahi.
Harri mota eta txapelketa guztietatik zein dituzu gustukoen?
Garrantzitsuena Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa da niretzat. Gero, Gipuzkoako Txapelketa; Igeldoko Harriak ere izen handia dauka. Nire harririk gustukoena edo hasieratik harreman hobea izan dudana, berriz, bola da.
Harri txikiekin aritzen zara; ikusiko zaitugu harri handiekin?
Bakoitzak genetika eta gorpuzkera bat dauzka. Nire gorputza harri txikien eta handien tartean dago. Klubaren araberakoa ere bada. Buruari bueltak ematen ari naiz datorren urtean harri handietara salto egiteko.
Hurrengo helburua zein da?
Orain, Bengoako Txapelketa daukagu. Xabier Aranburu Guzta-rekin osatuko dut bikotea, eta hori kurioso egin nahiko nuke. Eta Iraetako Errota Harria urtarrilean izango da.