Arnasa Gara ekimenaren Arnasetik bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioko sari-banaketa Bergaran egingo dute azaroaren 28an, Seminarixoan, 18:00etan. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
Hego Euskal Herriko 40 udalerrik izan dute ordezkaritza hiru kategoriatan banatatuta: LH5 eta 6, DBH1 eta 2 nahiz DBH 3 eta 4. Bakoitzean erronka bati egin behar izan diote aurre.
Sari-banaketa
Azaroaren 28an egingo dute sari-banaketa. Ekitaldia Esti Curielek eta Amaia Ruiz de Galarretak aurkeztuko dute. Denera sei sari banatuko dituzte. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak aukeratutako lanik onenak 500 euroko saria izango du.
Horretaz gain, balio bereko publikoaren saria banatuko da. Bozketa bidez aukeratu dute herritarrek sari hau eta denera, 4.200 bozka baino gehiagorekin itxi da.
Bergarako Udalak, gainera, herriko lanik onenak sarituko ditu 250 euroko sari banarekin.
Jasotako sariak, besteak beste, Irrisarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetako sarrerak edo Go!azen eta Irabazi arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak izango dira.