Errepidera bueltan dator 2014an Gasteizen sortu zen taldea, Inorenak ez diren lurretan diskoarekin: "Entzuleak eman diogun mimo eta goxotasunarekin gozatzea espero dugu". Diskoa kaleratu berritan erantzun dituzte GOIENAren galderak.
Bada denbora bat ez genekiela ezer Bidelapurrez; mendian ezkutatuta egon zarete errepidera irten gabe?
Ander Solozabal: Sumatu ez izanak ez du esan gura ezkutuan ibili garenik. Nire kasuan, Iramo edo Harakin proiektuetan; eta, Ekaitzen kasuan, Harriarekin.
Ekaitz Aranberri: Hamar urte baino gehiago dira Ander eta biok elkartzen hasi ginenetik; adiskidetasun harreman batena izan da gure bidea. Garai batzuetan modu jarraituagoan eta beste batzuetan ez horrenbeste, baina beti elkartu izan gara abestiak jotzeko edo kontzerturen bat eskaintzeko.
2018an zenioten, besteak beste, ez zaretela talde konbentzional bat; zertan zarete, bada, ezberdin?
A.S.: Egun bizi dugun erritmo frenetikoari bizkar emanda bizi garela. Gure talde kutuna da, espektatiba handirik gabekoa; umil mantentzen saiatzen gara. E.A.: Ezer berririk asmatu barik, gure inguruan gutxi lantzen den musika estiloa da gurea.
Inorenak ez diren lurretan jarri diozue izenburu kaleratu berri duzuen diskoari; zergatik?
A.S.: Ainhoa Narbaizari zor diogu. Islatzen ditu gure abestiak. Geureak ez diren arren, eroso gabiltza AEBetako lur edo doinu haietan; betiere, gurera ekarrita.
Nolakoa izan da grabaketa?
E.A.: Aurreko diskoei eskaini ez diegun mimoa eta patxada eman diogu abesti sorta honi. Helduagoak ere bagara, eta konplexu eta lotsa batzuk bidean galdu ditugu; gai batzuei abesteko, esaterako. Eta musikari moduan, bagabiltza ikasten abestiei behar dutena ematen, ez gutxiago eta ezta gehiago ere.
Zeintzuk izan dituzue bidelagun?
A.S.: Ekaitzez eta bioz gain, Jon Aranburuk –lap steel-a eta gitarra elektrikoa–, Gorka Etxebarriak –bateria eta perkusioak– eta Irati Olaziregik –baxua– osatu dute Bidelapurrak disko honetan. Asier Elorza lagunak tronpeta eta koruak sartu ditu abesti banatan, eta Maitane Azkaratek koruak. Horrez gain, Fredi Pelaezen itzala oso luzea da diskoan; ekoizpenaz arduratu da, eta harenak dira nahasketa eta masterra. Bestetik, musikari ere aritu da, pianoa eta hammond-a sartuz, besteak beste.
E.A.: Lehen aldia da ekoizle batekin egin duguna lan, eta nabari da. Behar genuen laguntza hori. Abestiek hartu behar zuten bidea aukeratzen lagundu digu, eta lanari kalitatea hobetu dio.
Gustura geratu zarete emaitzarekin?
A.S.: Oso. Eta espero dugu entzuten duenak ere gozatzea eman diogun mimo eta goxotasunaz; hau da, denbora eskaini eta behar den bezala entzutea.
Ze kontzertu dituzue lotuta?
E.A.: Azaroaren 15ean, Andoaingo gaztetxean joko dugu, Unidad Alavesarekin; eta hilaren 29an, kartzela zaharrean egongo gara, Amustei taldearekin. Etorriko dira gehiago; gogoz gaude. Jendeak diskoarekin goza dezala, harro gaude eta. Bestalde, lan honekin, gure leku kutunak bisitatzeaz gain, oraindik zapaldu ez ditugun oholtza batzuetara heldu nahiko genuke.
Ezer gaineratu nahiko zenukete?
A.S.: Biba Joakin Iturbe eta Debagoieneko bandoleroak!