Osasun sistema publikoaz hausnartzen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko aza. 7a, 12:27

Arriola, Ubera, Arregi eta Aristegi, martitzeneko hitzaldian. (Argazkia: I.U.).

Osasun sistema publikoaren eta Osakidetzaren egoeraren diagnostikoa eta puntu horretara iristeko arrazoiak azaldu zituzten martitzenean Larraitz Arriola familia-medikuak, Ander Arregi larrialdietako medikuak eta Rebeka Ubera EH bilduko parlamentariak.

Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen Duintasuna elkarteak antolatuta, Zer ari da gertatzen Osakidetzan? hitzaldia egin zuten martitzenean Larraitz Arriola familia-medikuak, Ander Arregi larrialdietako medikuak eta Rebeka Ubera EH Bilduko parlamentariak Seminarixoan.

Arriolak eredu olista garatu zuen. Azaldu zuen osasungintzaren eredu horrek pertsonaren gaixotasuna kontuan hartzeaz gain haren ingurua ere aztertzen duela: "Osasuna gaixotasuna baino askoz gehiago da. Solidaritatea da, erlazioak edukitzea, zoriontsu bizitzea... Kontuan hartu behar ditugu determinante sozialak".

Horiez gain, estrukturalak ere aintzat hartu behar direla zioen, eta botere ardatzek ere eragina izan dezaketela osasunean, eta horiek kontuan izanda egin behar dela politika: "Osasun sistema potentea eduki behar dugu, baina osasuna txertatu behar dugu politika guztietan gauza horiek guztiak aldatzeko". Datuak ere eman zituen: "Ikerketen arabera, osasun sistemaren kalitateak %10 eragiten du osasunean; baldintza sozioekonomikoek, %40; bizimoduak, %40; eta ingurumenak, %10". Hala, nabarmendu zuen beste ikerketa batek dioela hamabost urtean mediku talde bera izanez gero %25-30 jaisten dela hilkortasun-tasa. Era berean, osasun sistemaren irisgarritasuna gertu izanez gero, orokorrean, norbanakoaren osasuna hobetu egiten dela.

Kausa printzipalen hiru eremu

Arriolaren bide beretik jo zuen Uberak; esan zuen hemengo osasun sistema publikoa gaixotasunean oinarrituta dagoela, eta ez "osasunaren eraikuntzan". Hala, nabarmendu zituen pertsonal politikak, gobernantza eta publikoaren eta pribatuaren arteko harremana. Pertsonalari dagokionez, behin-behinekotasuna bultzatu dela zioen, eta horrek jarraikortasuna haustea, gainzama, profesionalizazio gabezia eta desmotibazioa ekarri dituela. Gobernantzari dagokionez, berriz, Osakidetza "oso erakunde itxia" dela esan zuen, eta legea bete arren ar duradunak nahierara aukeratzen zirela. Zera gehitu zuen: Eusko Jaurlaritzak apirilean argitaratutako txostenaren arabera, azken hamar urteetan pribatizazioa %50 areagotu dela.

100dik gora txanda bete gabe

Arregik salatu zuen ordezko prekario "asko" daudela, besteak beste, larrialdi zerbitzuetan, eta horietako askok ez dauzkatela "Osakidetzako akordio erregulatzaileak" markatzen dituen baldintzak. Gainera, lantaldean hutsuneak daudela azaldu zuen, eta baldintza txarretan lan eginez gero zerbitzua okertzen duela. ZIU Mugikorretan lantalde arazoa urte osoan badago ere, udan "sakondu" egiten dela dio. Emandako datuen arabera, udan ZIU Mugikorretan 100 txanda baino gehiago egon dira bete gabe; Debagoienean, ia 50.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak