Ordu gutxi geratzen dira zapatuan Soraluze eta Bergara batuko dituen lasterketan, Antxintxika krosean, izena emateko, egubakoitzean 15:00etan itxiko dituzte-eta izen-emateak (kirolprobak.com). Iaz, 410 lagun izan ziren, eta aurtengo ediziorako ere antzeko kopurua espero dute. "260 lagunek eman dute izena, eta badakigu jendeak azken unera arte itxoiten duela. Asteburua, zubia izanda, data aldetik arraro samarra da, baina eguraldiak ere lagunduko du; baikorrak gara", adierazi du Antxintxikako kide Eneritz Urrutiak. Hain zuzen, 16:30ean handbikekoak irtengo dira; 16:45ean, patinatzaileak; eta 17:00etan, korrikalariak.
600 metro inguru gehiago
Ibilbideari dagokionez, aldaketa txikiren bat izango da, lasterketa luzatu egin dute-eta apur bat. "Orain arte, krosa ez zen 10.000 metrora iristen, 600-700 metro inguru falta zitzaizkion hamar kilometroko lasterketa bat izan zedin, eta korrikalarien partetik jasotako eskaerei kasu eginda zirkuitua apur bat luzatzea erabaki dugu, jendeak distantzia hori bete nahi zuelako. Hala, Agorrosingo kiroldegi inguruan aldaketa bat egin dugu eta hor irabazi ditugu metro horiek, nahiz eta patinatzaileek ez dituzten metro horiek egin behar izango. Bestalde, Iralako helmugak, azken bi urteotan moduan, bere horretan jarraituko du. Pentsatzen dugu azken metro horiek ederrak direla, jende asko batzen da zuzen horretan eta plazan baino hobeto geratzen da helmuga han jartzea, eta ondoren asmoa da korrikalari guztiak Seminarioko patiorantz bideratzea; bertan egongo dira jatekoak eta edatekoak, eta sari banaketa ekitaldia ere han egingo dugu, gune hartan zentratuko dugu lasterketa osteko dena".
Askotariko korrikalariak
Zapatuko hitzorduak, berriro ere, puntako korrikalariak eta herri mailakoak batuko ditu. "Eta hori da antolatzaileon helburua, profil askotariko jendea batzea. Gainera, urtetik urtera korrikalariak geroago eta gehiago zaindu nahi horretan, aurten ere berrikuntzak izango dira, opari gehiago zozketatuko ditugu...".
Horrekin batera, aurrean lehia polita espero dute Antxintxikakoek. "Oraindik erabat baieztatu gabe dago lasterketan zeintzuk egongo diren, aurreikusten dugu Aitor Mimentza lasterkletan egongo dela, proba zortzi ediziotan irabazi duen David Gartzia badakigu etorriko dela... Ikusteko dago Unai Barrena lasterketan izango den... Ekain Larrea ere lasterketan izango da... Faboritoen multzoan haiek leudeke, eta euren ondoren datoz Andoni Gomez, Xabi Labaka eta halako korrikalariak; haiek 3.10era korrika egiteko kapaz dira, baina aurrekoak beste koska batean daude. Gainera, Labaka gure taldekide izandakoa da, eta ilusioa egiten digu Valentzian marka ona egin ostean etxeko lasterketan ikustea. Emakumezkoetan, berriz, Ainara Uribarrik eman du izena eta esango nuke, oraingoz, hura dela faboritoa. Mendi lasterkaria da Uribarri, baina txispa dauka eta sasoian dago. Eta beste mendi lasterkari bat ere aipatuko nuke aurrealdean ibil daitekeena, Garazi Abasolo. Eta eurekin batera lehenago ere podiumera igotakoa den Izaskun Aspiri ere lasterketan izango da".
Haiekin batera, lasterketa girotzen duten herri mailako lasterkariak daude. "Batzuek gure krosa Behobia-Donostiara begira test moduan erabiliko dute eta beste asko Mikel Cresporen eta Oliver Hernandezen omenez korrika egitera etorriko dira, haren senitarteko eta lagunak; haiek ere asko girotzen dute lasterketa". Hori bai, azken urteotan lasterketa girotzen ibili den beste talde zabal bat, aulki gurpildunetatik tira egiten ibiltzen zirenak, ez dira lasterketan egongo.
Autobusa denendako
Aurreko urteotan korrikalari bakoitzak erabakitzen zuen lasterketa aurretik Bergaratik Soraluzera joateko autobus zerbitzua nahi zuen edo ez, eta hori aparte ordaintzen zen. "Orain, korrikalari guztiek dute autobus zerbitzua; izen-ematearen barruan dago". Atletek lasterketako dortsalak egunean bertan jasoko dituzte, 11:30ak eta 16:00ak bitartean, Seminarioko patioan. Eta arropak gordetzeko zerbitzua ere bertan izango da".