Gizartea memoriaren lanketak duen garrantziaz geroz eta jakitunago den arren, oraindik ere, gaian azpimarra jartzea beharrezko izaten da. Gaitasun kognitiboen lanketan dihardu Emma Ocamicak (Eibar, 1972) Buruz gimnasio zerebralaren sortzaileak. Oroimena eta ahazteak hitzaldia eman zuen eguaztenean Bergarako Seminarixuan, San Joxepe erretiratuen elkarteak antolatuta.
Paradoxikoa izan daiteke, baina ahaztu egiten al da memoriaren garrantzia?
Bai, beno, memoriaren garrantzia baino gehiago memoria laguntzeko beharra ahazten da. Ez gara ohartzen, azken finean, memoria gure gaitasun bat dela, informazioa erregistratzeko gaitasuna, hau erretenitu eta gogoratzekoa. Memoriari esker dakigu nortzuk garen, non bizi garen, hizketaldi bat izan dezakegu, kozinatu dezakegu, orientatu gaitezke, jantzi gaitezke, etab. Luzaroan egon gintezke memoriari esker egiten ditugun jarduerak zerrendatzen. Beraz bai, esango nuke honek duen garrantziaren jakitun garela, baina ahaztu egiten zaigu batzuetan lagundu egin diezaiokegula, bereziki adin batetik aurrera. Garunean aldaketak izaten dira eta memoriak laguntza beharra izaten du. Hortik etortzen dira adineko pertsonen eguneroko ahanzturak.
"Garunean aldaketak izaten dira eta memoriak laguntza beharra izaten du. Hortik etortzen dira adineko pertsonen eguneroko ahanzturak"
Adineko pertsonen kontutzat hartzen da, baina, garrantzitsua da memoria gaztetatik trebatzea?
Bai, garrantzitsua da memoria eta gaitasun kognitibo guztiak gaztetatik trebatzea. Memoria gaitasun bat da, baina beste hainbat gaitasun daude, eta hauek estimulatzeak ere berebiziko garrantzia du, hauek estimulatu ezean eta gaitasun hauek landu ezean, galtzen joaten dira eta. Orduan, edozein adinetan irakurtzea edo ariketa jakin batzuk egitea oso garrantzitsua da. Zergatik? Azkenean, gure garuna plastikoa da hein batean, eta egunen batean kalteren bat jasaten badu bizitza osoan zehar garatu ditugun gaitasun horiek hartzen ditu kaltea osatu ahal izateko, beraz, gaitasun horiek geroz eta garatuago izan geroz eta hobeto.
Burua aktibo mantentzeak dementzia arriskua murrizten du?
Bai, beste hainbat gauzen artean. Garunaren gaitasunak estimulatzea dementziaren aurkako babes faktore bat da. Beste gauza batzuen aurkakoa ere bai, adibidez, hipertentsioa. Badakigu garuna estimulatzea garun-osasunarekin lotuta dauden kontu hauekin guztiekin oso harremanduta dagoela. Baina ez hori bakarrik, adibidez, ariketa fisikoa egitea ere harremanduta dago. Ikerketa askok frogatu dute ariketa fisikoak garrantzia handia duela. Imajinatu estimulazio honek hondatze kognitiboan eta dementzian duen garrantzia, eguneko zentro zein erresidentzietan ariketa kognitiboak egiten direla: hizkuntz ariketak, arreta ariketak, logika ariketak eta beste hainbat ariketa mota. Hauek hondatzea moteltzeko egiten dira, eta gaitasunak ahalik eta denbora luzeenean modu egoki baten mantentzeko.
"Garunaren gaitasunak estimulatzea dementziaren aurkako babes faktore bat da"
Zeintzuk dira memoriaren galeran eragiten duten faktoreak?
Hainbat gauza izan daitezke. Aspektu horretan, jakin beharreko zerbait da hainbat memoria mota ditugula, jendeak bakarra dela uste arren. Memoriaz orokorrean hitz egiteko joera dugu, baina praktikan kategoria ezberdinetan sailkatzen diren memoria mota ezberdinak daude. Memoria batzuk informazioa ikasten den denboraren baitan sailkatzen dira eta besteak edukiaren arabera, hau da, informazio motaren arabera. Horrez gain, memoriak hiru fase ezberdin ditu: Informazioa erregistratu, informazioa gorde eta informazioaz oroitu. Lehen fasean arreta eta pertzepzioak paper garrantzitsua jokatzen dute. Ez badugu ondo entzuten, ez badugu ondo ikusten, ezin dugu ondo hauteman. Azken finean, hautematen dugun guztia zentzumenen bidez egiten dugu. Adin batetik aurrera, oso garrantzitsua da audifonoak erabiltzea edo bista zaintzea. Ahanzturen zati bat horregatik izan daiteke. Ahanzturaren beste zati bat arreta arazoak izaten dira. Gure bizitzaren edozein unetan estimulu ugari izaten ditugu, baina arreta interesatzen zaigun estimuluan jartzen ikasi behar dugu. Arreta ere entrenatu egiten da, hau mantentzeko gai ez baldin bagara informazio asko galtzen dugulako. Arreta memoriaren atea da, arreta izateko gai ez bagara garunak ezingo du informazioa prozesatu. Posible da fase batetik bestera informazioa pasatzeko zailtasunak izatea ere. Pertsona batzuk gauzak espontaneoki gogoratzeko zailtasunak izaten dituzte. Pertsona horiek pista bat emateko beharra izaten dute. Kasu ezberdin hauetan garuneko kalterik dagoen ala zerbait organikoa den aztertu beharra izaten da.
Memoria galera bakoitzak entrenamendu propio bat izaten du?
Bai, batzuk modu ezberdin batean lantzen dira, baina, gero aldi berean konbinatu egiten ditugu. Memoria mota ezberdinek elkarrekin egiten dute lan, garunak orokorrean elkarrekin egiten du lan. Baina bai, ariketa bereiziak egin daitezke ahanztura bakoitzerako.
Zenbat eragiten du adinak ahanzturan?
Azken finean garunean aldaketak ematen dira, konexio neuronalak aldatu egiten dira. Ikastea gehiago kostatzen da, eta informazioa prozesatzeko zailtasunak ematen dira. Esaten dutenez, 35 urtetik aurrera garuna ahultzen edo hondatzen hasten da. Orduan, bai, egia da adinaren ondorioz eragiten duten zenbait kontu daudela, baina guztiok ezagutzen dugu memoria ona duen adineko pertsona bat. Esan daiteke, bost eskailera-maila dutela: Memoria oso ona duten pertsonak, memoria normal bat duten pertsonak, adinari lotutako eta patologia gabeko memoria galera bat duten pertsonak, hondatze kognitibo arin bat duten pertsonak eta dementziadun pertsonak. Memoria galerak dituzten pertsona guztiek ez dute dementzia garatzen, hori ere azpimarratu behar da.
"Memoria galerak dituzten pertsona guztiek ez dute dementzia garatzen, hori ere azpimarratu behar da"
Nola funtzionatzen du garunak?
Garunak neuronei esker funtzionatzen du. Neuronak komunikatzen joaten dira, eta neurona sareak osatzen dituzte. Orduan, neurona sare horiei esker egunerokotasunean erabiltzen ditugun gaitasun kognitibo guztiak erabili ditzakegu. Horietako bat memoria da, noski. Garai batean garunak neurona kantitate jakin bat zuela uste zen, eta denborarekin hauek hil egiten zirela. Hala ere, egun badakigu garunak neuroplastikotasunerako gaitasuna duela, hau da, garuna entrenatzen zoazen heinean, neurona sareak osatzen zabiltza. Garuna norberaren beharrei moldatzen joaten da. Hortik dator garuna estimulatzearen garrantzia, erreserba kognitibo on bat izateko. Hau izango da kalteren baten aurrean sortu daitezkeen hutsuneak betetzeko tresna.