Bergarako ehungintzaren industria: nostalgikoa eta berria, aldi berean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urr. 25a, 08:22

Joxe Mari Rubio eta Felipe Uriarte eguaztenean Aroztegi aretoan erakusketa prestatzen. (Argazkia: Jokin Bereziartua).

Oihalgintzaren industriak garrantzi handia izan du bergaran, eta Joxe Mari Rubiok eta Felipe Uriartek ehungintzaren prozesua jasotzen duten zazpi makina eraiki dituzte, "eskala txikian"; erakusketa gaur inauguratuko dute, Aroztegin, ZTB jardunaldien baitan.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak abian dira Bergaran eta horren baitan inauguratuko dute gaur, 12:00etan, Aroztegi aretoan Bergarako Joxe Mari Rubioren eta Felipe Uriarteren Ehungintza prozesua izeneko erakusketa; azaroaren 10era arte egongo da ikusgai. Ia bi mendez izan da Bergararen motor ekonomiko eta sozialetako bat ehungintzaren industria, eta Rubiok eta Uriartek oihalgintzaren prozesua ikusarazi nahi izan dute proiektu horren bidez. "Urte asko eskaini dizkio Bergarak ehungintzaren industriari, eta orain ez da geratzen hango makineriaren arrastorik. Museo batean kontserbatu zitekeen, baina desagertu egin da", dio Uriartek. Elkarlanean makinen bueltako hainbat proiektu egin dituzte bi bergararrek, "eskala txikian" –besteak beste, aerosorgailua eta lurrun-trena–.

Kotoitik oihalera

Joxe Mari Rubio: "Kotoitik hasita bukaerara arteko prozesu osoa kontatu dugu"

Herrian ehungintzaren inguruko makinarik ez dela geratzen azpimarratu du Rubiok, eta horregatik erabaki zutela proiektu horrekin hastea. Prozesuaren azken fasetik hasi ziren, ehungailutik, eta ondoren beste sei makina egin dituzte, kotoia hartzen den unetik oihala egiten den arteko prozesu osoa kontatzeko. "Ehungailua egin genuen lehendabizi. Geroago, batzar bat eduki genuen eta han Andoaingo edo Villabonako emakume batekin egin genuen topo. Bergarako ehungintza industriari buruzko informazioa nahi zuen, ikerketa bat egiteko. Hari entzunda, falta zitzaizkigun makinak egitera animatu ginen. Ehungailua prozesuaren bukaera da. Erakusketan kotoitik –zuntzak luzatzetik– hasi eta bukaerara arteko prozesua kontatu dugu", azaldu du Rubiok, tailerrean erakusketako makinei azken ukituak eman bitartean.

Jatorria gogora

Biek berretsi dute oihalgintzaren industriak Bergaran zenbaterainoko garrantzia izan duen, baina iruditzen zaie herriko gazteendako, esaterako, zerbait berria izan daitekeela. "Erakusketak balio dezala izan duguna eta desagertu dena baloratzeko. Herriko historia eta kultura da; batez ere, gazteriarendako", dio Uriartek. "Bergaran ez da jende asko egongo prozesua ezagutu duena. Ehungintza industria aspaldikoa da, eta baten batzuek ezagutuko dute, baina beste batzuendako nobedadea izango da; gazteendako. Behintzat, jakin dezatela nondik datorren oihala, Bergaran zer-nolako garrantzia izan duen eta zein zen prozesua", azaldu du Rubiok.

Makineria martxan

Ikasketei dagokienez, Uriartek telekomunikazio aldetik jo bazuen ere, Rubiok izan du ehungintzarekin lotura: "Nire ikasketak Elementalean izan ziren eta han ikasi nuen, handik dator guztia". Bertatik bertara ezagutzen du oihalgintzako prozesu osoa, baina dio ezberdina izan dela makinak egitea: "Nik badakit zein den prozesu osoa, baina beste gauza bat da makinak egitea plano barik eta zeure burutik aterata... Horrela hasi ginen makinak egiten, eta orain animatu dira gure makinak ateratzera. Laboratorium museoko zuzendari Rosa Errazkin oso pozik dago".

"Felipe Uriarte: "Erakusketak balio dezala Bergaran izan duguna baloratzeko"

Hala, inaugurazioan martxan jarriko dituzte egindako lanak, baina Uriartek gehitu du ezin dituztela denbora osoan, piztuta izan haria amaitzen delako eta bobinak martxan jartzea garestia izan daitekeelako.

Bi bergararrek egindako makineriaz gain, Algodonerako eta Elementaleko irudi eta laborategiko tresneriak, katalogoak eta zigiluak ere ikusgai egongo dira. Era berean, ikus-entzunezko bidez kontatuko da zer izan zen ehungintza, eta bi egileek ere azalduko dute nola egin duten erakusketako makineria, zer egiten duten eta nola egiten duten lan.

Erakusketa gaur inauguratuko dute, 12:00etan, eta ordutegi honen barruan bisitatu daiteke, azaroaren 10era arte: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30, eta domeketan, 12:00-14:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak