Gorka Torre: "Ez dugu elkarbizitza antolatzeko gaitasunik"

Gontzal Belategi Zubia 2024ko urr. 18a, 10:00

Gorka Torre euskaltzalea. Argazkia: Gorka Torre

Euskarak Ipar Euskal Herrian jasaten duen "zapalkuntza" salatzen du Gorka Roca Torre ekintzaile baionarrak eta kale erabilera datuen jaitsiera ondorio zuzena dela azpimarratzen du

Hilabeteko kartzela-zigorra eta 500 euroko isuna ezarri zioten Gorka Torre (Baiona, 1974) euskaltzaleari, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek euskararen zapalkuntza salatzeko egindako mobilizazio batean Baionako Suprefeturako horman Geldi euskara zapaltzea idazteagatik. Euskararen zapalkuntzari aurre egiteko borroka Ipar Euskal Herrian hitzaldia egin zuen atzo Bergarako Olaso Dorrean.

Zein da euskararen egoera Ipar Euskal Herrian?

Azken inkesta soziolinguistikoek uzten duten datu garrantzitsuena kale erabilpena jaisten ari dela da, horretan jarri behar dugu arreta. Azken urteetan egindako lan guztiari esker euskal hiztunak eta euskara dakiten haurren kopurua handitzen joan dira, baina arreta errealki kaleetan dagoen hizkuntzaren erabilpenean jarri behar dugu, hor dugulako datu kezkagarria, behera egiten doalako, baita euskaldunenak diren Ipar Euskal Herriko herrialdeetan; hau da, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Kale erabilpena jaitsi arren, jakintza igotzen ari da?

Ez dakit ehuneko zehatzak zeintzuk diren, ez ditut datuak buruan, baina esango nuke gaur egun eskolarizatuak diren geroz eta haur gehiago ari direla euskara ikasten, nahiz eta oraindik gutxiengoa izan. Hori datu garrantzitsu bat da, baina garrantzitsuena erabilpena neurtzea da. Baliteke hainbat haurrek, geroz eta kopuru handiagoak, euskara ikastea ikastetxean, baina gero praktika ez dugu kaleetan ikusten. Gauza bat jakitea da, eta bestea erabiltzea, eta guk, euskaltzaleok, euskara erabiltzea da nahi duguna. Une honetan hori ez da lortzen. Joan zen udaberrian euskaltzaindiak jardunaldi bat egin zuen Baionan, eta bertan Euskaltzaindiak berak argi esan zuen orain arte egindako lan guztia oso handia izan dela, ikaragarria, eta emaitzak harrigarriak direla, baina ez dela nahikoa, beraz, beste zerbait egin behar dugula.

"Gauza bat jakitea da, eta bestea erabiltzea, eta guk, euskaltzaleok, euskara erabiltzea da nahi duguna"

Zeintzuk izan daitezke kale erabileraren apaltze horren arrazoiak?

Hainbat faktore daudela esango nuke. Ulertu behar dugu egungo mundu honetan geroz eta jende gutxiagoren bizi ohiturak zein erreferentzia kulturalak direla euskaraz. Ondorioz, adibide bat jartzearren, ikasleek euskararen ikasketa eta euskararekiko duten harremana eskolarekin lotzen dute, eta euskara ez dute bereziki gustuko. Horren eraginez, ez dute euskararekiko horrelako harreman afektibo oso handirik, eta egunerokotasunean dituzten ohitura kulturalak ez dira nagusitasunez euskaldunak, beraz ingurune nahiko erdaldun batean izanda, erraz lerratzen dira erdararekin.

Zer egin daiteke hori aldatzeko?

Gogoratu behar dugu euskaldunok azken hamarkadetan inguruko bi estatuetako instituzio politiko guztietan esku hartu dugula, udaletatik senatuetaraino, baina funtsean ez dugula lortu euskararen egoera hobetzea. Hori argazki errealista bat da; beraz, ulertu behar dugu nola den hori posible. Bi estatuek konstituzioak dituzte eta horiek ezinezko egiten digute instituzioen bidez euskara garatzeko bide bat ezartzea. Konstituzio horiek euskararen erabilpena zabaltzeko oztopo legalak dira, eta argi izan behar dugu, nahiz eta gehiengo politikoak lortu, instituzio politiko horietan ez dugula lortuko euskara garapen bidean jartzea, Frantzia eta Espainia ez direlako egiazko demokraziak. Herritarrok ez dugu gure elkarbizitza antolatzeko gaitasunik. Elkarbizitza politika da, eta politika ez dago herritarren eskuetan, ez da herri botererik, ez da egiazko demokraziarik. Euskaldunok konstituzio horiek aldatzea zaila da, inposatutako konstituzioak direlako, armen bidez inposatuak, eta bidegabeak, euskarari oztopoak jartzen dizkioten instituzioak legeztatzen dituztelako. Beraz, lehen gauza egungo egoera nondik datorren jakitea da, eta, hori iraultzen ez dugun heinean, euskara ez dugu benetako garapen bidean jarriko.

"Konstituzio horiek euskararen erabilpena zabaltzeko oztopo legalak dira"

Instituzioak aipatu dituzu; Elkargoaren agerpenak ere ez du eraginik izan?

Elkargoaren agerpena orain azaldutako eskemaren barruan kokatzen da. Elkargoa Frantses Estatuko instituzio bat da, Ipar Euskal Herriari egokitutako instituzio bat. Instituzio horrek bere gainean Frantses Konstituzioa du. Honek ez digu aukerarik ematen instituzio horren bidez euskara garapen bide baten jartzeko. Hori adierazi behar da lehenengo, konstituzio hori gainean dugun bitartean bertako instituzioek botere gehiago izanda ere, ez dute bermatuko euskararen garapena. Ondorioz, zapalkuntza honi aurre egiteko behar dugun borroketako bat salatzailea da. Konstituzio linguizida bat dugula salatu beharra dago. Ez da hitz larri bat hori esatea, konstituzio horrekin hizkuntzak hiltzeko bidean daude eta. Estatuek konstituzio horien aldaketa zailtzeko dituzten mekanismoak ere salatu behar ditugu. Horen guztiaren ondorio da euskaldunok euskararen garapena bermatzeko euskal nazio independentea behar dugula. Egiazko estatu demokratiko bat behar dugu, erabakiak hartzeko eskubidea gure eskuetan izan.

Seaskak, euskara batzordeek eta bestelako eragileek ze paper jokatu behar dute borroka horretan?

Hori beste lan ardatz bat litzateke, ardatz askatzaile bat. Estatuari bitarteko gehiago eskatu behar dizkiogu guk eraikitako tresna horiek biziarazteko. Seaska, euskal hedabideak, AEK zein euskara garatzeko eraiki ditugun bestelako tresnak garatzeko baliabideak eskatu behar ditugu. Gizarte eragile ezberdinei lehentasunez euskaraz ibiltzea ere eskatu behar diegu. Badira oztopo legalak, baina posible da euskara gehiago erabiltzea, eta kasu askotan arazorik gabe erabili ahal dute euskara lehentasunez. Lehenik eta gehienik euskaraz aritzeari deitzen diogu ‘lehentasunez’. Kontuan izan behar dugu eskatze horretan jartzen dugun indarra ezin dela handiegia izan. Hainbat hamarkada daramatzagu eskean, eta horrek bere mugak ditu, estatuek ez dutelako euskararen etorkizuna bermatzerik nahi. Ipar Euskal Herrian hamarkadak daramatzagu estatuari euskararen aldeko legeak eskatzen, eta ez da ezer gertatu. Ahal bezain beste gauza eskatu behar ditugu gure egiturak biziarazteko, baina garbi izan behar dugu ildo horretatik ez dela bermatuko euskararen etorkizuna. Horretarako gure estatua eraiki behar dugu.

Baionako Suprefeturan egindako protesta. Argazkia: Gorka Torre

Batxilergoa euskaraz egin zuen lehen belaunaldikoa zara; nola ikusten duzu euskarazko hezkuntzaren garapena?

Hizkuntza hezkuntzaren barruan dago, baina beste hainbat esparru ere badaude hor, eta gogoeta bikoitza behar luke: euskarari dagokiona eta hezkuntza ereduari dagokiona. Azken honetan ez naiz luzatuko, beste gai bat da eta, baina uste dut ez dugula nahiko sakondu hezkuntza ereduan eta praktikan hutsune handiak ikusten ditut. Ez dut uste ikastolak asko bereizten direnik gainerako eskoletatik, eta hori sakondu beharreko gai bat da. Euskarari dagokionez, oker ez banabil, 1992an 11 ikaskide izan ginen batxilergoa lehenengoz Seaskako ikasle gisara pasatu genuenak. Pasatu dira 30 urte inguru eta gaur egun ikasleak garai hartako eskakizunen bueltan dabiltza, eta gu beraien ondoan gaude. Irailean izan nuen epaiketa ikasleek estatuarengatik pairatzen zuten zapalkuntza salatzeko ekintza baten eraginez izan zen. Baina hori da gure 30 urteetako euskaltzaleen ekintzen mugen agerian uzten duena. 30 urte daramagu batxilergoa euskaraz pasa nahi dugula eskatzen, baina noiz arte jarraituko dugu eskatzen? Eskatu behar dugu, bai, baina beste perspektiba batean, independentziaren perspektiban.

Belaunaldi gazteek nola jokatzen dute zapalkuntzen aurkako borroka horretan? Bada erreleborik?

Ez da erreleborik behar, belaunaldi guztien arteko elkarlan etengabea behar da. Belaunaldi zaharrenak ez dira egon behar borroka gazteenen gainean aurrera eramaten. 80 urtetik gorako euskaltzaleak ikusi izan ditut gazteen ondoan borrokan. Ikusten dudana da hainbat gazte euskaltzale eta ekintzaile daudela, euskararen alde borrokatu nahi dutenak. Euskal Herrian Euskaraz-eko taldean ikusten dugu hainbat gaztek interesa erakutsi dutela ildo desobedientean eta espero dut etorkizunean hori areagotzea. Zaila da munduari aurre egitea, baina plazerez ikus dezakegu herri honetan gazte ugari ekintzari eta hizkuntzari lotzen direla. Ez dugu itxaropenik galdu behar, gazteak behin eta berriro batuko direlako euskararen aldeko borrokara. 

"Ez da erreleborik behar, belaunaldi guztien arteko elkarlan etengabea behar da"

Atxiloketa eta epaiketa; nola bizi izan zenuen hura guztia?

Egia esan, gertatutako guztia, hein batean, aurreikusia zen. Badakigu zein den Estatuaren jokamoldea, eta badakigu Suprefetura bezalako eraikinak sakratuak direla harentzat. Baionako beste eraikin batean egingo bagenu ez luke ondorio bera izango. Zergatik ez dute hori gustuko? Agerian uzten dugulako zein den Estatuaren egiazko izaera. Ondoren etorri ziren atxiloketa eta auziek argi uzten dute zein den Estatuaren erantzuna, euskarari ematen dion erantzun bera; hau da, errepresioa. Euskarari ez diote ematen beharrezko duen garapenerako bidea. Apurrak ematen dizkigute, diru apur bat, batzuetan urte luzetako borrokaz lortu dena. Horrela antzezten du gure hizkuntzaren alde zerbait egiten dutela, arduratuta daudela, baina hori tranpa bat da, badakigulako horrela segitzen badugu euskararen erabilpenak apaltzen jarraituko duela. Aldiz, egoera hori salatzean agerian uzten dugu egungo egoeran euskarak ez duela etorkizunik, eta errepresioa dator. Garrantzitsua da ildo edo molde horretan borrokatzea, Estatuaren egiazko aurpegia orduan dugulako agerian. Akaso, kontzientziak piztuko ditugu eta jendea ohartuko da horrela jarraitzen badugu euskarak ez duela etorkizunik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak