Bergarako EAJk zergen igoera berraztertzeko proposamena egin dio udal gobernuari

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urr. 15a, 18:01

2025eko zergak urriaren 28an egingo den osoko bilkuran onartuko dira, eta Bergarako EAJk ohar batean bost proposamen egin dizkio udal gobernuari EH Bilduren "proposamenak landu ostean".

EH Bilduren udal gobernuak zergen gainean egindako proposamenak landu ditu Bergarako EAJk eta zergen igoera berraztertzeko bost proposamen egin dizkio. Batetik, jeltzaleek ez dute "ontzat" eman EH Bilduren %3,2ko igoera eta horregatik, 2023ko abuztutik 2024ko abuztura bitarteko Euskadiko KPIa aplikatzeko proposatu du; hau da, %2,6koa.

Bestalde, ondasun higiezinen gaineko zergetan honako puntua ezabatzeko eskatu dio: "Zergaren kuota osoaren %50eko hobaria, eguzki energia edo beste energia berriztagarri batzuen sistemak jartzen dituzten ondasun higiezinetarako. Betebeharrak eta baldintzak: 2005 baino lehen eraikitako etxebizitzak izan behar dira". Izan ere, jeltzaleek azaldu dutenez herrian badaude hobaririk gabe geratu diren etxebizitzak data horren ostean eraiki direlako. Jeltzaleen ustez, "era guztietako energia berriztagarrien instalazioak bultzatu behar dira".

Ondasun higiezinei lotuta, hutsik dauden etxeen errekargua %50ean mantentzeko eskatu dute, eta alokairuko merkatura ateratzen diren etxebizitza hutsei %50eko hobaria aplikatzea.

Halaber, trakzio mekanikoko ibilgailuen hobariak mantentzea eskatu dute: prezio muga 40.000-45.000 euro eta bost urtez.

Beste proposamen bat da ekonomia jardueren kasuan, kooperatibentzat eta hasiberrientzat %50eko hobaria aplikatzea. Etekin negatiboa dutenen kasuan, eragiketa bolumenaren arabera, hurrengo hobaria izango lukete: 3 milioi euro arte, %50a; 3 milioi eurotik 6ra, %30a; 6 milioi eurotik 10era, %15a, eta, 10 milioitik gorakoek ez lukete hobaririk izango.

Azkenik, EIOZ tasan turismo karga sistema elektrikoak ezartzeko egiten diren instalazioetan %95eko hobaria izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak