Irulegiko eskuko testua euskara zaharrean idatzita dagoela defendatu du Juan Martin Elexpuruk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urr. 14a, 16:59

Juan Martin Elexpuru hitzaldia ematen, Olaso dorrean, urriaren 10ean.

Olaso Dorreak urrirako antolatu duen hiru hitzaldiko zikloaren barruan, Juan Martin Elexpuruk Irulegiko eskua: segurantzak eta zalantzak izeneko saioa eskaini zuen urriaren 10ean. Irulegiko eskuko testua euskara zaharrean idatzita dagoela argi dauka idazle, itzultzaile eta filologo bergararrak.

Testuinguruan jarri zuen Juan Martin Elexpuruk Irulegiko eskuaren aurkikuntza eta haren nolakotasunak parekatu zituen Iruña Veleiako aurkikuntzarekin. Irulegiko kasuan trazabilitatea argazkitan jasoa izan da eta dena zuhurrago egin zen Iruña-Veleiakoak sortutako zalapartarengatik. Aurkikuntza kokatu zuen egindako sarreran eta eskuan idatzitakoaz jardun zuen hitzaldiaren parterik handienean.

Elexpuruk gogora ekarri zuenez, Irulegiko eskuan dauden letrekin egon dira bi irakurketa: bata, euskara zaharra dela. Eta bestea, ondoren etorri zena: esan zuten ez zela euskara ere. Aditu batzuen iritziz, pieza aurkeztu eta urtebete baino gehiago pasa denean hasierako hipotesiak zorroztu dituzte hainbat adituk, eta, hainbat hizkuntzalariren hitzetan, oraindik ere ezin da baieztatu testua euskaraz edo euskararen ahaide batean idatzita dagoenik.

Elexpuruk lehen irakurketa ematen du ontzat

Juan Martin Elexpuruk, aldiz, lehen irakurketa jotzen du ontzat eta hori azaldu zuen Olaso dorrean emandako hitzaldian. Elexpuruk erakutsi zituen adibideetan defendatu zuen Irulegiko eskuan jartzen duela SORIONEKU; ez SORIONEKE. Edota jartzen duela D/TENEKEBE; ez KUNEKER'E. Komentatu zituen beste hainbat interpretazio ere eta onartu zaila dela zehatz-mehatz jokatzea gai hauetan. Idatzita dagoenari buruzko era askotako interpretazioak erakutsi zituen, tartean: Hartsuaga, Lavin eta Bizkaiko hainbat filologorenak. 

Testua euskara zaharrean dagoela ez du zalantzan jarri Elexpuruk, eta eskuaren sinbolismoari dagokionez "babesa" irudikatzen duela azpimarratu zuen, hau da, funtzio apotropaikoa duela. Hor ez du zalantzarik. Garbi utzi zuen eskuaren berri eman eta gerora publikatutako EHUko irakasleen txostenek nahastea besterik ez dutela ekarri. Aipatu zuen bakoitzaren txostena irakurrita atera zituztela artikuluak argitara. Amaitu zuen esanez "Ez da harritzekoa, Iruña-Veleiako kasuan ere jokabide berdintsua izan baitute".

Federiko Krutwig-i aipamena

Hitzaldia amaitze aldera, Federiko Krutwig-en hitz batzuk ekarri zituen gogora Elexpuruk: "Filologian, beste edozein zientziatan bezala, baita abstraktuenak ere, ikertzaileari bultzada gisa balio izan dion oinarri ideologiko estra-zientifiko bat existitzen da beti... ...lege zientifiko objektiboei atxikitzen zaizkien ikertzaile gogoetatsuak ere, gustatu ala ez, oinarri estra-zientifikotik abiatzen dira beti". Eta hori onartzearen alde agertu zen, irakurketak oinarri horretatik analizatzeko.

Datozen bi hitzaldiak

Hitzaldi ziklo barruko bigarren saioa urriaren 17an izango da, 19:00etan. Gorka Torre arituko da hizlari eta honako hau izango da izenburua: Euskararen zapalkuntzari aurre egiteko borroka Ipar Euskal Herrian. Eta, zikloarekin amaitzeko, urriaren 24an (19:00) Idoia Etxeberriak Hitanoa berpizteko lanak izeneko hitzaldia eskainiko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak