Beñat Rezusta: "Ez nuen uste halako ibilbidea egingo nuenik"

Xabier Urtzelai 2024ko urr. 11a, 20:00

Beñat Rezusta, aste barruan Bergarako frontoian.

Bergarakoa Eskuz Binakako txapelketara begira dago jada, uda ona egin izanak ematen duen lasaitasunarekin; izan ere, hiru torneo irabazi ditu bi hilabetean. Aste barruan tartetxoa hartu du GOIENArekin berba egiteko. 

Goizean Bilbon entrenamendu saioa eginda azaldu da Beñat Rezusta (Bergara, 1993) hitzordura, baina oraindik aldean darama kirola egiteko motxila. "Gustatzen zait gero nire kontura korrika apur bat egin edo gimnasiora joatea, bigarren lan-saio bat egitea". Bergarako frontoian elkartu da GOIENA argazkiak egiteko, baina ez da aukeraketa onena izan, sabaia konpontzeko lanetan dihardutelako. "Aurreko koadroetan eta zazpiaren bueltan aspalditik daude itoginak", dio etxeko frontoia ondo ezagutzen duen bergararrak. Gainera, Bergarako frontoia atsegin ez dudala zabaldu izan da, baina hori ez da horrela. Gutxitan etortzen gara hona jokatzera, baina etortzen garenean gustura jokatzen dut bertan".

Beñat, aspaldi ez ginen zurekin patxadaz egoten; ez zara elkarrizketa-zalea...

Tira, badira halakoetan ni baino hobeto moldatzen direnak. Geure lanaren parte ere bada, eta, azkenean, ohitu egiten zara. Badira halako saltsetan gustura ibiltzen diren pilotariak, baina ez da nire kasua. Frontoian egiten dudan lanak arduratzen nau, horretan zentratzen naiz. Hortik apartekoak...

Ez dizut, bada, sare sozialen gainean galdetuko.

Ez; hor ere ez naiz ibiltzen. Halakoetan ere norberak egiten duen erabilpenean dago gakoa, baina ez dakit aspaldian badagoen modurik hor erabilpen egokirik egiteko. Baina tira, sakelakoaz ibiltzen naiz niri interesatzen zaizkidan gauzak ikusten, baina ez, ez dut sare sozialik.

Uda ederra egin duzu; Gasteizko Andre Maria Zurian eta Donostia Hirian txapeldun, baita sanmateotako ferian ere.

Bai, oso gustura ibili naiz, sentsazio onekin, konfiantzaz, inon minik hartu barik... Uste dut abuztuan hamaika partidu jokatu ditudala. Azken batean, halako torneoek ere badute garrantzia, bestela atzelariok binakako txapelketara egongo ginateke mugatuta, Lau eta Erdikoa eta Buruz Burukoa ez dira-eta horrenbeste guretako. Eta hori ere ez da kontua, bestelako helburu batzuk ere izan behar ditugu. Egia da udan jarraikortasuna izan dudala eta konfiantzarekin ibili naizela, eta beti ez da hala izaten. Azken baten pilotari bat ez da urte osoan %100era egoten. Eskuetako arazoak egoten dira... tako gehiegitxo jarri izanak ematen dituen zalantzak... Halakorik ez dut izan, eta gustura ibili naiz. 

Gainera, puntako kontrarioen aurrean gailendu zara torneo horietan.

Altunarekin irabazi nituen Gasteizkoa eta Donostiakoa eta Peio Etxeberriarekin sanmateotakoa. Oso bikote onak dira horiek, plazera da eurekin jokatzea. Eta bai, aurrean Zabaleta moduko pilotariak izan ditugu, erreferenteak direnak. Halako torneoek hori dute, formatu txikian puntako pilotariak batzen dituztela. Pozik geratu naiz, bai.

Gaur egun Altunarekin bikotea osatzeak zenbat du gozamenetik eta zenbat presiotik?

Jakinekoa da txapelketa guztietan finalaren bueltan ibiltzen den pilotaria dela, eta harekin bazaude badakizu aurrelariak neurria emango duela. Horrek eskatzen dizu zu ere maila horretan ibiltzea, badago presio apur bat. Baina haren ondoan jokatzea gozamena da; gainera, elkarrekin iritsi ginen profesionaletara eta asko jokatu dut harekin, eta asko entrenatu naiz haren ondoan. Oso ondo konpontzen gara elkarrekin; plazera da, bai.

Hamaika urte egin dituzu elitean. 2016an Berria-n egindako elkarrizketa batean zenioen bazenekiela lehenago edo geroago tailerrera lanera joan beharko zenuela. Zortzi urte geroago, berdin ikusten duzu etorkizuna?

Gogoan dut ze elkarrizketaz ari zaren bai [Barre]. Bada, pentsaeraz ez dut askorik aldatu. Egia da orduan ez nuela uste halako kirol ibilbide luzea egingo nuenik, baina pilotariok erretiroa hartzen dugunean lan egin behar izaten dugu, guk ez ditugu beste kirolari profesional batzuek izaten dituzten baldintzak. Ez dakit tailerrean lan egingo dudan; zorionez, erretiroa hartzen dudanean denbora tarte bat hartu ahal izango dut zer egin nahi dudan erabakitzeko, eta ondo prestatzeko. Berriro ikasketei helduko diedan... Batek daki. Orain momentuan ez da askorik arduratzen nauen zerbait, iritsiko da hori ere.

"UDAKO TORNEOEK BADUTE GARRANTZIA, ETA POZIK NAGO HILABETE HAUETAKO LANAREKIN"

Zergatik diozu ez zenuela uste pilotari moduan halako ibilbide luzea egingo zenuenik?

Nahiko pilotari atipikoa izan naizelako, ezker eskuarekin jokatzen dudalako, eta orduan jendeak komentatzen zuen atzelari batek ezin zuela ezkertiarra izan. Nik ere banituen nire zalantzak, ez daukat erreparorik hori onartzeko, azken batean esamesa horiek eragina dutelako kirolariarengan. Zorionez, urte hauetan egindako lanari esker erakutsi ahal izan dut baietz, posible dela.

Lehen aipatutakoaren harira, kazetariok txapelketetako finalen atarian izaten dugu joera zuengana jotzeko; bezperako egun horiek igartzen dituzu faltan?

Finalaren bezperako egunak ez, baina finalak bai [Barre].

Urte gutxian zenbait finaletan izan zinen jarraian; 2016koa etortzen zait gogora. Irujok atzamarrean min hartu zuen hura.

Tamalez, Irujok jokatu zuen azken partidua izan zen, atzamarreko lesioaren ondotik antzeman ziotelako bihotzeko gaitza.

Arrazoi duzu, ez nuen gogoan hura izan zenik Irujoren azken partidua.

Bada, bai. Final ona egiten ari ginen Juan eta biok [Urrutikoetxearen eta Olaizolaren kontra], baina, zoritxarrez, Juan lesionatu egin zen. Txapelak galtzea beti da mingarria, baina gero etorri zen guztiagatik-edo final hark ez zidan oroitzapen txarrik utzi.

"PILOTARI ATIPIKOA NAIZ, EZ DAGOELAKO ATZELARI EZKERTIARRIK, BAINA POSIBLE DA"

Ondo egonda ere, halakoetan ze garrantzitsua den zorte apur bat aldeko izatea...

Zalantza barik; maila honetan detaile txikiek zeresan handia dute, batzuetan dena izaten duzu aldeko eta beste batzuetan ez. Zaleren batek gogorarazten dizu aspaldian ez naizela txapelketa bateko finalera iritsi. Eta, hain justu, garbi daukat batzuetan detaile txikiengatik gertatu dela hori, eta lehenago erreskadan jokatutako final haietan ere detaile txikiek zeresan handia izan zutela, dena izan genuela aldeko. Irribarriarekin irabazi nuen binakakoan [2017], esaterako, gutxigatik ez ginen kanpoan geratu, eta gero txapela jantzi genuen. Orain ere, sanmateotako finalerdietarako sailkatzeko 22-21 irabazi genien Ezkurdiari eta Martijari, justu-justu, eta gero, begira...

Hastear dago Lau eta Erdikoa; ze zeregin duzu datozen asteotara begira?

Lau eta Erdikoan ez dut esku hartuko; horrenbestez, orain arte baino partidu gutxiago jokatuko ditut eta Binakakoa prestatuko dut. Egia da konturatu orduko Lau eta Erdikoa amaituta egongo dela, txapelketa azkarra da, eta segituan etorriko da Binakakoa. Eta hor zaila izaten da torneo osoan ondo egotea, gorabeherak izaten dira. Urtean zehar ez dugu gimnasio askorik egiteko tarterik izaten, eta orain aprobetxatzen dut lan hori egiteko, karga gehiago sartzeko.

Ander Murua izan da gurean albiste, profesionaletara salto egin ahal izan du Asperekin; ez dakit gomendioak emate zalea zaren...

Garbi daukat Anderrek aukera ondo aprobetxatuko duela, ez da iritsi berria. Badira oso goiz debutatzen duten pilotariak, akaso burua ere oso zentratuta izaten ez denean. Anderren kasua bestelakoa da. Batetik, amateur mailako torneoetan nabarmentzen ibili da azken urteotan, eta hori seinale garbia da. Bestetik, denbora asko darama aste barruan profesionalekin entrenatzen, gurekin entrenatzen, eta heldutasunarekin iritsi zaio horrenbeste amestutako aukera. Orain arte ondo ikusi dut. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak