'Hamelingo txirularia' musikala estreinatuko dute azaroaren 9an eta 10ean Seminarixoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 8a, 16:26

Bergara Antzerki Musikala elkarteak gaur goizean egin du aurkezpena Seminarixoan. Irudia: BAM.

Bergara Antzerki Musikala elkarteak ondu du, eta 2008an Iñigo Casalik eta Iñaki Elizaldek egindako El Flautista de Hamelin gaztelaniazko musikalaren euskarazko bertsioa da.

Hamelingo txirularia euskarazko musikala estreinatuko dute azaroaren 9an eta 10ean Bergarako Seminarixoan, lau saiotan banatuta, egun bakoitzean bina: 17:00etan eta 19:00etan. Urriaren 11n jarriko dituzte salgai estreinaldirako sarrerak Seminarixoko webgunean eta eguaztenetan, berriz, leihatilan, 18:00etatik 20:00etara.

Bergara Antzerki Musikala elkartea dago musikal honen atzean, eta Valen Moñux bergararrak egin du euskarazko egokitzapena –Miren Amasorrainek, Oihan Vegak eta Jone Larrañagak zuzenketak–; hain justu, Ander Arrutirekin batera, bera da zuzendari eszenikoa ere, eta laguntzaile lanetan arituko da Oihan Vega. Marije Ugaldek izango du abeslariak eta abesbatzak zuzentzeko ardura.

Parte-hartzaileei dagokienez, hamar musikariz osatutako zuzeneko orkestra izango da musikalaren osagaietako bat; horrez gain, 30 aktore eta abeslarik hartuko dute parte, eta 40 haurrez osatutako abesbatza bat ere izango da.

Hamahirugarren musikala

Elkartekideen hitzetan, "Bergarako herriak 35 urte daramatza formatu handiko musikalak" egiten, eta hamahirugarrena da hau. Miserableak izan zen taularatu zuten mota horretako lehen ikuskizuna 1991n, eta 2010ean, berriz, "historiako lehen euskal musika originala" aurkeztu zuten: Olentzero & Co!.

2015ean elkartea sortu zuten, eta, horrekin batera, Mozkorra parregarri lana: "Historiako euskal lehen opera berreskuratu genuen bere 250. urteurrenean. 2023an, berriz, geure iraganeko pasarterik bortitzenetako bat kontatu genuen, Euskal Herriko idazlerik ospetsuenaren eleberria taularatuz: Bretxa, 1813ko sutea musikala".

Euskarazko musikala, familia guztiarentzako

Grimm anaiek jasotako kondaira kontatzen du historiak. 1284ko ekainaren 26an Hamelingo herrian izandako ezbeharra kontatzen du. Arratoi izurrite bat agertu zen, eta honi irtenbidea emateko asmoz, inguruko txirulari ezezagun batek ordainsari baten truke arratoi guztiak akabatuko zituela zin egin zuen. Herritarrek proposamena onartu eta txirulariak bere txirularen soinuaz arratoiak Hamelingo herritik atera zituen. Arratoiak akabatu eta herritik atera ostean, herritarrek ez zuten beraien hitza bete eta ez zien agindutako ordainsaria eman txirulariari. Orduan, txirulariak, herritarrek beraien hitza betetzen ez zutela ikusirik, mendeku gisa herriko haurrak bere txirularen soinuaz erakarri eta herritik eraman zituen. Azkenean, txirulariak atsekabeturik eta herritarrengan eragindako minaz jabeturik haurrak herrira itzultzea erabakiko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak