Juantxo Madariaga: "Gerraren amaieran dago aldaketaren hasiera"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 9a, 15:17

Juantxo Madariaga historialaria. Irudia: Juantxo Madariaga.

Lehen Karlistaldia "une historiko berezia" izan zela dio Madariagak, "garai garrantzitsua" Euskal Herriarendako: orduan hasi ziren aldaketak, adibidez, euskararen arloan.

Lanbroa Kultur Elkarteak antolatuta, Lehen Karlistaldiaz jardungo dute urrian Irizar jauregian. Joseba Agirreazkuenaga historialariak Karlisten oldarraldiaren aurrekariak eta ondoko gerra (1821-1839) hitzaldia egin zuen hilaren 4an, 19:00etan; hilaren 11n, egubakoitzean, Juantxo Madariaga historialariak (Madril, 1949) Euskararen egoera Lehen Karlistaldian Bergara aldean hitzaldia egingo du, Bergarako euskararen historia soziala aztertu baitu 1600etik 1876ra. Urriaren 25ean, Bergarako besarkada eta beste bake saioak Lehen Karlistaldian hitzaldia egingo du Mikel Alberdik, Zumalakarregi Museoko arduradunak.

Nolako eragina izan zuen Euskal Herrian zein eskualdean Lehen Karlistaldiak?

Euskal Herriarentzako garai oso garrantzitsua izan zen, borroka dinastiko batez harago, Euskal Herriaren etorkizuna borrokatu eta eztabaidatu baitzen gerra hartan. Une historiko berezia zen, kritikoa eta oso aldakorra, gauza asko aldatu baitziren. XVI, XVII eta XVIII. mendeak nahiko egonkorrak izan ziren, hala nola populazioaren egiturari eta urbanismoari dagokionez, baina Lehen Karlistaldiaren garaian hankaz gora jarri zen dena.

Hankaz gora?

Bai. Lehen Karlistaldia une oso erabakigarria eta interesantea izan baitzen arlo guztietan, hala nola historikoan, politikoan, demografikoan, ekonomikoan... Industrializazioa ere orduko hartan hasi zen, gerra amaitutakoan, esate baterako, Bergaran, eta horrek eragina zuen migrazioetan, aldaketa linguistikoetan...

Aldaketa linguistikoa aipatuta, zein zen euskararen egoera ordura arte?

XVI. mendetik XIX. mendera nahiko egonkorra da. Jakinduriari dagokionez, ia-ia populazio osoa zen euskalduna, eta gogoan izan behar da elebakarren kopurua: gaur egun, lagun talde batean euskaraz hitz egiten egonez gero eta erdaldun elebakar bat gerturatuz gero, denok pasatzen gara gaztelerara, baina garai hartan ez zen horrela gertatzen: elebakar asko zeuden eta eurekin komunikatzeko derrigor egin behar zuten euskaraz. Profilari dagokionez, batik bat, emakumeak ziren elebakarrak, edota maila sozial apalenekoak; goi-klaseetakoak, aldiz, hala nola apaizak, abokatuak eta jauntxoak –alegia, gehienak gizonak– elebidunak ziren. Erdaldun elebakarrak, berriz, %5 baino gutxiago ziren.

Lehen Karlistaldiaren ondoren, ordea, bestelakoa zen egoera.

Bai, gerraren amaieran dago aldaketaren hasiera, 1840tik aurrera –1839an bukatu zen Euskal Herrian–. Halere, batik bat, Bigarren Karlistaldiaren garaian zehar aldatu ziren gauzak, abolizio foralekin, 1876tik aurrera: orduan beste itxura bat zuen munduak eta euskararen galerak handiak izan ziren.

Garrantzitsua al da horrelako hitzaldi zikloak antolatzea halako gaien zabalkunderako?

Karlismoak eragin handia izan du Euskal Herrian, eta egokitzat jotzen dut horrelako hitzaldi sorta bat antolatzea gertatutakoak ezagutarazteko. Jorratu beharrekoa da garai hori.

Atzera begiratu behar al da egungoaz jabetzeko?

Dudarik gabe. Nire aztergaiari begiratuz gero, euskararen egoera ezagutzeko atzera begiratu beharra dago. Euskararen egoera beti egon da lotuta arlo ekonomiko, politiko eta instituzionalari, eta hori zeharo ezberdina da XVIII. mendean, XIX. mendean eta gaur egun, egoera instituzionala era hala delako. Dena den, asko ikasten da historiari erreparatuz, atzera begira, gaur egungo egoera analizatzeko, zer gertatu den jakiteko eta ezagutzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak