Klaus Armbruster (Baskale elkartea): "Faxismo berria trajez eta gorbataz dator, eta arriskutsuagoa da ez baita hain erraz antzematen”

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ira. 24a, 08:42

Baskale elkarteko Klaus Armbruster Sare Antifaxistaren egoitzan. (Iturria: Sare Antifaxista)

Bernd Langer ekintzaile alemaniarraren azken liburua argitaratu du Sare Antifaxistak. Baskale elkarteko Klaus Armbrusterrek egin ditu gaztelerarako itzulpen lanak. Acción antifascista. Historia de un movimiento de izquierda radical bihar, eguaztena, aurkeztuko dute Bergarako kartzela zaharrean.

Zer da antifaxismoa? Nola definituko zenuke?

Antifaxismoaren kontzeptua 1930eko hamarkadan sortu zen Alemanian, eta horren historia ezagutzea zen asmoa liburu honekin. Faxismoari eta nazismoari buruzko literatura asko dago, baina antifaxismoari buruzko literatura gutxi dago. Bernd Langerren liburua dugu orain.

2020an, pandemia baino lehen, Euskal Herrian zehar bira txiki bat egitera gonbidatu genuen. Gero bere liburua itzultzea erabaki genuen.

Nor da Bernd Langer?

Bernd Langer ez da ez soziologoa, ez historialaria. Aktibista antifaxista da. 1980ko hamarkadan hasi zen militatzen. Ondorioz, bere liburua 80ko hamarkadaz geroztiko borroka antifaxistaren deskribapen zehatzaren eta ordutik hona gertatutako faxismoaren alderdi ezberdinen arteko nahasketa da. Hainbat oztopo gaindituz, lau urte behar izan ditugu liburua mahai gainean jarri ahal izateko.

Zer aurkituko du irakurleak liburuan?

Faxismoaren sorreraren historia aurkituko du, zehazki Italian eman zena; eta Ekintza Antifaxistaren historia Alemanian 1930eko hamarkadan. Liburua bi zatitan banatzen da, lehen zatia historikoa da eta faxismoaren sorreratik nazismoaren gorakadaraino garamatza, bigarren mundu gerran zehar gerraosteraino. Mugimendu faxista berrien ikuspegia eskaintzen du eta garai historiko bakoitzeko erresistentzia antifaxista ikus dezakegu.

Liburuaren bigarren zatia gaurkotuagoa da; azken gertakariei erreferentzia egiten die. Pandemiak faxismoan eta ultraeskuindarrean izan zuen eraginari, besteak beste. Edo Alemanian milioi eta erdi errefuxiatu hartu izanaz. Prozesu bakoitzaren xehetasun asko daude.

Alemaniako Mugimendu Antifaxistak eraginik izan al du beste herrialde batzuetan eta, zehazki, Euskal Herrian?

Bi banderen sinboloa kenduta, ez dago eragin zuzenik. Agian, orain aurkezten ari garen liburua. Alderantziz, alemaniar faxismoak eragin handia izan du espainiar faxismoan. Kondor Legioa gabe, 1936ko gerrak beste garapen bat izango zuen. Naziek eragin erabakigarria izan zuten Euskal Herriaren patuan, ez bakarrik Gernikan. Herrialde bakoitzak bere historia du, faxismoarekin izandako esperientzia eta aurre egiteko edo ez egiteko modua.

Faxismoaren gorakadaren aurrean, zein da mugimendu antifaxistaren egungo egoera?

Erantzuna ez da erraza; izan ere, oso subjektiboa izan daiteke. Jende guztiak ez du faxismoaren gorakada sumatzen. Garrantzitsua da gaur egun faxismoak beste forma eta itxura batzuk dituela onartzea. Ez da ageri uniforme urdin edo marroiarekin bakarrik, pauso arinean eta führerraren agurra egiten. Faxismo berria trajez eta gorbataz dator, eta arriskutsuagoa da, ez baita hain erraz antzematen. Gainera, adierazpenen nahasketa bat dago: populismoaz, eskuin muturraz, eskuin erradikala... hitz egiten digute, baina gutxitan erabiltzen da faxismo hitza.

Diskurtso faxista antzematen ikasi behar dugu, nahiz eta demokristauengandik eta sozialdemokratengandik etorri. Arrazakeria eta xenofobia ez daude faxisten ahotan bakarrik, demokratatzat jotzen dituzten askoren hitzetan ere badaude. 'Demokraten' diskurtso horiek bidea errazten diote faxismo ireki eta zuzenari. Batzuetan, Europako 'demokraziaren defendatzaileen' diskurtsoak ez dira bereizten faxisten diskurtsoetatik. PP-ren eta Vox-en artean, edo Macron-en eta Le Pen-en artean, adibidez. Politikari guztiak ez dira faxistak, baina faxistak espainiar estatuan ez dira Vox-ekoak bakarrik.

Baskale elkarteaz ere ari garela, zein da horren helburua eta zein jarduera egiten ditu?

Baskale Elkarte Sozio Kultural Euskal-Alemaniarra da taldearen izen osoa. Euskaldun talde bat gara, Afrikako eta Europako hainbat herrialdetako migratzaileok eta Bizkaian bizi garen alemaniarrok osatzen dugu. Gai hauek lantzen ditugu: memoria historikoa naziek Espainiako Gerran izan zuten papera azpimarratuz, Kondor Legioak tartean. Bestalde, migrazioa eta euskara jorratzen ditugu; eta Bilbon jasaten ari garen turismo masiboaren kritika egiten dugu.

Webgune bat dugu, Baskultur.info, alemanez, gai ugariren berri emateko: kirola, historia, literatura, gastronomia... betiere Euskal Herria atzean dugula. Gaietako bat antifaxismoa da. Hainbat gizarte-mugimendutan parte hartzen dugu: internazionalistak, antifaxistak eta auzokideenak.

  • Biharko aurkezpena 19:00etan hasiko da eta entzungai izango da Txapa irratian (97.20 FM).
  • Acción antifascista. Historia de un movimiento de izquierda radical liburua 20 eurotan dago salgai (gehi bidalketa gastuak). Eskaerak: antifaxista.ekintza@gmail.com.

Elkarrizketatzailea: Kepa Ugarte Martiarena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak