Bilbokoa 2024an indarkeria matxistak utzitako laugarren hilketa dela salatu dute Bergarako elkarretaratzean, Nahikua da! Matxismoak hiltzen gaitu! Baliabide feminista gehiago noizko? lemapean.
Maite Aristegik hartu du berba, deitzaileen izenean: "Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duten egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela. Eta indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak mila aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu, egunerokotasunean", nabarmendu du.
Horren aurrean, instituzioen erantzunik ez dagoela ere azpimarratu dute. "Neurriak ipini eta benetako arazo izugarri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, emakumeon aurkako erasoak gorantz doaz urtez urte, zoritxarrez".
Indarkeria matxistari aurre egiteko, "lehen mailako arazo sozial eta politikotzat" hartua izan dadin eskatu dute. "Gaur egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi den jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingo har daitezela exijitzen dugu, gure bizitzak daude jokoan-eta".
Osasun mentala ere, lehen lerrora
Horrekin batera, osasun mentala lehen lerroan jartzeko eskaera ere egin dute. "Jakin dugu, kasu honetan, osasun mental arazo bat zuela hiltzaileak eta hori ere nabarmendu gura dugu. Osasun mentala lehen mailan jarri behar da eta beharrezko erreminta guztiak jarri behar dira horri aurre egiteko".
Azkenik, autodefentsa feministarako dei egin dute. "Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak. Beraz, elkarrekin borrokan jarraituko dugu, guztiok aske izan arte".