Juanjo Altuna: "Lehiaketetan norberaren maila zein den ikusten da"

Xabier Urtzelai 2024ko ira. 14a, 09:00

Makina bat pintura lehiaketatan parte hartutakoa, Juanjo Altunak (Arrasate, 1943) 2009an Tuterako lehiaketa nazionala irabazi zuen; Bada, Simon Arrieta lehiaketan epaimahaikide izango da, eta halako txapelketek egiten duten ekarpenaz egin du berba GOIENArekin.

Gutxi egongo dira pintura lehiaketetan Juanjo Altunak (Arrasate, 1943) besteko esperientzia batu dutenak. 500 bat lehiaketatan egondakoa da, eta askotan jaso du sari nagusia. Duela 56 urte joan zen Bergarara bizi izatera, eta bertako margolari "anbientera" bikain egokitu zen. Etxeko lehiaketan epaimahaikide izango da.

Zer dute halako pintura lehiaketek?

Niri asko gustatu izan zaizkit, balio izaten dute norbera margolari moduan non dagoen ikusteko, azken batean txapelketa bat delako eta lehiakideak dituzulako.

Zer margotu erabakitzeko, garrantzitsua izaten da herria ezagutzea?

Ez da beharrezkoa. Lehiaketaren aurretik, goizeko lehen orduan osteratxoa ematen dugu, zer margotuko dugun erabakitzeko, eta momentuko sentipen eta sentsazioen arabera egiten dugu aukeraketa. Goiz bateko lana izaten da.

Bergarako kaleek ematen dute jokoa horretarako?

Zalantza barik. Baina edozein herri izan daiteke egokia. Herriaren edertasunean baino gehiago, norberaren gaitasunean dago kontua.

Eguraldi onarekin ala txarrarekin margotzea nahiago?

Ez dit ardura. Eguraldi onarekin itzalek protagonismo handia har dezakete. Baina Donostia moduko hiri bat egun goibel batean... margotzeko aparta da. Gero, bakoitzak bere estiloa txertatuko du margolanean.

Iaz bezala, aurten ere gune mugatua izango dute margolariek.

Bai; herritarrendako lehiaketa ikusteko politagoa da, margolari bakoitza zertan dabilen ikusi ahal izango dute tarte mugatu batean.

Juanjo Altunak Burgosko lehiaketan egindako margolana.

Mila euroko saria pintura onenarendako

Beart elkarteak antolatzen duen Simon Arrieta pintura lehiaketaren 49. edizioa egingo dute aurten, eta badira nobedadeak. Lehen saria inoizko potoloena izango da, 1.000 eurokoa, eta aurkezten diren lanak udaletxean erakutsi beharrean Aroztegin erakutsiko dituzte astebetez. Gainera, margotzeko eremua ere mugatu egingo dute aurten, ikuskizunaren izenean. "Bergarako planoa hartu eta muga batzuk jarriko ditugu, margolariak muga horien barruan ibil daitezen. Horrela, ikuskizun bihurtzen da lehiaketa bera, eta gogoan dugu iaz arrakasta handia izan zuela", adierazi du Xabier Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak