Hitzordu klasikoek ere ez dute hutsik egingo

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ira. 13a, 14:00

Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo izan ziren iaz txapeldunak. Irudia: Goiena.

Moises Azpiazuren omenezko bikote nagusien 39. dantza txapelketa zapatuan izango da, 19:30ean, San Martin plazan; euria bada, Seminarixoan. Bederatzi bikote egongo dira oholtza gainean; tartean, Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga bergararrak.

Sanmartinetako klasiko bat izaten da bikote nagusien dantza txapelketa. Aurten 39 edizioa jokatuko da, bihar, 19:30ean, San Martin plazan; euria bada, Seminarixoan egingo dute. Bederatzi bikote igoko dira oholtza gainera: zazpi Azpeitikoak izango dira, bat Zestoakoa eta bestea, Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga bergararrek osatuko dutena. Urteak daramatzate elkarrekin dantzan eta herriko txapelketa ondo baino hobeto ezagutzen dute; iaz, esaterako, txapeldun izan ziren. Hori errepikatzeko egin beharko dituzten lanak hiru izango dira: aurkezpenean bikote bakoitzak bi pauso egin beharko ditu, bikotearen harremana erakusteko eta publikoarekin duen hartu-emana ikusteko, eta horiek puntuatu egingo dira; ondoren, bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina egin beharko ditu.

Denboraldi ezberdina

Biharko txapelketara begira "gogotsu" dira Julen Murgiondo eta Saio Galarraga, baina jakitun dira denboraldi gorabeheratsu baten ostean iritsi direla biharkora. "Denboraldia berandu hasi genuen. Saioak lesio bat izan zuen eta horrek atzeratu egin zigun txapelketetan hastea. Ondoren, poliki-poliki joan gara erritmoa hartzen, eta hirugarren eta laugarren postu batzuk eskuratu ditugu", adierazi du Murgiondok. Denboraldi ezberdina izan du bikote bergararrak, baina prest dira biharko. "Berandu hasi ginenez, fisikoa lantzen aritu gara, batez ere. Azken egunetan xehetasunak lehuntzen eta errepasatzen aritu gara, dena ondo irten dadin", aitortu du Murgiondok.

Herritarren aurrean eroso

Norberaren herrian lehiatzeak presioa areagotzen duela pentsa lezake norbaitek, baina Galarragaren eta Murgiodoren kasuan presioa ilusio bihurtzen da. "Inguruko txapelketetara jendea joaten da ikustera, baina, Bergaran izanda, familiakoak eta lagun eta ezagun ugari etortzen dira eta pozgarria izaten da euren aurrean dantza egitea. Presioa baino gehiago, ilusioa gailentzen da gure kasuan", dio Murgiondok.

Ilusio horrekin taularatuko dira iazkoa errepikatzen saiatzera, baina dantzari bergararrak dio ez dutela helburu gisa txapela lortzea jartzen: "Gu gure lana ahalik eta ondoen egitera irteten gara. Gero, sariak iristen badira ondo, baina egindako lanarekin gustura gelditzea da gure sari nagusia". Gustura aritzen dira herritarren aurrean lanean; hala, jendeari joateko dei egin dio Murgiondok. "Giro ikaragarria egoten da eta eguraldi onarekin kanpoan egiten bada askoz politagoa izaten da, pasadan doan jendea ere begira gelditzen baita. Hortaz, etorri daitezela ikustera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak