Inoiz baino danborrada jendetsuagoa izango da aurtengoa. Izan ere, danborra edota barrila jotzen aterako dira, 32 taldetan banatuta, guztira 772 pertsona. Baina haiei gehitu behar zaizkie sukaldariak, Bergarako Musika Banda eta japoniarren errepresentazioan parte hartuko duten herritarrak; horrenbestez, ia 900 lagun parte-hartzaile espero dituzte aurten.
Etzi izango da, domeka, 22:30ean, eta Bergarako Udaleko Parte-hartze teknikari Nagore Narbaizak nabarmendu du herritarren parte-hartze gorakada "handia" izaten ari dela eta izaera bera ere aldatzen doala. Izan ere, orain artean elkarte gastronomikoak izan dira parte-hartzaile nagusiak, baina hori aldatuz doa. Aurten, esaterako, ez dira aterako orain artean parte hartu izan duten Artatse eta San Joxepe elkarteetakoak. Hauxe azaldu du Narbaizak: "Gaur egun gazte kuadrillak dira, nagusiki, danborradan ateratzen direnak. Eurendako parranda bat da, danborra jotzen, baina parranda bat, eta izaera bera ere aldatzen ari dela esango nuke; oso alaia eta danborrada gaztea da gurea. Lagun talde bat elkartzen da, izendatzen dute zuzendari bat urte batean ateratzeko eta hurrengo urtean, agian, beste gazte talde bat elkartzen da, beste izen bat jartzen diote, eta, ondorioz, oso bizia da. Talde batzuk badaude azken urteetan sortzen joan direnak, baina badaude beste batzuk ere proba egiteko sortzen direnak, lagun artean".
Irekia, parekidea eta inklusiboa
Hiru ezaugarri azpimarratu ditu Narbaizak danborrada deskribatzeko: batetik, "irekia" dela adierazi du, nahi duenak parte hartzeko aukera daukalako; eta "parekidea" ere bada, neska zein mutil direlako parte-hartzaileak, eta talde mistoetan ateratzen dira; eta "inklusiboa" ere bai, eta Atzegirekin duten hartu-emana nabarmendu du: "Atzegirekin harremana daukagu eta gure Bergarako pisuetan bizi direnak txertatzen ditugu danborradako hainbat taldetan".
Musika Banda zuzenean
Aurtengo nobedadea da Bergarako Musika Bandak zuzenean joko duela danborradan: "Azken urteetan danborrada oso handia izan da, eta, azkenean, erabaki zen sonorizazio finkoa jartzea, herri osoan bozgorailuak jarrita. Baina egia da herrian faltan sumatzen zela Bandaren presentzia kalejiran eta eurek zuzenean jotzea, eta aurten zuzenean arituko dira", esan du Narbaizak. Banda bost talderekin batera aterako da danborradaren hasieran: bi barril-jole talde, bi danbor-jole talde eta japoniarrak aterako dira, zehazki, Bandarekin, eta horren ostean joango dira gainontzeko taldeak. Beraz, aurten, alde batetik, herritarrek entzun eta ikusi ahal izango dute Banda zuzenean jotzen, baina, danborrada oso jendetsua izango denez, megafonia finkoa ere jarriko dute, atzerago etorriko diren taldeendako.
Lau martxako errepertorioa
Bergarak martxa pila bat dauzka, eta, alde horretatik, daukaten "aberastasun handia" azpimarratu du Narbaizak. Baina urtero lau aukeratzen dira urte horretako danborradan jotzeko. Horietatik bat urtero errepikatzen den San Martin martxa da, eta aurten, horrez gain, beste hiru hauek joko dituzte: Danbor txikiak, Artatse eta Pol-Pol. Narbaizak, hortaz, entseguetara joateko garrantzia azpimarratu du, urtero kantuak txandakatuz joaten direlako.
Guztia prest
Partaide kopurua ikusita, ez da nahikoa herrian dituzten danborrekin eta barrilekin, eta kanpotik ekarri beharra izango dute: "Lehen, beste udal batzuetatik lortzen genituen, eta aurten ere utziko dizkigute danborrak eta barrilak Arrasatekoek, Eskoriatzakoek eta Oñatikoek. Baina horrenbeste parte-hartzaile izanda, alokatu ere egingo ditugu, guztiendako egon daitezen", esan du Narbaizak. Urtero bezala, San Martinen heriotzaren errepresentazioa ere egingo dute.
Jantziei dagokienez, talde bakoitzak dauka horren ardura, eta talde bakoitzaren hasieran bandera eraman edo ez ere talde bakoitzaren erabakia da.
"Danborrada, guretzako, herrian daukagun altxor bat da, herritarrek balio handia ematen dioten jaieguna delako, eta, horrenbestez, zaindu beharrekoa da; horretan saiatzen gara urtetik urtera, danborrada zaintzen eta mimoz antolatzen", adierazi du Narbaizak.
Haurren danborrada ere bai
Aurten ere 300 haur eta gaztetxo inguru irtengo dira, bestetik, astelehenean 18:30ean egingo duten haurren danborradan. Bi martxa joko dituzte: urteroko San Martin martxa eta nobedadea izango da aurten estreinakoz joko dutela umeek Danbor txikiak martxa. Azken hori, gainera, "oso berezia" dela aitortu du Narbaizak: "Pello Garitano hil zenean, haren omenez Musika Bandako zuzendari Enrike Txurrukak sortu zuen Danbor txikiak martxa. Oso dibertigarria da, umeek ikasteko erraza, eta, Garitano zenez umeen danborradaren arima, haren omenez egindakoa da". Urtero bezala, musika eskolaren Gazte Bandaren laguntzarekin aterako dira.
Gainera, herriko hiru ikastetxetako umeen danborradako rolak urtez urte txandakatzen joaten dira, eta aurten honelaxe irtengo dira: Mariaren Lagundikoak japoniar danbor-joleak izango dira, Aranzadi Ikastolakoak japoniar gudariak izango dira eta San Martin Herri Eskolakoak barrika-joleak eta japoniar herritarrak; horiek joango dira baita ere karroza gainean aurten.
Haurren danborrada bukatutakoan, txokolate-jana izango da parte-hartzaileendako; aurten, San Martin Herri Eskolako guraso elkartearen eskutik –hori ere txandakatzen joaten dira–.