Bi hamarkada eta gero, Bergarak senior mailako emakumezkoak izango ditu

Xabier Urtzelai 2024ko abu. 27a, 09:58

Irudian Bergarak izan duen senior mailako azken taldea, 2003-2004 denboraldian.

BKEko eskubaloi saileko lagunak hasi dira 2024-2025 denboraldia prestatzen. Labegaraietako kiroldegiko ateak irekitzearekin batera hasi zituzten, atzo, astelehena, aurredenboraldiko entrenameduak. Bederatzi talde izango dituzte aurten, inoiz baino gehiago. Eta, berritasuna da senior mailan ordezkariak izango dituztela emakumezkoen kategorian.

Emakumezkoetan 5 talde izango dituzte mahoneroek. Eta nobedadea da 21 urte eta gero berriz ere senior mailako taldea izango dutela. Hala, azken urteetan harrobiko taldetan izandako nesken gorakadaren ondorioz klubak aspalditik markatua zuen helburua bete da, alegia, Bergarako neskek senior mailan ere eskubaloian jokatzeko aukera izatea. "Hamar jokalariz osatutako taldea izango da eta helburu bakarra dugu, senior nesken taldearen iraunkortasuna bermatzea, jokalari zein entrenatzaile/laguntzaileentzat espazio eroso bat sortuz eta taldea senior mailako dinamikara egokituz, guztiek baitute esperientzia falta maila honetan", adierazi dute klubetik.
Bestalde, harrobian beste lau emakumezko talde izango dira: gazte mailako bat, bi kadete eta infantil bat. Gazte mailako taldeak aurreko urteko emaitza onei segida emanez, aurreko urtekoa hobetu eta aurten euskal ligako azken fasera sailkatzeko helburua dute.
 

Gizonezkoetan lau talde

Gizonezkoetan aldiz 4 talde izango dituzte. Lehen lurraldeko senior taldeak azken urteetako hobekuntzari jarraipena emanda euskal ligarako igoera fasera sailkatzea dute helburu, horretarako irailaren 28an hasiko duten ligan lehen hiru postuetan amaitu beharko dute. Aurreko urtean azken 10 urteetako puntu sorta altuena lortu zuten eta postu hoietatik soilik bi puntutara geratu ziren. Aurreko urteko talde berberarekin –baja bakarra izango du taldeak– emaitza hori hobetzea erronka eskuragarria dirudi. Bestalde, beste hiru gizonezko talde izango dituzte: bigarren senior talde bat, jubenil bat eta infantil bat.
 
Lehen aste hauetarako bi erronka nagusi ditu klubak. Lehena, inoizko talde kopuru altuena dela eta, hasierako aste hauetan entrenatzaile eta laguntzaile bila ari dira taldeen beharrei kalitatez erantzuteko. Bigarrena, infantil eta kadete mailako neska-mutilen taldeak jokalari gehiagoz osatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak