Bergaran euskararen ezagutza eta erabilera sendotzea, herritarrak eta herriko eragileak saretu, ahaldundu eta aktibatuta, azken finean, herriko ohiko hizkuntza euskara izan dadin. Horixe da 2024tik 2027ra arteko Bergarako Udalaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusia. Joan den asteleheneko osoko bilkuran landu zen gaietako bat izan zen, EH Bilduren eta EAJren artean aho batez onartu zena –PSE-EEko Alberto Alonso ez zen bilkuran egon–.
"Urrats sendoak" egin behar
Jaurlaritzak 2024aren hasieran onartu zuen Aroa izeneko "marko estrategikoa" oinarri hartuta osatu du Bergarako Udalak datozen lau urteetarako plana, herritarren, herriko eragileen eta Udaleko teknikarien eta politikarien parte hartzearekin. Euskararen etorkizuna "bidegurutze batean" dagoen honetan, EH Bilduren Udal Gobernuak agintaldirako finkatutako lan-ildo nagusietako bat da hizkuntza normalizazioan "urrats sendoak" ematea. "Euskararen erabilerak eta ezagutzak gora egitea da gobernu honen helburu nagusietako bat, eta, horretarako, lan-ildo guztietan egin behar dugu lan. Horrelako plan estrategikoek ikuspegi globalago eta zehatzagoa eskaintzen digute helburu horretan aurrera egiteko", adierazi du Euskara zinegotzi Eider Usobiagak.
Bost ardatzen bueltan
Euskara Plana diseinatzeko, hasteko eta behin, galdetegi bat egin zuten, eta haren bidez 200dik gora herritarrek egin zituzten euren ekarpenak. Horretaz aparte, hainbat arlotako herritarrek eta entitateetako ordezkariek ere euren ekarpenak egin dituzte parte-hartze saioen bitartez. Udalak guztien ahalegina eskertu nahi du, eta aurrera begira ere euskara lantzen, erabiltzen eta sustatzen jarraitzera animatu nahi ditu. Izan ere, horixe ere bada datozen lau urteetarako jarritako helburuetako bat: herriko eragileak eta euskaltzaleak saretu, ahaldundu eta aktibatzea. Bost ardatz zehaztu dituzte: gobernantza; jarrerak eta motibazioa; ezagutza eta gaitasuna; erabilera eta elkarreragina; eta ikerketa. Gizartearen arlo gehienetan lantzeko egitasmoak azaltzen dira: familietan euskararen transmisioa indartzekoak, eskolaz kanpoko mundua euskararen arnasgune izatea helburu dutenak, migratzaileei euskara ikastea erraztekoak, lan-munduan euskara sustatzekoak, mundu digitalean euskarazko edukiak gehitu eta euskarazko kontsumoa handitzekoak...