"Futbolean kalean jokatu izan dugu umetatik eta horretarako leku kutunetako bat beti izan da Seminarioko patioa. Horrez gain, txapelketa lehenengoz antolatu zutenek beti esan izan digute uztailean nabaritzen zuten hutsune bat betetzeko asmoz antolatu zutela, eta horregatik pentsatu zuten uztaileko egun bat kaleko futbolari eskaintzea. Egia esan, eskerrak eman behar dizkiegu bidea ireki zutenei, gaur egun oraindik ilusio handiz antolatzen dugun txapelketa bat da eta". 2014an sortutako Semicup-eko antolakuntza taldeko Andoni Bretañaren hitzak dira, txapelketaren sorreraz berbetan. Bretañak gaineratu duenez, garai batean Labegaraietan jokatzen zen txapelketara jokalari berriak erakartzeko antolatu zuen lehen aldiz Semicup, eta ordutik urtero antolatu izan da, pandemiak eragindako etenaldia izan ezik; Labegaraietako txapelketa duela hamar urte desagertu zen.
2025ekoa, hamargarrena
Semicup txapelketak ere ez ditu bere garai onenak bizi parte hartzeari dagokionez, Bretañaren arabera: "Aurten hamaika taldek eman dute izena, apur bat behera egin du izen-emateak. Nesken talderen bat sortzeko itxaropena ere bagenuen, baina ez da posible izan. Hamaika talde horiekin moldatu beharko dugu, eta ea datorren urtean jokalari gehiago animatzen diren. Aurtengoa bederatzigarren edizioa da eta badugu buruan hamargarren ediziora begira zerbait berezia egiteko".
08:00etan hasiko da txapelketa eta antolatzaileen aurreikuspena da finala 19:15ean jokatzea. Talde irabazleak, munduko koparen itxura izan ohi duen garaikur preziatuaz gain, Etxagi tabernan afari bat irabaziko du. Antolatzaileek dei egin diete herritarrei egunean zehar Seminarioko patiora joan eta txapelketaren bueltan sortuko den giroaz gozatzeko.