Bergarako EH Bildu "pozik" dago agintaldiko lehen urtearekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko uzt. 4a, 17:15

EH Bilduk kudeatzen duen Udal Gobernuaren bilera bat, udaletxean.

Bergarako EH Bildu "pozik" dago agintaldiko lehen urtearekin, eta diote "aldaketatik eraldaketarako" jauzia emateko "oinarri sendoa" sortu dutela. Inbertsiotarako ia sei milioi euro eta erdi aurreikusi dituzte, eta hortik 4.600.000 euro inguru urbanizazio lanetarako izango dira.

2023-2027ko agintaldia hasi eta urtebete pasatxo igaro da, eta orain arte egindako lanaren balorazioa egin du EH Bilduren Udal Gobernuak. Gorka Artola alkatea buru duen gobernu taldea "pozik" dago lehen urte honekin: "Lehen urte hau plangintza estrategikoaren lekuko izan da, funtsezko erronkak identifikatu dira, eta Bergara inklusiboagoa, iraunkorragoa eta dinamikoagoa izateko oinarriak ezarri".

"Aldaketatik eraldaketara"

Horretarako Artolak ondoan duen taldearen "sendotasuna" azpimarratu du: "Aurreko agintalditik datozen zinegotzien esperientzia eta legegintzaldi honetan gehitu direnen ilusioa partekatzen ditu taldeak. Herrigintza modu parte-hartzailean ulertzen dugu, eta eredu hori kalera atera nahi dugu, elkarte, eragile eta bergararrekin harreman zuzena izaten saiatuta. Aurreko agintaldian Bergara hobe baten aldeko oinarriak jarri genituen, eta orain jauzia emateko garaia da, aldaketatik eraldaketara igarotzeko unea".

Bost lan-ildoak garatzen ari dira

Agintaldirako planak bost lan-ildo nagusi ditu: arnasguneak, euskara, zaintza eta bakardadea, etxebizitza eta alde zaharra eta merkataritza. Arnasguneak nola ulertzen dituzten gogora ekarri dute: "Lasaitasuna, elkar ezagutzea, feminismoa, alaitasuna, euskara eta ongizatea sustatzen dituzten guneak sortzera bideratutako esparrua da". Eta horren adibide moduan jarri dute Arrizuriagako proiektua: "Obra aurrera doa eta kultura zein sormen eremua izango den proiektuaren diseinuarekin lanean ari gara. Feminismoak herriari egindako ekarpena aintzat hartuz emakumeen txokoa ere bertan kokatuko da; txokoa diseinatzeko prozesua martxan dago".

Gainera, Euskara Plana amaitzear dutela adierazi dute: "Euskal komunitate aktiboago eta konprometituago baten aldeko apustua egiten dugu. Eta, besteak beste, herriko enpresetan euskara sustatzeko Harixa ekimenak oso emaitza onak lortu ditu, eta eredua Debagoienera ere zabaltzea erabaki da". Zaintza eta bakardadearen lan-ildoari dagokionez, gogoratu dute Zaintza Plana martxan dagoela eta Adinekoen Kontseilua egonkortzeko pausoak eman direla; hurrengo urratsa Haurren Kontseilua eratzea izango dela jakinarazi dute.

Era berean, Gobernuak "argi" du etxebizitza baterako sarbidea izatea, bereziki gazteentzat eta herritar zaurgarrientzat, "lehentasuna" dela: "Datozen lau urteetan etxebizitza eskuratzeko aukerak handitzeko konpromisoa hartzen dugu". Alde zaharra eta merkataritza deritzon lan-ildoaren bueltan, Gobernuak uste du "funtsezkoa" dela alde zaharra zaharberritzea: "Plaza eta Barrenkalea eraberrituko dira, eta hutsik dauden lokalak biziberritzeko neurriak hartuko dira, urbanizazio-plan orokorra berritzeari arreta berezia eskainita".

Azokako Elikaenea denda-topaguneak irailean irekiko ditu ateak, tokiko ekonomia ardatz

Inbertsio-plana zehaztu dute

Hain zuzen ere, agintaldiko helburuak lortzeko 6.416.000 euroko inbertsio-plana zehaztu du Udal Gobernuak, eta horietatik 4.600.000 euro inguru "hainbat urbanizazio-lan" egiteko baliatuko dituzte; horien artean, bereziki azpimarratzekoak dira Martokoa berriro urbanizatzea eta San Martin plaza eta Barrenkalea berritzea.

Agintaldiko beste inbertsio garrantzitsu bat izango da Arrizuriaga "kultura eta feminismoaren arnas zentro berri" moduan eraberritzea; 895.000 euroko aurrekontua du proiektu osoak. Horrez gain, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berritzera 500.000 euro bideratuko dira eta, bestetik, udal zerbitzuek 2025ean izango dituzten espazio beharretarako 395.000 euro gorde dituzte –garai bateko Lua arropa denda erosi du Udalak udaletxeko espazio gabeziari aurre egiteko, eta erosketa 2025ean gauzatuko da–.

Azokako Elikaenea, irailean

Bestalde, Oxirondo azokako Elikaenea denda-topaguneak irailean irekiko ditu ateak, tokiko ekonomia, elikadura eta sukaldaritza oinarri hartuta.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak