Gaur hasiko da Berumuga musika zikloa. Aurten ere lau proposamen interesgarri izango dira: gaur, uztailak 5, The Winntown Marshals taldeak joko du; uztailaren 12an, John Nemeth & The Blues Dreamers taldeak; uztailaren 19an, Rhytm Shakers taldeak; eta uztailaren 19an, azkenik, Northagirres-ek. Kontzertu guztiak Espoloian izango dira, 22:00etan, eta doan. Bergarako Udaleko Kultura Sailak eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak antolatzen dute Berumuga, udako kultura eskaintzan oso errotuta dagoen ekimena; aurten, pop-rock, rhythm and blues, soul eta garage-rock doinuak izango dira nagusi.
Gaurkoak "oso gogotsu" datoz
Edinburgoko (Eskozia) The Winntown Marshals taldeak joko du gaur. Gaztelupeko Hotsakeko Ubane Uzinek honela gomendatu du gaurko kontzertua: "Eskarmentu handiko taldea da, eta Euskal Herrian emango duten lehen kontzertua izango da Bergarakoa; baita, seguruenik, penintsulan emango duten lehen emanaldia ere. Bergaran jo ostean Donostian egongo dira. Oso gogotsu datoz eta uste dugu aukera paregabea dela gure mugetatik kanpo musika arloan gertatzen denaren adibide eder bat zuzenean gozatzeko. Hainbat disko atera dituzte, ibilbide luzea daroaten seinale; hala ere, ez dira Eskoziatik askorik irten izan eta esan daiteke Bergarako publikoa izango dela haien irteera apurretako baten lekuko. Espoloira joatea aukera ona izango da, ez zaizue damutuko".
Gainerako hiru proposamenak
Berumugako beste hiru taldeen gainean honako hau aurreratu du Uzinek: "AEBetako John Nemeth izen handi bat da blues munduan, eta, jaialdiz jaialdi dabilen arren, gurekin zuen konpromisoa beteko du. Madrilgo Rhythm Shakers ere izango dugu Espoloian; Tequila musika taldeko abeslariaren taldea da, proposamen interesgarria bezain lasaia. Zikloa itxiko du Zumarragako Northagirres taldeak; poztekoa da etxeko talde bat ere izatea. Azpimarratzekoa da Berumugan, beti bezala, emakumeen presentzia bermatu dugula, eta aurten ere horrela izango da".
Bele taldea, Usondoko kontzertuei ekiteko
Aurten ere Usondo parkeko kontzertuek ez dute hutsik egingo (22:00). Bihar, uztailak 6, Bele taldeak joko du; uztailaren 11n, Kuttunek; eta uztailaren 18an, azkenik, Aldakan taldeak.
Entsegu batera bidean harrapatu du GOIENAk Bele taldeko buru Lide Hernando: "Ekainean geldi egon gara eta beharrezkoa zen entsegu luze bat egitea asteburuko bi kontzertuetarako". Izan ere, gaur Aramaioko jaietan joko du. Kontzertuan Herrari diskoa izango da protagonista eta pare bat bertsio ere joko dituzte. "Ordubeteko kontzertua izango da, une dantzagarri eta intimoez osatua", aurreratu du Hernandok.
Ezagutzera eman zuen Liher taldetik "modu askotan" ezberdintzen da Bele, Hernandoren arabera: "Bele une honetan nire bizitzako proiektu musikalik garrantzitsuena da; musikalki sentitzen dudanetik gertuen dagoena da, abesten eta interpretatzen gehien gustuko dudana. Liher taldetik modu askotan ezberdintzen da; Liherren rocka egiten genuen, eta Bele musika beltza da. Eta, bestetik, sormen aldetik; Liherren talde moduan sortzen genuen eta Belerekin bakarka sortzen dut. Azkenik, esango nuke eszenaratzea ere oso ezberdina dela bien artean. Orain arteko bideaz asko ari da gozatzen: "Polita izan da orain arteko bidea. Iaz singleak ateratzen joan nintzen, jendeak zetorrenaren berri izan zezan eta Beleren abaniko zabal guztia ezagutu zezan. Aurten birari ekin diogu, eta dagoeneko hamaika plazatatik igaro gara. Sentsazio politak ditut, jendeari gustatzen ari zaiola uste dut; baina musika beltzean ez dago eszena trinkorik... oraindik".
Etorkizunari gogotsu begiratzen dio: "Ikusleek eta programatzaileek utzi bitartean, bizitza luzea izango du Belek; gu gogotsu gaude, eta etorkizunerako ideia potoloekin. Baina, esan bezala, ideia politekin soilik ezin da aurrera egin; industriaren laguntza ere behar da.