Sanmartzialgo erromeria domekan Bergaran, tradizio eguneratuari esker

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko eka. 28a, 13:55

Iazko ospakizunaren une berezienetako bat, eguerdiko dantza emanaldia.

San Martzial eguna da domekan, aspaldiko ohiturari jarraiki bergarar askok oso modu berezian bizi duten erromeria kutuna eta garai berrietara egokitzen jakin duena. Udalak 128 mahai eta 981 aulki alokatu ditu, eta eguna "errespetuz gozatzeko" dei egin dute.

San Martzial egunean bertan, ekainaren 30ean, ospatuko da aurten urteko erromeriarik kutunena San Martzialgo ermita azpiko zelaian. Bergarar askok egutegian gorriz markatuta duten eguna da domekakoa, eta Udalak mahaiei eta aulkiei dagokienez jaso duen eskaria ikusita ondoriozta daiteke aurten ere giro ederra egongo dela San Martzialen. Izan ere, herritarrek 128 mahai eta 981 aulki alokatu dituzte erromeria bereziaz gozatzeko.

Erromeria egunaren aurretik kuadrillek ohitura dute eremua zintekin gordetzeko, baina hori ere arautu behar izan du Udalak: "Erreserbazintak ezingo dira jarri ekainaren 28ko 15:00ak baino lehen. Ordura artekoak kendu egingo dira mantentze-lanek eskatzen duten heinean".

Ingurua zaintzeko eskaera

Azken urteetan erromeria amaitu ostean San Martzialgo inguruak oro har txukun geratu izan bada ere, Udalak gogora ekarri du "denona" den naturgunea errespetatu beharra dagoela. Horregatik, honako gomendio edo eskaera zehatz hauek egin dituzte. Hasteko, eremuko landaretza zaindu behar dela gogoratu dute: "Ez ezazu zuhaitz adarrik edo hostorik apurtu eta gogoratu enborretan ezin dela elementu arrotzik erabili –iltzeak eta bestelakoak–. Zuhaitz hilei bizitza darie; beraz, zuhaitz horiek ere daudenetan laga". Horrez gain, gogora ekarri dute ezin dela lurra leunduz terrazarik egin, ezin dela lurrean surik piztu eta iturrian ezingo dela harrikorik egin. Gainera, sortutako hondakin guztiak dagozkion edukiontzietan batzeaz gain kuadrilla bakoitzak erabiliko duen gunea ere txukun uzteko eskatu dute, aulkiak, mahaiak, tresneria edota eremua mugatzeko zintak jasoz.

Oinez edo herribusean igo

Domekarako San Martzialerako herribus zerbitzua jarriko dute egunean zehar 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Geltokiak Oxirondo plazan eta San Martzialen egongo dira. Zerbitzuaren prezioa 1,10 eurokoa izango da bidaiako; bonuarekin, aldiz, hamar bidaia sei eurotan erosi ahalko dira. Horrek esan nahi du San Martzialerako bidea trafikorako itxita egongo dela 10:00etatik 11:00etara eta 21:00etatik 22:00etara. Gainera, egun horretan ezingo da zelaira autorik sartu, bertara jeneroa daramatenak izan ezik; izan ere, deskargatu eta berehala atera beharko dituzte ibilgailuak.

"Errespetuz gozatzeko" deia

Udalak, bestalde, erromeria "errespetuz gozatzeko" dei egin du: "Jai eredu osasungarriaren alde, bizi ditzagun jaiak aske eta elkartasunean, kontsumo arriskutsuak alde batera utziz. Errespeta ditzagun geure burua, besteak eta ingurua". Era berean, aurtengo Pentekosteetan martxan jarri dute Aske maite haut kanpaina ere presente egongo da sanmartzialetan, eraso matxistei aurre egiteko protokoloarekin. Bestalde, aurten Palestinaren alde aterako dute elkartasun argazkia dantzen ostean (13:00), Israelgo estatua hiltzailea, Palestina askatu! lelopean.

Meza erromeria egunean

Udalak aurten San Martzial jaietarako bideratu duen aurrekontua 27.000 eurokoa da. Egitarauari dagokionez, aurten San Martzial eguna erromeria egun berean izango dela aintzat hartuta, Santa Marina parrokiako kanpai-jotzearen ostean, 07:30ean, fededunak letania errezetatuz igoko dira ermitara. Ermitan meza entzun ostean, txokolate-jana izango dute San Joxepe elkartearen eskutik. Egitarauan ez dago nobedaderik, baina jakinarazi dute suziriak honako ordu honetan botako dituztela: 10:00etan, 11:45ean, 12:00etan eta 21:00etan. Bolatokia 11:00etatik aurrera egongo da zabalik, eta txapelketa 17:00etan jokatuko da –izena bertan eman behar da, bost euro ordainduta–. Hiru sari egongo dira, eta ezusteko laugarren sari bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak