Miguel Okinaren (Bergara, 1924-2021) koadroak biltzeko lanean jarraitzen du bergararraren obrak katalogatzen dabilen batzordeak; Bearteko kide Josu Okina, Bingen de Pedro, Antton Arrillaga eta Xabier Agirre dira batzordekideak dira horiek, eta Miguel Okinaren lanen bat etxean dutenei eskatu diete eurekin harremanetan jartzeko.
Miguel Okinaren iloba Josu Okinak esan du osabaren artelanen 2.000 argazki baino gehiago dituela –osabak 4.000tik gora lan egingo zituela uste du–. Gabonen bueltan hasi ziren bilketarekin, eta, dagoeneko 950 lokalizatuta badituzte ere, uste baino jende gutxiagoren lanak jaso dituztela dio Okinak: "Materiala badaukat, baina horietako asko ez dakit nork dauzkan. Horregatik gabiltza eskatzen jendeari etxean dituen lanak bidaltzeko", dio Josu Okinak. Lan gehienak Eibartik hasi eta Eskoriatzara bitartean egongo direla gaineratu du. Obra gehienak sinatuta daude.
Batzordekoen kontaktuak
Miguel Okinaren lanak dituztenei batzordearekin harremanetan jartzeko eskatu dute; hasiera batean nahikoa izan daiteke mugikorrarekin argazki bat ateratzea, baina, koadro ezezagunen kasuan, jabeekin harremanetan jarriko dira katalogaziorako datuak osatzeko: formatua, teknika, urtea, kontserbazio-egoera...
Harremanetarako datuak:
- Josu Okina 676 67 82 43 josuokina@gmail.com
- Bingen de Pedro 670 60 70 26 bingendepedro@gmail.com
- Antton Arrillaga 646 90 68 85 a.arrillaga@telefonica.net
- Xabier Agirre 615 79 72 62 agirreunamuno@gmail.com
Mendeurrenean omenaldia
Katalogatutako obrak Bergarako udal artxiboan jasotzea dutela helburu azaldu du Xabier Agirrek: "Gordeta gera dadila bizitzan zehar ze lan egin zituen". Hala, obrak bidaltzeko epemugarik ez dago: "Katalogazioaren lana ez da amaitzen. Ez dakizu non eta noiz aurkituko diren".
2021eko ekainaren 5ean zendu zen Miguel Okina, eta Bearteko kide Agirrek azaldu du orduko koronabirus neurriekin ezin izan zutela hileta "duinik" egin, eta irailaren amaieran, haren jaiotza-dataren mendeurrenean, hasiko dira bergararra omentzeko ekintzak.