Debagoieneko Atzegi Eguna ospatu dute Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko eka. 22a, 17:22

22. Debagoieneko Atzegi Eguna egin dute gaur Bergaran. 90 lagun inguru elkartu dira, eta Seminarixoan egin duten ekitaldian egin dituzten hainbat lan aurkeztu dituzte Atzegizaleek eta hainbat eragilek. Egunari jarraipena eman diote Seminarixoko patioko karpan egin duten bazkariarekin.

Debagoieneko Atzegi egunak 22 urte bete ditu, eta urtez urte, bailarako herri ezberdina aukeratzen dute eguna ospatzeko. Aurten Bergarak hartu du gaurko eguna. Debagoienean 874 Atzegizale daude, 200 kolaboratzaile, 193 bazkide eta 173 familia eta gaurkoan horietako askok eguna elkarrekin igarotzeko aukera izan dute.

Seminarixoko ekitaldian, hainbat taldek hartu dute parte. Horietako bat izan da Basheko dinamizatzaile nahiz parte-hartzaileek egin duten gorputz adierazpeneko erakustaldia.

Lanaren erakustaldia

Arrasateko Errugbi taldeak dibertsitate funtzionala duten pertsonenekin egiten duen jarduna erakutsi du bideo batean, eta ondoren datorren astean argia ikusiko duen Lumarik gabeko egoak dokumentalaren trailerra eman dute. Taldetik adierazi dute errugbiko inklusio taldea sortzea nahi zutela, eta Mondragon Unibertsitatera joan zirela laguntza eske: "Oraindik asko geratzen zaigu, baina bakoitzaren onena atera nahi dugu".

Hala, Aretxabaletako Aratz elkarteak Gure Zirkuarekin egindako 25 minutu inguruko ikus-entzunezkoa erakutsi du. Urtero egiten dute piezaren bat, eta elkarteko kide Unai Elkorok nabarmendu du, "film mutuak" egin ohi dituztela, baina aurten lehendabiziko aldiz elkarrizketak sartu dituztela. Gure Zirkuari eskerrak eman dizkie, bereziri, Iker Galartzari.

Arrasate Musikala ere ari da hezkuntza bereziko ikasleekin lanean, haiei instrumentuak jotzen irakatsiz, eta urte honetan ikasitakoaren erakustaldia egin dute.

Pausoz pauso, bidea ereiten

Elkarrekin egoteko eta urtean zehar egin dutena elkarri erakusteko probesten dute egun hau, Debagoieneko Atzegiko batzordeko kide Agurtzane Barrutiaren esanetan: "Guztiok elkartzen gaituen eguna da eta festa bat egiteko aukera ematen du. Polita da". Hala ere, adierazi du lehen egun honek garrantzia handiagoa zuela, dibertsitate funtzionala duten pertsonek jaietan parte hartzen ez zutelako: "Orain sanjuanak dira eta gustura ibiliko dira herriko jaietan parte hartzen. Badaude, dibertsitate funtzionaleko taldeak hona ez direnak etorri, euren jaia ikusten dutelako besteekin batera, ziurrenik, Arrasaten olinpiadetan ibiliko dira. Hori seinale ona da".

Hala, gehitu du gaur egun egiten dituzten gauza guztiak egiten dituztela aurretik urte guztietan egin duten lanari esker: "Ziur aski, mundu hau desberdina izango da. Inklusiboagoa, ez-baztertzailea, bakoitzaren gaitasunaren arabera lana eta aisialdia bizitzeko aukera emango duena. Horretarako behar ditugu enpresak aukera emango dietenak inguru normalizatuetan parte hartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak