Xabier Irujo: "Genozidioa nazio baten espiritua hiltzea da"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko eka. 21a, 11:20

Xabier Irujo, Olaso dorrearen atarian. (Argazkia: Nabarralde Fundazioa).

Bergarako Olaso dorrean izan da hitzaldia egiten Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko Genozidio Ikerketen Katedrako zuzendaria, eta, solasaldiak emandakoaz gain, genozidioaz eta genozidio kasuez aritu da berbetan GOIENArekin.

Nevadako Unibertsitateko Genozidio Ikerketen Katedrako zuzendaria da Xabier Irujo Ametzaga (Caracas, 1967) irakasle, historialari eta idazlea, eta joan den astean Errozabalgo guda eta Iruñeko erresumaren sorrera (778-824) izan zuen berbagai Olaso dorreko hitzaldian.

Nabarralde Fundazioak antolatuta Bergaran izan zara hitzaldia egiten; zer-nolakoa izan zen?

Oso pozgarria izan zen. Oso hurkoa dugu Telesforo Monzon. Nire aitona Bingen Ametzaga, amaren aita, hainbat familiarekin, tartean monzondarrekin, erbestera atera zen, Amerikako hegoaldera. Gogoan dut 10 urte nituenean Telesforo ezagutzeko aukera izan nuela Donibane Lohizunen zeukan erbesteko etxean.

Iruñeko erresumaren sorrera izan zenuen hizpide.

778an Errozabalgo lehen guda izan zen eta Karlomagnok, porrotaren ostean, bertan behera utzi zuen marka hispanikoa delako proiektua, eta ez zen berriro Euskal Herrira etorri. Baskoniak bere independentzia bermatu zuen bataila hartan. Gerora, beste zenbait bataila gertatu ziren. 824an ere baskoiak nagusitu ziren, frankoen ejertzitoen buruak harrapatu zituzten eta Eneko Aritza Iruñeko Erresumako errege izendatu zuten.

Genozidio Ikerketen zuzendaria zara; genozidioa nola definitu?

Jende asko hiltzea da genozidioaren helburu orokorra lortzeko estrategietako bat. Pertsona bakarra hiltzearekin ekintza bat genozidiotzat hartu daiteke. Jende asko hil arren, gerra krimena edo humanitatearen aurkako krimena izan daiteke. Gauza bat ez da bestea baino okerragoa. Genozidioa nazio baten espiritua hiltzea da.

Karlomagnoren kanpaina hura genozidioa izan zen?

Genozidio ikerketen aita Raphael Lemkinek kapitulu oso bat eskaini zion Karlomagnori eta bere inperioaren sorrerari. Lemkinek agente genozidiotzat hartu zuen, eta ni guztiz bat nator. Hainbat lurralde militarki menperatu ostean, eta jende asko hil ondoren, saiatu zen erlijio katolikoa hark ulertzen zuen moduan ezartzen eta zeuden beste erlijio eta hizkuntza guztiak desagerrarazten.

Eta Palestinan gertatzen ari dena?

Bai, eta hori ez dut nik esaten bakarrik, baizik eta Nazio Batuen Erakundeko zenbait bulegok eta erakundek argitaratu dituzte txostenak xehetasun guztiekin. Netanyahuren gobernuak palestinar asko hil ditu, baina saiatzen ari da Palestinan Israelen monokulturalitatea ezartzen eta hango hizkuntza, ohiturak edo janzkerak zapaltzen estatu monokolore eta monoerlijiosoa ezartzeko. Horrek ez du esan nahi Hamas ez denik talde genozida bat.

Eskuin muturreko Likud alderdia dago Israelgo gobernuan.

Eta nabarmendu nahiko nuke alderdi hori ari dela egiten genozidioa, eta ez juduen herria. Ezin dizkiogu gizarte oso bati leporatu ideologia konkretu baten ekintzak. Israelgo koalizio gobernuko giza taldea genozidio egiletzat har dezakegu.

Nola uler daiteke halako sarraski bat XXI. mendean?

Mende honetan genozidio asko dago, tamalez. Zaila da aurkitzea herrialde bat non genozidioa ez den gertatzen ari. Pentsatzen duguna baino arruntagoa da. Kasurik kritikoenak izan daitezke Ukrainako zati batzuetakoa, Zisjordania, Palestina, Myanmar, Sudan... Raphael Lemkinen hitzetan, herri bateko hizkuntza ez bada eskola publikoetako transmisio-hizkuntza beste hizkuntza batzuekin batera edo bakarrik, genozidioa gertatzen ari da. Orduan, aplikatu hori gaur egungo munduan. Hor duzu non gertatzen ari den eta non ez genozidioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak