Debagoienean baratzegintza profesionalean ari diren ekoizle txikiei laguntza zuzena eskaintzeko asmoz, Landa Garapenak eta Debagoieneko udalek Ortulaguntza zerbitzu berria jarri dute martxan. Helburua da lehen sektoreko ekoizle txikiak laguntzea, horien erreleboa bermatzea eta proiektu berrien sorrera sustatzeko laguntza sistema martxan jartzea. Horretarako lanpostua ere sortu zuten; lanpostu hori bereganatu duenak, Olaia Blanco eibartarrak, eskualdeko baratzezaintza proiektuetan ortuko lanetan dihardu, otarreak eta eskariak prestatuz, mantentze-lanak eginez edota makineria erabiliz. Horretaz gain, bailarako nekazarien arteko saretzea bultzatzea ere bada haren lana; erosketa kolektiboen koordinazioan, adibidez. Gainera, zerbitzu berriaren koordinazio eta dinamizazio lantaldean ere parte hartzen du.
Bergarako Elikadura Mahaitik
Bergarako Udaleko zinegotzi eta alkateorde Ainhoa Letek lehen sektoreak laguntza behar duela azpimarratu zuen zerbitzuaren berri eman zenean: "Beste sektore batzuei eskaintzen zaien laguntzaz haratago, herriko lehen sektoreko ekoizle txikiei ere babesa eskaini nahi genien, nekazaritzan nabarmena den errelebo falta txikitzeko eta bizi duten zaurgarritasun egoeran laguntzeko asmoz. Orain, proiektua eskualde osora zabalduko da Landa Garapena elkartearen bitartez, eta albiste horrek asko pozten gaitu".
Bergarako Elikadura Mahaitik sortutako zerbitzua dela gogora ekarri du Ion Ruiz de Eginok, Eskubaratza proiektuan ere buru-belarri diharduen ekoizleak: "Elikadura Mahaiko lanketen artean nabaritu genuen nekazaritzan apenas dagoela erreleborik; izan ere, datuei erreparatzen badiegu, 2013an Debagoienean hogeitik gora nekazaritza proiektu zeuden eta gaur egun, berriz, hamahiru dira. Egoera horri aurre egiteko sortu da, besteak beste, Ortulaguntza zerbitzua". Kezka horretatik tiraka, nekazaritza ekologikoa sustatzea helburu duen Biolur elkarteak Duina proiektua jarri zuen martxan 2021ean, Ruiz de Eginok zehaztu duenez: "Ikerketa sakona egin zuten urtebetean Bizkaiko eta Gipuzkoako hamaika etxalderen parte hartzearekin, eta, tartean, Debagoieneko hiruk hartu genuen parte. Datu bilketa baten ostean, ondorio moduan atera genuen ortuko lana karga handikoa dela eta gutxieneko soldata batera heltzeko zailtasun handiak izaten direla".
Hain zuzen ere, lan-karga handiaren ondorio horri aurre egiteko sortu zen Ortulaguntza, eta, Ruiz de Eginoren arabera, ia bi urteko prozesua izan da: "Bergaratik dator ideia, baina hasieratik da bailara mailakoa. Ortulaguntza zerbitzuaren helburuak ondo zehatu eta findu behar izan ditugu, Landa Garapena elkarteak lan-deialdia atera zuen... Eta martxoa ezkero lanean dabil horretarako kontratatutako pertsona".
Olaia Blanco ari da lanean
Olaia Blanco eibartarra izan da lan-deialdi horretan baldintza onenak betetzen zituen pertsona. Esandako moduan, martxoa ezkero dabil lanean: "Debagoieneko ekoizle txikiei laguntza zuzena eskaintzen diet, haien baldintzak hobeak izan daitezen. Esan dezakegu zerbitzu pertsonalizatua dela, ekoizle bakoitzaren egoera ezberdinak delako; batzuk baserrietako familiak dira, beste batzuk lagun talde bat.. Zaurgarria den sektorea izanik, sostengua ematen diet; besteak beste, bajak estaltzeko ordezkapenak, eguneroko lan-karga arintzeko ortuko lanak... Ekoizleen arteko saretzea ere badu helburu zerbitzuak".
Ziarreta baserrian harrapatu du GOIENAk Blanco, baina beste zenbait baserri ere bisitatu ditu dagoeneko, edo laser bisitatuko ditu. Horien artean daude, besteak beste, Arrasateko Gaizka Olabarrieta, Bergarako Elkoro baserriko Ane Gorosabel, Oñatiko Ortuzabala proiektua, Antzuolako Lapatza baserria eta Bergarako Eskubaratz proiektuko "lagunak".
Gizartea, "geroago eta urrunago"
Ekoizleen partetik nolako harrera izan ohi duen galdetuta, honako hau erantzun du Blancok: "Niretzat oso aberasgarria ari da izaten, izugarri ari naiz ikasten. Baina garrantzitsuena da eurentzat ere aberasgarria dela, konfiantza sortu ostean ortu bakoitzean ikusten dudana partekatzen dudalako haiekin. Niretzat gozamena da eurekin lan egitea, eta uste dut eskertzen dutela; ezin da ukatu ekoizleentzat berritasuna dela ezer ordaindu gabe pertsona bat euren egunerokoan laguntzera etortzea".
Ortulaguntza zerbitzua bailarako zazpi baserritara heldu da, oraingoz
Horrez gain, Blancoren iritzia da baserria eta kalea elkarren artean geroago eta urrunago daudela: "Uste dut kalean bizi garenok ez garela lehen sektorearen errealitateaz jabetzen. Zubi-lan garrantzitsua dago egiteke; hori bera igartzen dut nire lanpostuan. Izan ere, ni udaletatik nago kontratatuta eta gorputza, eskuak eta ezagutza jartzen ditut ortuan, baina gero, bulegoko lanak ere egin behar ditut; bereziki, bulegoko lan horretan igartzen dut aldentzea, eta esango nuke gizartearen gehiengoa oso urrun dagoela lehen sektorean lan egiteak dakarrena jakitetik. Konexio hori berreskuratzen joatea dagokigu, pixkanaka bada ere".
Ziarreta baserriko lantaldea
Laguntza jasotzen ari den ekoizleetako bat da Ziarreta baserriko arduradun Iñigo Gabilondo. Dio egunerokoan "lan handia" dagoela eta hala komeni dela etekinei begira, baina asko eskertzen du Ortulaguntza moduko zerbitzu bat: "Zerbitzua martxan jarri berri da, hilabete gutxi batzuk dira, baina oso positiboki baloratzen dut. Gure sektorea oso gaizki dago eta edozein laguntza da ondoetorria". Ziarreta baserriko askotariko lanak hiru lagunen artean daude banatuta: Gabilondo bera arduradun moduan, eta harekin batera daude lanean jatorri senegaldarra duen Yaya Sarr bergararra eta Agroekologia ikasi duen Jone Arizti azkoitiarra: "Hiruron artean egiten ditugu ekoizpen- eta merkaturatze-lanak, baina Ortulaguntza oso ondo datorkigu, bereziki, lan-karga arintzeko. Orain bertan, adibidez, lan-karga handia dago, asko landatu behar delako, eta Olaiaren laguntza oso ondo datorkigu".
Bestalde, nahiko argi dauka Gabilondok lehen sektoreko lana zergatik ez den erakargarria belaunaldi berrientzat: "Oso lan gogorra da eta ez dago batere ondo ordainduta. Horrekin batera, kozinatzeko gero eta ohitura gutxiago dago eta erosketak ez dira egunero egiten, lehen bezala. Gure produktua freskoa dela aintzat hartuta, erosketa ohituretan ere eragitea ezinbestekoa izango da".