Hitzekin lehian Seminarixoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko mai. 31a, 08:05

Algaraka bakarrizketa lehiaketako lau finalistak.

Ander Malbadi, Ion Martinez Txiki, Asier Galartza eta Manex Astigarraga izango dira gaur, egubakoitza, 20:00etan hasita Bergarako Seminarixoan jokatuko den Algaraka euskarazko bakarrizketa lehiaketako finalean lehian; sarrera guztiak agortuta daude.

Hamabi bakarrizketarik hartu dute parte Bergarako Jardun Euskara Elkarteak eta Goiena Komunikazio Taldeak bestelako eragileen eta erakundeen laguntzarekin antolatutako Algaraka euskarazko bakarrizketa lehiaketan. Jokatutako saioa irabazita eskuratu zuten txartel bana Ion Martinez Txiki-k, Manex Astigarragak eta Asier Galartzak, eta Nerea Arriola eta Getari Etxegarai coach-ek aukeratu zuten laugarren finalista; hain justu, Ander Malbadi.

Sari potoloak daude jokoan: 1.000 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak eskuratuko ditu lehenengo sariaren irabazleak; 600 euro, bigarren sariaren irabazleak; Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nezkazari-etxean gaua eta gosaria jasoko ditu hirugarren sariaren irabazleak. Horiez gainera, Bergaran gastatzeko 250 euroko bonua jasoko du Bergara Saria eskuratzen duenak.

Lehiakideak, "gogoz"

Finalak berarekin dakarren tentsioari aurre egiteko gogoz, taularen gainera igotzeko "ilusioarekin" daude lau bakarrizketariak. "Sentsazio onak ditut, pozik noa kanporaketatik, eta ea asmatzen dugun guztion artean Algaraka-ri bukaera txukuna ematen. Ez da erraza nork irabaziko duen aurreikustea", dio Asier Galarzak. Bide beretik erantzun du Manex Astigarragak: "Lehenengoa izango omen naiz; beraz, ondorengoak baino metro dezente atzerago hasiko naiz korrika. Plaza hotz, asko asmatu beharko dut irabazteko. Apur bat bustiz, Asierrek emaitza ona edukitzea gustatuko litzaidake, hura ere jardun honetan berria delako eta duen estiloa gustatzen zaidalako".

Gaurko finalerako gogo handiarekin dagoela aitortu du Ion Martinez Txiki-k ere: "Antzokia bete egingo da eta sekulako giroa izango dela uste dut. Emaitza polita izango delakoan nago. Txapelketa irabazten badut ederto, eta bestela, bada, bost minutu triste eta listo". Finalaren harira, "bihotza erdibituta" duela kontatu du Ander Malbadik: "Finalean parte hartzeagaik, batetik, zirrara, eta, bestetik, urduritasuna. Eten barik saiatu naiz lehiaketaren osagai hori itzaltzen eta saio moduan enfokatzen, baina gezurra esango nuke lehiaketa izate horrekin ahalik eta emaitzarik onena lortzea bilakatzen dela helburu".

Denetariko diskurtsoak

Kanporaketa saio guztietan umorea egiteko askotariko gaiak azaleratu dituzte lehiakideek, eta "asko eskertu" du hori publikoak zein epaimahaikide jardun duten Idoia Torregaraik, Aner Peritzek eta Josu Zubiak. Hauxe dio Josu Zubia epaimahai-kideak: "Aurpegi berriak ikusi ditut, jende pila bat ezagutu dut, eta hori sekulakoa da. Denetik egon den arren, bereziki baloratu dut zelako ahalegina egin duten txiste errazetara jo barik, testua lantzeko orduan".

Askotariko diskurtso horien artean, esaterako, politikari buruzkoak aukeratzen dituela dio Manex Astigarragak: "Nire estiloa tartean eduki politikoa edukitzekoa da, eta, batzuetan, publiko zabal batekin hotz gera daiteke, politikarekin umorea arrakastaz egitea ez baita erraza; bada, dudan aldartearen arabera batera edo bestera joko dut. Esango nuke teknikoki oso testu sendoa daramadala, txiste asko eta elkar lotuta, baina jendaurrean probatu gabe ezin da jakin zenbateko efektua izango duten". Aspaldi idatzita zituen hari-muturrei forma emanda sortu du Malbadik, berriz, gaurko gidoia: "Bultzada bat behar nuen horiek josteko, eta finalak eman dit hori. Orokorrean, saio polita izango dela uste dut, festa giroan bukatuko duguna".

Antolatzaileak ere "pozik"

Erronka "handia" izan da ekimenaren bultzatzaileendako ere, baina "pozik" daude orain arteko emaitzarekin. Hauxe dio antolatzaile taldeko kide Miren Arregik: "Algaraka-ren atzean lantalde handia dago eta koordinazioa eta inplikazioa handia izan da guztien partetik. Publikoak ere oso ondo erantzun du, aretoak beteta izan dira saio gehienetan eta oso elkarrizketa polita sortu da taularen gaineko artisten eta jarlekuetan eserita zeuden artisten artean".

Final "dotorea"

Lau bakarrizketariez gainera, aurreko saioetan egin moduan, musikariak eta aurkezleak ere izango dira Seminarixoko agertokiaren gainean. "Miren Nogalesek eta Jon Olivaresek jardun dute aurkezle lanetan; lehenengo bi saioetan, Bergaran eta Urretxun, Nogales izan zen, eta aurreko astean, Zumaian, Osintxuko aktorea. Gaur, baina, biak izango dira rol horretan, eta, aurrekoetan izan dugun moduan, gonbidatu bat izango dugu: gaurko, Yogurinha Borova artista handia gonbidatu dugu. Seguru nago bakarrizketa-musikatu polita egingo duela".

Aurkezle eta bakarrizketari lanetan jardutea erronka izan dela dio Olivaresek, baina "gogotsu" dago Seminarixoko agertokira igotzeko: "Zumaiako saioan hasieran urduri egon nintzen, baina asko gozatu nuen gero, eta gaur ere gozatzera noa. Estreinakoz izango gara Miren eta biak elkarrekin taularen gainean, baina gu ere dena ematera goaz".

Pantailan ikusgai

Kanporaketa saio guztiak grabatu egin dituzte, eta gaur, egubakoitza, eskainiko dute hirugarren saioa estreinakoz Goiena telebistan, 20:30ean. Bihar, zapatua, 23:00etan eta domekan 18:00etan eta 23:30ean izango da ikusgai. EITBren Primeran plataforman eskuragarri izango da finala ere, datorren astean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak