Euskal palindromo bilduma Bergarako Olaso dorrean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mai. 25a, 09:33

'Karteletrak' erakusketa Olaso dorrean. (Argazkia: Olaso Dorrea Fundazioa).

Markos Gimenok idatzitako 53 palindromo kartel bihurtu eta Markos Gimenoren Karteletrak erakusketa sortu du Joseba Sarrionandiak Esteban Montorio diseinatzailearekin batera; Olaso dorrean dago ikusgai ekainaren 14ra arte.

Markos Gimenok (Ermua, 1947; Eibar, 2018) idatzitako palindromoak oinarri dituen Karteletrak erakusketa ikusgai dago Olaso dorrean. Gimenok idatzitako palindromoak hartuta Markos Gimenoren 101 letrakartel liburua idatzi zuen Joseba Sarrionandiak, Esteban Montorio diseinatzailearekin batera, eta erakusketa ere egin dute: "Markosen figura ez zen ezaguna eta gure lana izan da pixka bat ezagutzera ematea Markos Gimenoren lana". Orain arte Gernikan egon da erakusketa eta orain, ekainaren 14ra bitartean bisitatu ahal izango da Bergarako Olaso dorrean.

Palindromoak, kartel

Liburuan 101 palindromo bildu ditu Sarrionandiak eta erakusketa, berriz, 53k osatzen dute. Erakusketarako palindrom bakoitza kartel bihurtzen saiatu dira. Sarrionandiak adierazi du lan hori egina zuela Gimenok zenbait kasutan. Hala, 30 artistak baino gehiagok hartu dute parte "gorputz grafiko" bat sortzen Gimenoren idatziei. "Lagun grafitigile, argazkilari eta pintore asko zituen, eta haiei proposatu diegu palindromo bakoitzari gorputz grafiko bat emateko. Libururako, palindromo-kartel bakoitza testuinguru komunikatibo-literario batean ipintzen ahalegindu naiz. Zentzugabeziatik gutxienez uste dut atera dugula Markosen lana", dio idazleak.

Gimenoren lana ezagutzen zuen Sarrionandiak, baina Euskal Herrira itzuli zenean ezagutu zuen Gimenoren familia. Haien bitartez aurrez aurre ikusi zuen ermuarraren lana eta "harrituta" geratu zen Gimenoren lanak zuen dimentsioarekin. "Palindromo batzuk ezagutzen nituen, baina konturatu nintzen sormen lan itzela egina zuela, batez ere, hizkuntzaren zentzu ludikoan. Palindromoak, hitz-asmatuak, kalanburrak...", dio.

Hasierako asmoa obra guztiak batzea bazen ere, artxiboko lana izango zela iruditu zitzaion, eta, horrenbestez, liburua eta erakusketa egitea erabaki zuen: "Bai liburua eta bai erakusketa Markosen hitz-jokoak geure artera itzultzeko ahaleginak dira".

Zentzua badute

Palindromoen zentzua berreskuratu nahi izan du Sarrionandiak: "Alfonso Reyes idazle mexikarrak esaten zuen palindromoak ez duela zentzurik ez ezkerretik eskuinera ez eskuinetik ezkerrera. Hori da arazoa. Eta gure abiapuntua izan da zentzurik ezaren ideia hori ez dela egia erakustea. Edozein mezuk du zentzua, kontestuan".

"Hizkuntza txikiek" dituzten mugak –egokitasun gramatikalak edota korrekzio politikoak– gainditu nahi izan dituzte lan horrekin, eta ohiko "txukuntasun eta zuzentasunetik" ateratzen saiatu dira; batez ere, umorearen aldetik. "Markosen izpiritua" deitzen diote horri liburuan.

Ekaineko bisitak

Erakusketa astelehenetik egubakoitzera dago ikusgai, 18:00etatik 20:00etara; zapatuetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. Gainera, ekainaren 8an bisita gidatua izango da Joseba Sarrionandiarekin, 11:00etan. Azken eguna ekainaren 14a da.

Halaber, Olaso Dorrea Fundazioak jakinarazi du dorrean bertan ekainaren 10etik 17ra bitartean egingo diren jarduerak direla eta Karteletrak erakusketa bisitatu ahal izateko aurretik telefonoz eskatu beharko dela hitzordua, 638 12 16 75 telefono-zenbakira deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak