Heldu dira Pentekosteak. Gaur 20:00etan Bitorianatxo udaletxera jaitsi eta hilaren 21ean kontrako bidea egin bitartean jai giroak ez du etenik izango Bergaran.
Gorka Artola: "Ahaztu egunerokoa"
Gorka Artola alkateak, besteak beste, Jai Batzordearen lana azpimarratu du: "Pentekosteak gogo biziz eta alaitasunez gozatzera gonbidatu nahi zaituztet. Izan ere, zuok gabe honek guztiak zentzua galtzen du, Pentekosteak herritik eta herriarentzat direlako, eta zuen parte-hartzea funtsezkoa da jai hauek benetan gogoangarri bihurtzeko". Egun berezi hauetan ezin dut nabarmendu gabe utzi Jai Batzordeak eta jaien bueltan lanean aritzen zaretenon lan izugarria. Lan nekaezin horri esker, geroz eta jai inklusiboagoak, anitzagoak eta parte-hartzaileagoak ditugu gurean. Bergaran gure komunitatearekiko daukagun konpromisoa deskribaezina da, eta zuek guztiok horren adibide zarete. Udaletik gure esker on eta miresmen guztia daukazue".
Gainera, jaiak errespetuz gozatzearen garrantzia ere azpimarratu du alkateak: "Ospakizun egunotan errespetuak duen garrantzia gogorarazi nahi dut. Gozamenaren erdian, ingurukoekiko errespetua funtsezkoa da. Bihurtu ditzagun jaiguneak denontzako espazio seguru eta abegikor. Eta ez dezagun ahaztu: soilik bai da baietz".
Jaiez gozatzeko dei egin die alkateak bergararrei: "Goza ditzagun Pentekosteak eta sor ditzagun ahaztezinak izango diren momentuak. Barre eta dantza egin, gozatu familia eta lagunekin, sendotu gure arteko loturak eta, posible bada, ahaztu eguneroko arazo eta buruhausteak. Aurtengoa ere sekulakoa izango da, seguru nago".
Txupineroak, Txapa irratikoak
2024ko azaroan 40 urte beteko dituen Txapa irrati libreko kideek botako dute gaur Pentekosteei hasiera emateko suziria. Hasierako Txapa-kideak herriko sindikatu batek utzitako lokalean hasi ziren emititzen, 1984an; eta 1989an, Udalarekin lortutako akordio baten ondoren, Zabalotegi dorre azpira pasatu ziren. Urte horietan guztietan hainbat herritar pasatu dira, eta mota guztietako programak egin dira. Gaur egun kartzela zaharretik emititzen dute eta irratia Bergarako herriari irekita dago, bertako jende, kolektibo eta taldeek euren ideiak, kezkak eta proiektuak plazaratu ditzaten.
"Sorpresaz eta arduraz" hartu dute Txapakoek jaiei hasiera emateko ohorea: "Ez genuen espero Udalaren partetik proposamena jasotzea, sorpresa izan da. Bestetik, arduraz ere hartzen dugu proposamena, uhinetan informatzen eta zabaltzen ditugunen gaineko ardura izatera ohituta gauden arren herritar guztien aurrean azaltzea eta jaiei hasiera ematea berezia izango da. Sorreratik irrati librea garen heinean, gure jardunak boluntarioak eta militanteak dira, baina errekonozimendua jasotzea ere pozgarria da gure kolektiboarentzat".
Informazio librea eta kolektiboa
Suziria bota aurretik zer aldarrikatuko duten galdetuta, honako hau erantzun dute irrati libreko kideek: "Aldarri nagusiak informazio askatasuna eta kolektibotasuna izango dira, gure 40 urteotako jardunaren ardatz nagusiak izan dira-eta, jarrera ez-merkantilistaz gain. Batetik, izaera herrikoiak eta asanblearioak kolektibotasunean dauka bere adierazpena; eta, bestetik, ezin dugu ahaztu munduko hainbat gatazkatan kazetariak erailak izaten ari direla; Palestinan edo tokian tokiko gobernuek edo buruzagiek, Pablo Gonzalezekin gertatzen ari den moduan, kazetariak espetxeratu edo zigortu egiten dituzte".
Amaitzeko, txupineroek jaiez gozatzeko gonbidapena egin diete bergararrei zein bisitariei: "Ondo pasatu, kaleak bete, antolatutako ekintzetan parte hartu, dantza egin, txandetan izena eman eta elkar zaindu. Jaietan eta urtean zehar badaude gauzak aurrera eroateko modu desberdinak, eta ez ahaztu: gogoz, ilusioz eta elkarlanean oinarrituta, sinistuko ez genituen gauzak egiteko gai gara! Txapa irratia 40 urtez uhinak astintzen!".
Udalak Txapa goraipatu du
Pentekosteak Txapa irratiaren parte direla ere gaineratu dute: "Urte luzez garatu izan dugu elkarlana Xaxaurekin eta aurten ere domekako txosnaguneko afaria Txapako kideok prestatuko dugu". Bestalde, Udaleko Kultura zinegotzi Maite Usabiagak Txapa irratiaren lana goraipatu du: "Euskal Herri osoan irrati gutxi dago 40 urteko ibilbidea duena. 40 urte hauetan belaunaldi berriak eta ideia berritzaileak izan dituzte, eta lau hamarkadaz irratia bizirik mantentzeak sekulako meritua dauka. Aldi berean, prentsa librearen aldeko aldarria egiteko aukera aproposa izango da".
'Aske maite haut' kanpaina
Udaleko Berdintasun Sailak eta herriko Martxanterak eta Oñeztua talde feministek agerraldia egin zuten eguazten iluntzean Aske maite haut kanpainaren berri emateko. Eraso matxistei aurre egiteko arreta eta esku hartzeko gunea jarriko dute Irizar jauregian –sarrera lorategitik izango da– maiatzaren 17an, 18an eta 20an, 22:00etatik 06:00etara; telefono-zenbaki bat ere eman dute: 747 44 84 56. Ordutegi horretatik kanpo larrialdiak (112), Udaltzaingoa (092) eta 24 orduko arreta eskaintzen duen 900 84 01 11 telefono zenbakiak martxan egongo dira.
Eraso matxisten aurkako gunea Irizar jauregian jarriko dute hilaren 17an, 18an eta 20an
Irizar jauregiko arreta puntuan hasierako arreta emozionala eta laguntza, eskubideei buruzko informazio egokia eta aholkularitza eta autodefentsa feministari buruzko informazioa emango dute; lan horretarako Emagin enpresa kontratatu du Udalak.
Hain zuzen ere, Udaleko berdintasun zinegotzi Ainhoa Letek mugimendu feministarekin egindako elkarlana jarri du balioan: "Jaiak egun bereziak izaten dira, modu aske eta lasaian gozatzeak. Tamalez, baina, badakigu jakin egun horietan eraso matxistak sortzen direla eta horregatik badira urte batzuk mugimendu feministarekin batera eraso matxista horiei aurre egiteko neurriak diseinatzen ditugula".
Autobus zerbitzu berezia
Bisitariei begira, ohikoa denez, gaueko autobus zerbitzua indartu egingo dute Udalak eta Lurraldebusek. Eibar eta Eskoriatza arteko linean gaur gaueko zerbitzua indartuko dute; biharko zerbitzua ohikoa izango da. Bestalde, Antzuola eta Elgeta arteko linean hilaren 17ko eta 18ko zerbitzua indartuko dute.