Egunerokotasunean gertatzen diren arrazakeria egoerak azaleratzen

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko mai. 14a, 09:57

Ikus-entzunezkoetako baten grabazioan ateratako argazkia. (Argazkia: The Badass Project)

Egunerokoan gertatzen diren arrazakeria egoerak azaleratzeko lau bideo labur grabatu ditu Bergarako Ndank Ndank elkarteak: "Asmo txarrekin egiten ez ditugun galderek edo izaten ditugun jarrerek ere ze eragin izan dezaketen ikusarazteko".

Bergarako Ndank Ndank elkarteak lau ikus-entzunezko labur sortu ditu egunerokotasunean gertatzen diren arrazakeria egoerak azaleratzeko. "Intentzio txarrik gabe gertatzen diren egoerak dira askotan, baina herritar horiek egunerokotasunean bizi dituzten mugen zakuaren pisua gehitu egiten dute pasadizo horiek, eta grabatutako labur hauekin nahi duguna esan da pentsatzeko ariketa egitea hitz egiten hasi aurretik", azaldu du Ndank Ndank elkarteko Eli Dominguezek.

Bergararrak grabazioetan

Bergararrak ageri dira bertako The Badass Project osatzen duten Ion Andueza eta Jone Albenizekin batera grabatutako ikus-entzunezkoetan, eta egunero gertatzen diren egoerak antzeztu dituzte; kalean zein ikastetxean gerta daitezkeenak, esaterako

"Nongoa zara?" galdera, adibidez, pertsona arrazializatuek sarri entzuten duten galderetako bat da. Askotan, gainera, Euskal Herriko herri batekoa dela erantzun ondoren, "bai, baina nongoa?" galdetzen diete berriro. "Iruditeria bat egina dugu guztiok, eta, gehienetan, hortik tiraka, pentsatu gabe, jarduten dugu. Galdera horrekin pertsona hori nola ikusten dugun ari gara transmititzen, eta horrek min egin dezake". Izenen ahoskatzeak duen garrantzia gogorarazi gura izan dute beste labur batean. Halaber, ondo ahoskatzeko ahalegina ez egitean, gutxietsiak sentiarazten diren mezua dakar horrek. Beste adibide bat da zuzenean pertsona arrazializatuengana gazteleraz zuzentzea. Ndank Ndank elkartekoen esanetan, oraindik harrigarri egiten da pertsona arrazializatu bat euskaraz hitz egiten entzutea. "Asko dira hemen jaio edo hazi diren eta euskaraz bizi diren pertsona arrazializatuak", eta hori ere ikusten da egindako bideo labur horietako batean.

Aldundiarekin batera

Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarbizitza eta elkartasun programaren barruan daude egindako lan horiek. Apirilean grabatu zituzten, Pazko Astearen ostean, eta sare sozialen bitartez ari da egunotan zabaltzen Ndank Ndank elkartea. Diote pertsona zuri asko identifikatuta sentitu direla bideoekin, baina ez zela hori euren helburua, eraginean hausnartzea baizik. "Horrelako egoeretan gure jarrerek edo galderek pertsona arrazializatuengan izan dezaketen eraginean arreta jartzea da ikus-entzunezko horiekin lortu gura duguna", azpimarratu nahi izan du Ndank Ndank elkarteko Eli Dominguez bergararrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak