Aberastasuna dario jaietako proposamen musikalari

Hasier Larrea 2024ko mai. 16a, 12:00

Ostiraletik astelehenera, euskal eta debagoiendar eszenako dozena eta erdi musika-talde inguruk erakutsiko dute Pentekosteetan zertarako gai diren. Hiru agertoki nagusitan banatuko dute gustu guztiak asetzeko moduko egitarau sorta.

Zaila da lau eguneko tartean hainbeste kontzertu ezberdin batzea herri bakarrean. Bergarako jaiak antolatzen ibili diren eragileek beste behin erakutsiko dute herritarrak gozarazteko daukaten ahalmena.

HILAK 17 / 20:00 / SAN MARTIN PLAZA

Doinu urbanoek emango diote hasiera ostiralean Pentekosteen egitarau musikalari, Mugimendu Sozialistaren txosnan. Bien bitartean, Bergarako Musika Bandak kalejira egingo du plazatik hasita.

Sotoalde

Proiektu freskoa da laukote bergarar gazteak esku artean duena. Joan den azaroan eman ziren ezagutzera eta badabiltza bideoklipak aleka argitaratzen.

 

HILAK 17 / 22:30 / TXOSNAGUNEA

Xaxau konpartsak zerbitzatuko duen lehen platerak rock, folk eta agrodance ukituak dauzka. Kontzertu horiek amaitzean teknoak hartuko du plaza, Ots, Wey, Zumi eta Anomalia bZb Munabek gidatuta.

Golden Blend

Zero kilometroko rockzale horiek plazaz plaza ari dira estudioko lehen lana, Bonben zalduna, aurkezten.

Unidad Alavesa

Lazkaoko talde ezagunak Motoki, Zakurreki, Egurreki... disko berriko kantuak gehitu dizkio ohiko errepertorioari.

Gora Etorri

Hemendik At dantzagarriaren usaina daukan proposamena, ezinezkoa haiei begira barrara itsatsita geratzea.

 

HILAK 17 / 23:00 / SAN MARTIN PLAZA

Bergarako Udalak ere prestatu du Pentekosteen lehen egunerako emanaldia, sentsibilitate handiko artista ekarrita.

Janus Lester

Beratik dator Jokin Pinatxoren ahots berezia, arima beltza, elektronika eta funka ederto menperatzen duten musikariekin.

 

HILAK 17 / 24:00 / SAN MARTIN PLAZA 

Mugimendu Sozialistaren egitarauak gauerdian izango du jarraipena. Gainera, DJak egongo dira 02:00etatik aurrera egubakoitz, zapatu eta astelehenean.

Kontralde

Arrasateko zigilua duten punk-rockerrek gustua hartu diote oholtzari azkenaldian; Erantzun bila aterako dira oraingoan ere.

Berandu Baino Lehen

Mundu kapitalistaren trapu zikinak azaleratzen ditu hirukote debagoiendarrak Utopian zein? lanean grabatutako abestietan.

Babes Gabe

Egitarauko banda gazteenetakoa, distortsioa maite duten elgetar horiek euskal taldeen bertsioak egiten dituzte, eta hasiak dira abesti propioak lantzen.

 

HILAK 18 / 16:00 / TXOSNAGUNEA 

Presoen aldeko bazkariaren ostean hasiko da zapatuko lehen zuzeneko kontzertua. 19:30ean, Guateke More Ibiltariaren erritmora joango dira festazaleak kalez kale.

The Sakamantekas

Agurainen sortutako talde horrek lastategiko punk-rock patxangeroa egiten du, haien abestiak eta euskal bertsioak tartekatuz.

 

HILAK 18 / 22:30 / TXOSNAGUNEA 

Bideberrin jarraituko dute kontzertuek gauean, askotariko estiloak nahastuta.

Zilibito Records

Kolektiboan egiten du lan oiartzuar koadrila gazte horrek. Deabruen doinuak EPan, musika urbanoaren bueltan, bachata, pop punk, hyperpop eta trap osagaiak daude.

Alargun Beltzak

Pasai Antxoko elektrotxaranga estiloko emakume taldea agertokietan jotzera ohitu da dagoeneko, musika giro maskulinoari aurre egiteko asmoz.

Lemak

Bizitasuna eta patxada konbinatuz, Herrikide diskoan bildutako kantuak eta nobedade gehiago ere aurkeztuko dituzte 2019tik herrian ezagunak egin diren hiru musikariek.

 

HILAK 18 / 23:00 SAN MARTIN PLAZA 

Zapatuan Udalaren apustu sendoarekin hasiko da plazako egitaraua.

Su Ta Gar

Aurkezpenik behar ez duten heavyek aho bete hortz utziko dituzte ikus-entzuleak; soinu eta argi-joko indartsuekin Alarma guztiak apurtuko dituzte.

 

HILAK 18 / 24:30 / SAN MARTIN PLAZA

Eibartarren ostean, animoz betetako neska talde batek jarriko du publikoa dantzan, Mugimendu Sozialistaren eskutik.

Hamarratz erromeria

Oñatitik dator nerabeak izanda ere lotsak atzean utzita dauzkan lagun taldea, gozatzeko eta gozarazteko asmorik onenekin.

 

HILAK 19 / 19:00 / TXOSNAGUNEA 

Domekako bazkari irekia eta bazkalostea Txomingerok eta Fanfarriak alaitu ostean, motibazioa goian mantentzeko plan ezin hobea dauka Xaxau jai herrikoien konpartsak.

Xabi Solano Maiza

Musika estilo eta hizkera aldaera aberatsak plazaratuko ditu Hernaniko trikitilari trebeak, ibilbide luze eta laburragoko kantuen bidez.

 

HILAK 19 / 21:30 / SAN MARTIN PLAZA 

Jaietako hirugarren egunean trikipop estiloari egingo dio tokia Bergarako Udalak.

Haize Arrosa

Sentimendu feminista sakona eta edertasunaren kanon sozialei egindako kritikaz osatutako lana, Ez dogu zor ezer izenekoa, aurkeztuko du Bizkaiko talde berri horrek.

 

HILAK 20 / 12:30 eta 23:00 / ESPOLOIA

Edozein herritan ongietorriak diren kantuak bertatik bertara dantzatu ahalko dira astelehenean, birritan.

Joselu Anaiak

Marina, Ai, Txabela! edota Uso zuritxo polita, modaz pasatzen ez diren klasikoak, eskainiko ditu 1977an debutatu zuen Araiako berbenazale familiak.

 

HILAK 20 / 20:00 eta 23:00 / TXOSNAGUNEA 

Azken hatsa Xaxauren kontura emango dute parranda-zaleek, afal aurretik eta afalostean.

Trikidantz

20:00etan nagi guztiak uxatuko ditu Iturengo erromeria talde horrek, kaleratu duten bi diskoetako baten tituluak dioen bezala, publikoari Bizitzaz goxatu behar dela gogoratuta.

Sukena

23:00etatik aurrera pop-rocka uztartzera igoko da seikote oñatiarra, Guztia gordetzea ezinezkoa da estreinako lanean erakutsi moduan. Udazkenean argitaratu zutenetik makina bat kontzertu ari dira.

 

Raimundo el Canastero

Rumbak elkartu zituen Lizarran talde horretako kideak. Jaiei agur esango diete flamenko, autotune eta rap nahasketez jositako N.T.E.R. diskoko kantuak abestuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak