Bergarako musika eskolaren 40. urteurreneko egitarauaren barruan kontzertu didaktikoa eskaini du gaur eguerdian Bergarako Musika Bandak pilotalekuan. Igor Larrañagaren azalpenei esker publikoak jakin du nola eta zergatik afinatzen duen banda batek, zergatik den banda sinfonikoa Bergarako banda eta ze zailtasun mailakoak izan diren kontzertuko hainbat pieza. Publiko gazteari eskainitako azalpenak izan dira, baina adinez nagusiagoak zirenek ere primeran jaso dituztenak.
Askotariko estiloetako eta garaietako zazpi pieza
Zazpi pieza izan dira entzungai: Kalez kale musikaz (2007, Alfredo Glz. Chirlaque), La gazza ladra (1817, G. Rossini), Rapunzel (2005, B. Appermont), Chandé (2013, V. Valencia), Zurekin batera (2020, En Tol Sarmiento), Quédate (2022, Quevedo-Bizarrap) eta musika eskolaren ereserkia (Alfredo Glz. Chirlaque) . Askotariko estiloak izan dira, tartean Rossiniren opera bateko pieza.
Rapunzel piezan antzerkia ere egon da; izan ere, musika eskolako ikasleek ipuinetako hainbat pasarte antzeztu dituzte bandak jo duen musikaren erritmoa jarraituz. Chandé obrari dagokionean, publikoak aukera izan du pieza bandako musikarien artetik jarraitzeko, eta musika eskolako ikasle askok baliatu dute aukera.
Gazte Banda ere musikarien artean
Azkenik, emanaldiko azken hiru piezak jotzeko handitu egin da musikari taldea; izan ere, bandako musikariei Bergarako musika eskolako gazte bandako kideak batu zaizkie. Doinu berriagoak jo dituzte eta dantzan ere egin du hainbatek publikoan. Kalejiran amaitu dute kontzertua. Bergarako musika eskolako gazte bandako zuzendari Txus Arriaranek zuzenduta eskolako ereserkia jo dute musikariek eskolako ikasleek eta irakasleek kalejira egin duten bitartean.