Maiatzeko lau egubakoitzetan izango dira Jardun Euskara Elkarteak eta Goiena Komunikazio Taldeak bestelako askotariko erakundeen laguntzarekin antolatutako Algaraka Bakarrizketa Lehiaketako saioak. Hamabi lehiakide izango dira lehian eta dagoeneko zabalik dago parte hartzeko deialdia. Euskarazko lehiaketaren oinarriak eta bestelako informazio gehiago Algara.eus atarian daude eskuragarri; izena emateko aukera ere atarian dago, eta Komunikazioa@algaraka.eus helbidera idatzita ere egin daiteke.
Aretoetan eta pantailan
Publikoaren aurrean egingo dituzte saioak eta lau artista izango dira bakoitzean. Aretoez gainera, Primeran plataforman izango dira ondoren ikusgai. "Bakarrizketa bakoitza merezi duen tokian jarri nahi dugu, eta EITBrekin dugun elkarlanak argiteria eta eszenografia hobetzen eta tresneria gehiago izaten ahalbidetuko digu, eta baita coach-a jartzen ere; bakarrizketariei gidoiak gainbegiratzen eta bestelako aurre-lanetan laguntzeko figura izango da hura", diote antolatzaileek.