Erramu zapatuak egitarau betea izan du aurten ere, goizean goizetik feriaren irekitzearekin batera. Askotarikoak izan dira aurrera eramandako ekimenak Bergaran eta musikaren doinuan jendetza ibili da postuz-postu zer erosi hausnartuz.
Ibargarai kaleko abelburuen erakusketan ume zein nagusiak ibili dira abereei begira eta, nola ez, txikienak hauen “muu” soinuak errepikatuz erantzuna jasotzeko zain. Nagusienak, ordea, abeltzainekin hizketan jardun dute eramandako abereen ezaugarriei buruz. Ibargarain kalean aurrera eginez, bai eta Simon Arrieta plazan elikagai postuak izan dira nagusi. Hosto berdeko barazkiak, ogia, gazta edota txorizoa, denetarik erosteko aukera anitzarekin; baita erosi aurretik produktu bakoitza probatzeko ere. Baina gosez geratuz gero, Eusko Labeleko postura joateko aukera ere bazegoen, bertako solomo pintxoez gozatzeko. Taloak gustukoagoak izanez gero, Seminarixoko patioan aukera bikaina zegoen landare erakusketa, burdindegi eta makineriaz inguraturik.
Artisauak, musika eta tailerrak
Artisau postuek arrakasta handia izan dute goizean zehar, San Martin plazan kokaturik, eta askotariko produktuz osaturiko mahaiak ikusgai egon dira. Eskuz eginiko belarritako, poltsa, panpin edota kutxak egon dira salgai. Guztira, askotariko produktuekin osatutako 140 postu izan dira aurten Erramu-zapatuan, baina ez dira protagonista bakarrak izan. Musikaz girotuta egon dira herriko kalean Bergarako Musika Eskolako trikitilari eta panderoen kalejira eta Aurtizko joaldunek girotu baitute herria. Euskal dantzen emanaldia ere egin da Munibe plazan.
Musika soinuak entzunik, gazteenek kandela tailerra egiteko aukera izan dute, erlauntzaren ondoan kokaturik, eta amaitzean argizariarekin egindako kandela eraman dute etxera. Erlantz Olabarria erlezain bergararra izan da erleen bizitzaren azalpenak eskeini dituena panel didaktikoen bidez. Baina ez da tailer bakarra izan, Ekoudalatx mintegi ekologikoko Idurre Aranguren eta Nerea Altunaren eskutik sendabelar tailerra ere egon da metro batzuk urrunago, eta hauek ukendu solidoa eraman dute etxera.
Txorimalo erakusketa
Aurten Erramu-zapatuan urte luzez egitarauko klasiko izan den ekintzetako bat berreskuratzeko ahalegina egin du Jardun euskara elkarteak eta beraz txorimaloak ikusgai egon dira Ibargarai kalean. Aurten, ordea, lehiaketa izatetik erakusketa izatera pasa da eta bertan izan dira parte hartu duten zortzi taldeen aparteko txorimaloak euskararen aldeko leloak paparrean idatzirik zituztela.
Jai giroan eta eguraldia lagun izanik feria, musika, tailerrak eta askoz gehiago izan dute bergararrek aurtengo Erramu-zapatuan.