Landaola saria Oxirondo azokako Elikaeneari

Eneko Azkarate Laspiur 2024ko mar. 14a, 15:53

Ainhoa Lete eta Markel Azkargorta, garaikurra jaso berritan.

Bergarako Oxirondo azokan kokatuko den Elikaenea gunea saritu dute Landaola sarietan, Erakunde Publikoaren Saria kategorian. Zazpigarren edizioa da aurtengoa, eta, Bergarako Udalari emandako sariaz gain, beste hiru banatu dituzte hainbat ataletan.

Honelaxe baloratu du saria epaimahaiak: "Burujabetza eta bertako produktuak oinarri hartuta, azoka garaikidearen kontzeptuari heldu dio Elikaeneak, baserritarren produktuak lehen lerroan eskuragarri jarriz, ordutegi malguaz, kalitatezko eta konfiantzazko jakiak eskura ipiniz, sentsibilizazio jarduerak antolatuz, zein jantokien horniketa aukerak landuz".

Ia bi urteko barne lanaren ostean, Oxirondo azoka berritua gorpuztuko duen Elikaenea egitasmoa joan den abenduan aurkeztu zuten Bergarako Udalak eta herriko Elikadura Mahaia osatzen duten hainbat eragilek. Asmoa da udaberrian zehar irekitzea azoka erabat berrituan.

Sariak landa garapeneko proiektuei aitortza egiteko sortu ziren. Lau ataletan ematen dira: Erakunde Publikoa, Erakunde Pribatua, Landa Eremuko Emakumea eta Ibilbidea. Sariek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa daukate.

"Esker oneko unea"

Usurbilgo Sutegi aretoan egin zuten atzo sari-banaketa ekitaldia. Ainhoa Lete eta Markel Azkargorta Bergarako Udal Gobernuko kideak izan ziren bertan. Elikaenea moduko proiektu batek "piztutako ilusioa eta interesa" nabarmendu zituzten. "Emozio eta esker oneko momentua da. Oxirondo azoka biziberritzeko herri proiektuak, eta horretarako muina izango den Elikaenea proiektuak, sari hau jasotzeak ilusio berezia egiten digu".

Ainhoa Letek gogoratu du 2021ean egindako "azoken hausnarketa konpartituan" hasi zela egitasmoa. "Garai hartan sortu zen Bergarako Elikadura Mahaia. Elikadura burujabetzan sakondu eta bertako produktuen ekoizpen zein kontsumoan eragiteko zeregin eta ardurak bere eginda hasi zen lantaldea martxan. Norabide horretan, eta elkarlan publiko-komunitarioa oinarri hartuta, azoka biziberritzeko proiektua lantzen aritu da lantaldea ordutik".

Ideia horri jarraituz, zera gehituta amaitu du zinegotziak: "Elikaenea proiektua ezinezkoa izango litzateke alboan daukagun eta izan dugun lantalde barik".

Beste hiru saritu

Erakunde Publikoaren saria jaso du Bergarako Udalak baina beste hiru saritu ere izan dira. Erakunde Pribatuaren saria jaso du Makatza baserriak (Agurtzane Gabiria); Emakumeak Landa Eremuan saria Hitzez elkarteak; eta Urteetako Ibilbideari saria Eli Arrillagak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak