Jabekuntza Eskolaren Soilik bai da bai legearen gaineko solasaldia, Oñeztua –lehengo Bergarako Neska* Gaztiak– taldearen aurkezpena, bi erakusketa, umeendako antzerkia, zinema... Martxoaren 8ko egitaraua oparo dator Bergaran ere (Ikus 28. orria). Udalaren eta Berdintasun Kontseiluaren egitarauaren barruan dago Martxanterek deitutako manifestazioa; gaur izango da, 19:00etan, eta San Martin plazan hasi eta bukatuko da.
Ez ga geldittuko bizitzak duindu artean lelo izango duen manifestazio amaieran performance bat egingo dute. "Bizitza duinen aterkipean sartzen diren hainbat gai eta aldarri lantzeko espazioak sortzen ari gara. Besteak beste, zaintzaren arloko gaiak, etxebizitza eta osasun sistema izan dira gogoeta egiteko gaiak. Eskubide eta oinarrizko behar ditugun gai horien inguruan herri mailan eman daitezkeen erantzunetan sakontzen jarraituko dugu", adierazi dute Martxanterek.
Pentsiodunak, merkatariak...
Martxoaren 8aren baitako ekintzek babes zabala izan dute herri barruan. Astelehenero San Martin plazan elkartzen den pentsiodunen mugimenduak, esaterako, zaintzari buruzko "irakurketa berezia" egin zuen eta Martxanteren gaurko deialdiarekin bat egin zuen. Bedelkar merkatari elkarteak ere dei egin du gaurko manifestaziorako, eta herriko ikastetxeetan hainbat ekimen gauzatu dituzte. Horrez gain, biharko, hilak 9, Oñeztua taldeak egun osoko egitaraua prestatu du taldea ezagutzera emateko: "Taldea martxan jarrita zegoen, eta, ziklo aldaketa irudikatzeko izena aldatu dugunez, zapatuko eguna talde berria ezagutzera emateko baliatuko dugu". Honako hau izango da egitaraua: taldearen aurkezpena Irizar jauregian (11:30); bazkaria (14:30); bazkalosteko jolasak (16:00); karropoteo feminista (19:00); Kiimak taldearen kontzertua Arranon (22:30); eta DJ Kalimounstro Arranon (00:00).
Erakusketa Laboratoriumen
Laboratorium museoak eta Jakiundek 24 emakume-mujeres-femmes erakusketa aurkeztu dute asteon. Martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai, eta Jakiundeko zenbait kideren 24 argazkiren bitartez emakumeek zientzietan, arteetan eta letretan duten papera ikusarazi nahi dute Euskal Herriko kaleetan eta plazetan. Erakusketa museoaren kanpoaldean instalatu diren plaka batzuen bitartez ikusi ahalko da, eta solasaldi bat zein ikasleei zuzendutako bisita gidatuak eskainiko dituzte. "Neska-mutilek aukera-berdintasunean ikasi eta lan egin ahal izan dezaten edozein diziplinatan, bizitzaren arlo guztietan emakumeek zer presentzia duten jakin behar du gure gizarteak, eta hori ikusarazi egin behar dugu. Emakumeek zientzietan, arteetan eta letretan lan egiten, laguntzen eta gozatzen dute", adierazi du Jakiundeko presidente Juan Ignacio Perezek.
Gainera, martxoaren 22rako, 10:00etan, Seminarixoan DBHko ikasleentzako eta gaiaren inguruan interesa daukan edozein herritarrendako solasaldi bat antolatu dute; martxoan zehar Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleendako bisita gidatuak ere antolatu dituzte.
Antzerkia eta zinema
Kultura gidako eskaintzak ere ukitu more nabarmena izango du. Martxoaren 16an, adibidez, Txapeldunen liga umeendako antzezlana ikusi ahalko da Seminarixoan (18:00); sarrerak salgai daude, seminarixoa.eus-en.
Emakume artistak, domekara arte Aroztegin
Martxoaren 8ko ekintzen barruan ohikoetako bat bihurtu da herriko artistek Aroztegin jartzen duten erakusketa. Otsailaren 23an ireki zuten, omenaldi xume batekin Luisa Arregiri, Mari Paz Alustizari, Asuntxi Gallastegiri eta Dioni Tartasi. Arregi eta Alustiza margolariak dira; Gallastegi musika irakaslea izan zen hainbat urtez; eta Tartas argazkilaritzan aritu izan da. Antolatzaileek dei egin diete erakusketa bisitatu ez dutenei Aroztegitik pasatzeko; azken egunak izango dira horretarako, domekan itxiko dute eta. Honako ordutegi hau izango du Aroztegi aretoak domekara bitartean: gaur, 18:00etatik 20:30era; bihar, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domekan, 12:00etatik 14:00etara.