Eider Usobiaga: "Ez da babestea; euskara erabili egin behar dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mar. 4a, 09:12

Eider Usobiaga, asteon, Udaleko Euskara Zerbitzuaren atarian.

Udalaren Euskara Plan berria egiteko galdetegia prestatu du Euskara Zerbitzuak, eta martxoaren 3ra arte bete daiteke www.bergara.eus-en. Euskara zinegotzi Eider Usobiagarekin (Bergara, 1994) egon da GOIENA, xehetasunen berri izateko.

2024tik 2028ra arteko Euskara Plana egiten ari da Udaleko Euskara Zerbitzua, eta lan horretan ari da buru-belarri Usobiaga: "Aurreikusten dugu dozena erdi lantalde osatzea".

Zer moduz zinegotzi moduan?

Ondo. Gauzak perspektiba osoago batetik ikusten laguntzen du. Askotan, ez dakigunaz edo erdizka dakigunaz hitz egiten dugu, eta behin gaien jakinduria zabalagoa izanda beste modu batera ulertzen dira. Kritika egitea merkea eta erraza den garaiotan, positiboa da aukera hau izatea.

Zeintzuk dira lehentasunak 2024tik 2028ra arteko Euskara Planerako?

Lehenik eta behin, euskararentzako erabilera eremuak ziurtatu eta indartu nahi ditugu. Euskara ohiko hizkuntza izateak eskatzen du begiratzea adin-tarte bakoitzean zertan ematen dugun denbora gehien. Ume eta gaztetxoengan familia, eskola eta eskolaz kanpoko jarduerak izango dira, adibidez. Nagusiengan, familia, lan-mundua, esparru soziokulturala, lagunartea... Gainera, gaur egun badago beste arlo-multzo bat oso eragin handia duena: sare sozialak, ikus-entzunezkoak… Erdal mundua da eta ez da erraza herri mailatik eragitea, baina ahaleginak egingo ditugu.

Beste bi lehentasun ere badituzue.

Hala da. Bigarrenik, euskaraz egiteko gaitasuna indartu nahi dugu; azken urteetan jende asko etorri da kanpotik, eta jarraituko du etortzen. Pertsona horiei euskaraz ikasteko bideak erraztu behar dizkiegu, hasi umeengandik eta gazte-helduengana. Baina, horretaz gain, jatorriz bertakoak izanda ere, gaitasuna landu behar da; izan ere, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da euskaraz bikain, gaztelaniaz baino hobeto, moldatuko den multzo zabal bat izatea. Bereziki landu beharrekoa harreman informalen mundua da. Eta, hirugarrenik, euskaldungoa aktibatu behar dugu, gizarte sare zabal eta parte-hartzailea sortu, talde naturaletan oinarrituta –kuadrillak, laneko lagun-taldeak...–.

"Plan berrian pisu handiagoa emango zaie aktibazioari, parte hartzeari eta behar berriei"

Zer izango du ezberdina plan horrek aurrekoekin alderatuta?

Pisu handiagoa eman nahi zaio, alde batetik, aktibazioari eta parte-hartzeari; eta, bestetik, gizartearen bilakaerak dakartzan behar berriei: mundu digitaleko euskarazko eskaintza handitzea, euskara ikasteko bideak erraztea...

Ze prozesu diseinatu duzue?

Prozesu parte-hartzailea izango da, askotariko proposamenak lantzeko saioekin. Aurreikusten dugu dozena erdi bat lantalde osatzea eta horietako bakoitzarekin pare bat saio egitea. Gainera, hainbat sektoretako kidez osatutako kontrasterako lantalde bat ere osatuko dugu.

Nola bizi duzue Udaletik azkenaldiko oldarraldi judiziala?

Arazo bat da, urte askoan aldeko kontsentsu zabala egon den gaietan kontrako epaiak jaso direlako eta euskaraz normal jardutea zalantzan jarri delako. Bergarako Udalaren kasuan, funtzionamendua eta administrazioa oso euskaldunak dira; beraz, gurearen antzeko udaletan atzerapauso handia ekar lezakete epai horiek. Eta, aurrez esan dugun moduan, euskarak, biziko bada, ezinbesteko ditu bereak dituen ohiko eta nagusi izango dituen eremuak. Ondorioz, zailtasunak zailtasun, guk euskaraz funtzionatzen eta orain arteko bideak sendotzen jarraituko dugu.

Ze harreman duzu euskararekin?

Duela gutxi, Onintza Enbeitaren bideo bat ikusi nuen, eta guztiz bat nator bertan esaten denarekin: "Babestu behar dugun" eta "galkorra izan daitekeen" diskurtsotik atera behar dugu. Ahuldu egiten du bere horretan. Erabili egin behar dugu, besterik gabe, eta erabilera hori eremu ezberdinetan indartu eta hedatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak