Jesus Kalboetxeaga: "Lapikoa gutxi erabili ohi dugu, eta frijitzeko plantxa gehiegi"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ots. 24a, 09:11

Jesus Kalboetxeaga, Elgetako Maialde jatetxeko sukaldean.

Martxoko lehen hiru astelehen eta eguazten arratsaldeetan sukaldaritza ikastaro praktikoa emango du Jesus Kalboetxeagak (Bergara, 1964) San Joxepe elkarteko sukaldean; izena eman daiteke otsailaren 29ra arte.

Esperientzia luzea dauka Jesus Kalboetxeagak (Bergara, 1964) sukaldean lanean. Gaur egun itxita dagoen Zuhaizti jatetxean aritu zen "hainbat urtez", eta azken hamahiru urteak Elgetako Maialde jatetxean egin ditu. Gogotsu hartu du Elikadura Mahaiak martxora begira antolatu duen sukaldaritza ikastaroa gidatzeko proposamena. Izena eman nahi duenak ehundu@ ehundu.eus helbidera idatzi behar du otsailaren 29a baino lehen. Hamasei lagunendako lekua egongo da gehienez eta ikastaroa martxoko lehen hiru astelehen eta eguaztenetan izango da, San Joxepe elkarteko sukaldean, 17:30etik 20:00etara.

Sukaldean urte asko, baina baduzu esperientziarik ikastaroak gidatzeko orduan?

Egia esan, ez dut ikastaro askorik eman. Gogoan dut duela 15 bat urte saio batzuk eman nituela barazki-sukaldaritza oinarri hartuta, Mireia Alberdi dietistarekin batera. Honako hau beste ikastaro bat izango da.

Zein da ikastaroaren helburua?

Zero kilometroko produktuak lehenetsita, betiere, Elikadura Mahaiko kideek galtzeko bidean dauden ohituretan eragin nahi dute, besteak beste. Nabaria da bereziki gazteengan kozinatzeko ohitura galtzen ari dela; elkarte gastronomikoetan nire begiekin ikusi izan dut askotan: askoz ohikoagoa da kuadrilla gazteak egindako janaria berotzen ikustea kozinatzen ikustea baino. Etxeko oinarrizko sukaldearen garrantziaz ohartarazi nahi dugu, beste hainbat gomendiorekin batera.

Ze beste gomendio emango diezu izena ematen duten herritarrei?

Sukaldean egingo dugu lan, baina erosketak egiterakoan aintzat hartu beharreko aholku batzuk ere emango ditugu, kozinatzeko askotariko teknikak, elikagaiak kontserbatzeko gomendioak... Adibidez, bakarrik bizi direnei askotan gertatzen zaie janaria soberan geratzen zaiela; osagai batzuk berrerabiliz beste plater batzuk egin daitezkeela ikusiko dugu. Horrez gain, garrantzitsua da sukaldean edozer egiteko orduan ordena bat jarraitzea, eta hori beti izango dugu oso presente ikastaroan zehar; ondo jakin behar dugu noiz zer egin. Oso praktikoa izango da ikastaroa; izena ematen dutenek eroan ditzatela amantala, papera eta boligrafoa.

Izena ematen dutenen araberakoa izango da ikastaroa, ala?

Erabat. Animatzen direnen beharren eta mailaren araberakoa izango da landuko duguna. Horregatik, ikastaroko lehen eskola klabea izango da; izena ematen dutenei inkesta labur bat pasatuko diegu, euren beharrak zeintzuk diren ahalik eta ondoen jakiteko. Elikadura Mahaikoek arrain-zopa, menestra eta askotariko gisatuak prestatzea dute buruan, hasiera batean.

Zergatik uste duzu ari dela galtzen kozinatzeko ohitura?

Hainbat faktore egon daitezke, baina azkarregi bizi izatearen beste ondorio kaltegarri bat dela uste dut. Niri ere gertatzen zait; askotan eroaten dut etxera jatetxean kozinatzen dudana. Bestalde, ulertzekoa da gazteek garrantzi handirik ez ematea sukaldean aritzeari, eta urteekin hazten joaten dela kezka, baina, oro har, ez diogu behar besteko denborarik eskaintzen sukaldeari. Lapikoa gutxi erabili ohi dugu gaur egun, eta frijitzeko plantxa gehiegi.

"Azkarregi bizi izatearen beste ondorio kaltegarri bat da behar beste ez kozinatzea"

Gainera, erosketa-saskia bereziki garesti dago azkenaldian...

Halaxe da. Oreka bilatzean dago gakoa, baina ukaezina da bertako produktu freskoaz gozatzeko ordaindu egin beharra dagoela. Janaria merkeegia izatea ez da seinale ona izaten.

Duela 15 urte eman zenuen ikastarotik asko aldatu dira gauzak?

Asko aldatu dira gauzak, bai. Gogoratzen dut orduko ikastaroaren helburu nagusia zela ezohikoak ziren barazkiak erabiltzen irakastea. Orduan baziren osagaiak belar-dendetan erosi beharrekoak zirenak, baina gaur egun ia edozein janari-dendatan aurkitu daiteke ia denetarik.

Zergatik inbertitu beharko genuke denbora gehiago sukaldean?

Erosketaren eta kozinatzeko prozesua norberak kontrolatzea aurrerapauso osasungarria da; beti saiatzen naiz nire bi alabei plater osasungarriak ematen. Beste kontu bat da etxetik kanpo jaten dutena...

Elikadura Mahaitik sortutako ikastaroa

Kalboetxeagak gidatuko duen ikastaroa Elikadura Mahaitik sortutakoa da, eta honela azaldu dute nondik sortu zen ekimena: "Elikadura Mahaiko kideek eta taldeek kezka bat jarri zuten mahai gainean, etxeko erosketa eta jana prestatzeko orduan oinarria falta zela eta galtzen ari zela. Plater berritzaileak eta postreak jarraitzen ditugu sare sozialetan, baina edozein gauza prestatzeko oinarria oso garrantzitsua da. Elikagaien prezioa kezka-iturri orokorra den garai honetan, lapikoko janaria da, hain zuzen ere, berreskuratu beharko zen zerbait. Eta hutsune hori betetzeko saiakera egitera dator ikastaro hau".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak