Ruben Romero: "Gure diruarekin guk agindu beharko genuke"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ots. 19a, 11:42

Ruben Romero, hilaren 21ean aurkeztuko duen liburuarekin, Gorlara bidean.

Otsailaren 21ean, Elige pildora liburua aurkeztuko du Ruben Romerok (Aretxabaleta, 1976) Irizar jauregian (18:30). 2020a ezkero Bergaran bizi da, eta 20 bat urte daroatza haren dirua inflaziotik nola babestu bilatzen. Bitcoinen inguruan dihardu, herritar askorentzat arrotza den mundua "modu erraz eta argian" ulertarazten saiatzeko.

Emaztea bergararra eta lantokia Bergaran duen aretxabaletarrak liburua idatzi du: "Datu objektiboekin frogatu nahi dut bitcoinei egiten zaizkien erasoak oinarri gabekoak direla".

Elige píldora izenburua jarri diozu liburuari; zergatik?

Izenburua Matrix filmean dago oinarrituta, argi eta garbi. Bertan, Morfeok Neori Matrixetik irtetea eta mundua benetan den bezala ikustea –pilula gorria– edo bizitza artifiziala eta manipulatua bizitzen jarraitzea –pilula urdina– eskaintzen dio. Bitcoinek pilula gorria irudikatuko lukete; eta Fiat diruak –euroak, dolarrak...–, urdina. Liburuak Fiat dirua bitcoinen aurka jartzen du. Gaur egungo diru-sistemaren gehiegikeriak eta gabeziak erakusten ditu, eta bitcoina nola diseinatu zen, hain zuzen ere, gabezia horiek konpontzeko. Datu objektiboekin, betiere, bitcoinen aurka egiten diren eraso gehienak indargabetzen ditut liburuan, erabat funtsik gabeak direla eta interes ekonomikoek zuzentzen dituztela erakutsita.

Zer lortu nahi duzu liburuarekin?

Nire asmoa bitcoina modu argi eta errazean ulertzen laguntzea da, ikasten jarraitzea galaraziko dien teknizismo askorik gabe. Gure egunerokoan euroak erabiltzen ditugu, baina inoiz ez diogu geure buruari galdetzen nork egiten dituen, zenbat euro dauden munduan, zertan oinarritzen diren diru gehiago edo gutxiago inprimatzeko eta abar. Ez da bitcoinen inguruan oso aditua izan behar erabiltzen hasteko; gertatzen dena da hedabideetan ateratzen diren albisteen %99 negatiboak direla bitcoinen inguruan, eta horrek beldurra sortzen du. Nire azken helburua da jendea animatzea bere diruaren agintea har dezala; gure diruarekin guk agindu beharko genuke. Oro har, jendeak bere egunean zortzi orduz lan egiten du, hilabete amaiera iritsi zain kobratzeko, eta gero, atseden hartzen du, haren lana amaitu dela pentsatuz. Hori akatsa da; atseden hartu beharko genuke gure dirua non eta nola jarri ikasten dugunean.

"Albisteen %99 negatiboak dira bitcoinen inguruan, eta beldurra sortzen dute"

Ze gomendio emango zenioke bitcoinekin hasi nahi duenari?

Ezer baino lehen, egoera ondo aztertu dezala. Irakur dezala, bila dezala informazioa eta iker dezala, bitcoina zer den ulertu arte. Gomendatzen dut ikastaroren bat hartzea eta merkatura sartzeko aukera baliatzea aditu baten eskutik. Eta, garrantzitsua, sare sozialetan nagusi diren ke-saltzaileetatik ihes egin dezala. Behin ondo informatu ondoren eta sartzea erabakitzen badu, epe laburrean behar ez duen diruarekin bakarrik egin dezala.

Arriskua ala aukera dira?

Egia da halako inbertsioek arriskuak dituztela. Hainbat arrisku-faktore daude; besteak beste, teknologia, aktibo digitalak eta aktibo horien plataformak ez ezagutzea. Edozein inbertsio motaren aurrean, errentagarritasunaren eta arriskuaren arteko binomioa hartu behar dugu kontuan. Zenbat eta errentagarritasun handiagoa, orduan eta arrisku handiagoa. Beraz, bitcoinak errentagarritasun ikaragarriak eskaintzen baditu, horietan inbertitzeko arriskuak ere halakoak izango dira. Horregatik, bitcoinetan euro bakar bat sartu aurretik, sakon aztertu behar da. Epe luzera begira belaunaldien arteko aberastasuna sortzeko aukera handiak eskaintzen ditu bitcoinak; zenbat eta beranduago konturatu, orduan eta aukera gutxiago.

Ze etorkizun ikusten diozu?

Badirudi diru kopuru handiak sartuko direla merkatuan. Nire kalkuluen arabera, 2024 amaierarako edo 2025 hasierarako, bankuak inbertsio-funtsak eskaintzen hasiko zaizkigu bitcoinetan edota bitcoinei lotutako beste produktu batzuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak