Bergarako Sortuk gogora ekarri duenez 43 urte bete dira aurten Espainiako Polizia Nazionalak Joxe Arregi zizurkildarra erail zuela tortura basatiak eragin ondoren: "Kolore guztietako poliziek eragin dituzte torturak, Espainiako eta Euskal Herriko komisaria eta kuarteletan. Tortura gatazka politiko baten testuinguruan praktikatu dute, modu planifikatu batean egin ere. Alegia, tortura sistematikoa izan da Espainiako Estatuan, eta helburu argi bat izan du: euskal disidentzia politikoa isilaraztea eta zapaltzea. Horren atzean erantzukizun eta erantzule politikoak daude: torturak praktikatu dituztenak eta hori ahalbidetu dutenak".
Bergarako Sorturen arabera, oraindik "asko" dago egiteko memoria oso bat eta elkarbizitza sendo bat eraikitzera begira: "Aitortza sozial, politiko eta instituzionala falta da. Guztion bultzadarekin hel diezaiegun behingoz erantzuteko dauden galderei, aitortzaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen bidean. Eta, zehazki, dei egin nahi diegu Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroa Garaiko Gobernuari dagozkien erantzukizunak euren gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko, hori baita auzi honi aterabide justu eta demokratiko bat emateko egin dezaketen ekarpen egokiena".