Otsailaren 13a Euskal Herriaren egutegian eta oroimenean "beltzez" irudikatzen duten efemeridea dela adierazi du Sortuk. "Nagusiki, eta dagoeneko, 43 urte igaro direlako Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra Espainiako Polizia Nazionalak erail zuenetik, tortura basatiak eragin ondoren. Arregiren heriotza Franco diktadorea hil eta urte gutxira eragin zuten; zoritxarrez, hurrengo hamarkadetan ez zen torturaren eraginez eraildako azken euskalduna izan, gatazka politikoaren testuinguruan eta ustezko demokrazia garaian", nabarmendu dute.
Estatu espainiarrak "sistematikoki" erabili duen jokabidea izan dela salatu dute, "Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea ukatzea izan delako bere helburu behinena". Era berean, "Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan eragindako astakerien ondoriozko minak" oraindik sendatu ez direla ere gogorarazi dute.
Torturaren errealitateak ardurak onartzea eta argitzea eskatzen du, Sorturen esanetan. " Hura posible egin eta iraunarazteak arduradun politiko, instituzional, polizial, mediku, judizial eta mediatikoen inplikazio zuzena izan du. Torturaren beraren existentzia ukatzeak, sakonean, Euskal Herriak estatuekin duen gatazka politikoa ezkutatzea bilatzen du".
Aitortzaren esparruan "jauzi handiagoa" egin ahal izateko, torturatuek "subjektu zentrala" izan behar dutela dio alderdi abertzaleak, "hainbestetan isilaraziak izan diren milaka ahots horiek" bozgorailu propioa behar dutela gaineratuz. "Ukatuak izan diren testigantza horien balioa aitortu, eta espazio publikora eramateko elkarrekin bultzatzea ezinbestekoa izango delako".