Irati Aizpurua Alkezar: "Etxeko zaintzaileendako araudia bidegabea da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ots. 12a, 09:54

Irati Aizpurua Alkezar, Ehundu bulegoaren atarian.

Etxeko zaintzaileentzako eta haien kontratatzaileentzako zerbitzu berriaren gidaria da abokatu donostiarra: "Ezin gara zaintzaz aritu etxeko langileen egoeraz berba egin gabe".

Abokatu moduan "ikuspegi feministatik" egiten du lan Irati Aizpurua Alkezarrek (Donostia, 1987). Etxeko langileei begira Udalak martxan jarri duen zerbitzu juridiko berria gidatzen dihardu, Ehunduren bulegotik.

Zein da gidatzen ari zaren Udalaren zerbitzu berriaren helburua?

Udalak aholkularitza juridiko zerbitzu berritzailea jarri zuen martxan 2023ko azaroan, garatu nahi duten Berdintasun Planari lotuta. Zerbitzu hori etxeko langileei eta euren enplegatzaileei dago zuzenduta. Izan ere, etxeko langileek erregimen berezia dute Gizarte Segurantzan eta lan-erregimena antolatzeko araudi berezia dago; eta araudi horren inguruan egon daitezkeen zalantzak argitzeko, zerbitzu juridiko hori eskaintzea erabaki zuten. Beste herri batzuetan badaude halako zerbitzuak; gehienak, Emakumeen Etxeetatik bideratuak. Bergarako Udalak, baina, apustu garbia egin du.

Behin martxan jarrita, nola doa?

Oso harrera ona izan du, etxeko langileen erregimenaren inguruan beti egon ohi dira-eta zalantzak, eta horiek argitzeko kontsulta juridiko bat eskura eta doan izatea eskertzekoa da herritarrentzat. Hala ere, hitzordua eskatzeko argi adierazi nahi dut edonor etor daitekeela galderak egitera; ohartu gara mugak daudela hitzordua eskatzeko.

"Lan bakartua izateak zaildu izan du haien eskubideak modu kolektiboan defendatzea"

Zein da etxeko zaintzaileen egoera? Ze hutsune bete nahi duzue?

Etxeko langileen auziaren irakurketa ikuspegi feministatik egin beharra dago, langileen gehiengoa emakumea delako eta askotan zaintza-lana delako, historikoki emakumeei lotutakoa. Araudi berezi bat aplikatzen zaie, eta, zoritxarrez, erregimen hori sortu zenean gainerako langileek baino eskubide eta babes gutxiago zuten langile haiek. Egoera hori bidegabea dela diote hainbatek, baita nik neuk ere, eta azken urtean aldaketa txiki batzuk egin dira legedian egoera hobetzeko; adibidez, 2022ko amaiera ezkero, langabezia-sarirako kotizatzen dute. Zerbitzu horren helburua ez da bakarrik langileek euren eskubideei buruzko informazioa ematea; garrantzitsua da baita ere familiek informazioa jasotzea, kontratatzeko orduan, esaterako, haien lan-baldintzak betetzen ari diren jakin dezaten.

Nola hobetu daiteke, zure ezagutzatik, etxeko langileen egoera?

Etxez etxeko lan horrek modu bakartuan egotera behartzen ditu hainbat emakume, eta, orain gutxira arte, horrek asko zailtzen zuen modu kolektiboan euren eskubideak defendatzea. Orain, aldiz, badaude elkarteak euren baldintzei buruz hausnartzen dihardutenak; gainerako langileen baldintzen antzekoak lortzeko bidean erreklamazioak egiten dira. Adibidez, langabezia-prestazioa izan dezaten lortu da. Askotan pasatzen zaie lan batzuk egiteko kontratatuak direla eta gero lan-zama asko handitzen zaiela. Era berean, barneko langile izateari uzteko aldarrikapena ere gero eta ozenago entzuten da; ia egun osoan zainduaren etxean egoten dira, eta, ordu guztiak lanordu ez izan arren, psikologikoki lotura handia dago. Horrek osasun mentalean ere eragin dezake.

Zaintza erdigunean jartzeko aldarria gero eta ozenago ari da entzuten...

Azken greba feministan etxeko langileen egoera presente egon zen, nahiz eta elkarte batzuk ez ziren ados azaldu. Ezin gara zaintzaz aritu etxeko langileez berba egin gabe, besteak beste, helduen zaintzaren arduraren parte handi bat eurek daramatelako. Hala ere, greba hartan ama guztien ahotsa ozenago aldarrikatu izana eta zaintza-lanetan duten papera argiago islatu izana eskertuko nukeen. Zaintzaren planteamendu integrala egiteko, lehenik, diagnostiko egokia beharko genuke. Eta, hortik hasita, hobekuntzei ekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak