Aurtengo gutunak maitasunari goxotasunez eta gordinkeriaz idatzita, askotariko erpinetatik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ots. 12a, 13:09

Iazko sariketako irabazleak sari-banaketa ekitaldian.

Beste pertsona bati zein nork bere buruari zuzendutako bost gutun "sakon" sarituko ditu Jardun Euskara Elkarteak 32. Amodiozko Gutunen Lehiaketan; etzi, eguaztena, Bergarako Irizar jauregian egingo dute, 19:00etan, sari-banaketa ekitaldia.

78 gutun eta 49 esaldi jaso dituzte, guztira, eta antolatzaileak "pozik" daude uztarekin. "Beste urte batzuetan saria jaso duen Ibon Segura Arkauz eskoriatzarraren Maita neurririk gabe, goza zoroen pare, amodioa muga dezakeenik ez baita, inor ez zoroen jabe esaldia da epaimahaikideek nabarmendu dutena. Gutunei dagokienez, emakumezkoek idatzitakoak eta Gipuzkoatik bidalitako gutunak dira gehienak. 26 urte azpikoak dira jaso ditugun gutunen %64".

'Parte hartzaile berriaren saria'

Adierazle ona da datu hori, aurten 32 urte bete dituen sariketak belaunaldi gazteko idazleak erakartzen jarraitzen duela erakusten duelako. Hain justu, helburu horrekin sortu dute aurten Parte hartzaile berriaren saria, Ibarrako Saioa Etxegia Eizagirrek jasoko duena.

Sariketa estimatua eta berezia da hasiberriendako, baina baita eskarmentua duten idazleentzako ere. Honela dio egubakoitzean sari nagusia jasoko duen Sara Aranburu Lasa ordiziarrak: "Tarteka parte hartu dut; pare bat urtetan bai. Gustukoa dut gaiagatik; gozozalea naiz. Amodiozko Gutunak-ek badu postretik, azukre-koxkorretik... Tentagarria niretzat; kar-kar-kar. Are gehiago, eskertzekoak eta txalotzekoak dira honelako ekimenak; aukera bat da, eta euskal kultura babesteko modua". Aurrez saria irabazitakoa den Uharteko Iosune de Goñi Garciak aurten ere parte hartu du eta bigarren sari nagusia eskuratu du. "Aspalditik nenbilen neure buruari gutun bat idazteko ideiari bueltak ematen, eta lehiaketara bidaltzea ondoren bururatu zitzaidan zerbait izan zen. Ez nuen lehiaketara berriz aurkezteko asmorik, baina, gutuna idatzi ondoren, bidaltzea erabaki nuen. Hala ere, sariketak oso oroitzapen onak ekartzen dizkit".

Herriko idazleentzako ere "estimatua da Jardunen sariketa; horren erakusle da aurten 17 eskutitz jaso dituztela. Estreinakoz hartu du parte 16 urte dituen Eneka Mondragon Alberdik. "Lehiaketa polita iruditzen zait, parte hartzen dudan lehena aldia da, eta egindakoarekin oso pozik gelditu naiz". Bergarakoa da Gaztea saria eskuratu duen Aroa Elortza Payros; gutuna Herbehereetatik bidali badu ere, lan kontuak direla-eta atzerrian bizi da orain dela bi urtetik. "Sariketa berezia iruditzen zait niri ere, askotan amodioaren inguruan pentsatzean maitasun erromantikoa etortzen zaigulako burura, baina niretzat, beste esanahi bat hartzen duelako amodioak sariketa honetan".

Gutun "oso pertsonalak"

Sara Aranburu: "Barne hausnarketa bat da, gorputza mezuaren igorle gisa pertsonifikatuz"

Maitasuna ulertzeko eta adierazteko askotariko moduak aurkitu dituzte gutunetan aurten helduen epaimahaikide lanetan jardun duten Imanol Agirre idazleak, Zaloa Urain Kokein taldeko abeslariak, Oñatiko Maider Arregi bertsolariak eta iazko irabazle Iñigo Legorburuk eta baita gazteen epai-mahaia osatu duten Aranzadi ikastolako Anouk Roosek eta Iraia Garitaonandiak eta Ipintza Institutuko Kimetz Iraolak eta Yeray Meabek.

Zure gorputza izenarekin sinatu du Sara Aranburuk lehen saria eskuratu duen gutuna. "Autoirudiarekin, sare sozialen presioarekin, anorexiarekin eta norbera den bezalakoa izatearekin lotutako sentimenduei buruz hausnartzen du. Debekatuta dagoena egiteko tentaldiaz; sareen sareez; gorputzarekin dugun harremanaz, imanaz; harekin harremantzeko marraz, mugaz. Sinadurak iradokitzen du gutuna gorputzaren beraren ikuspegitik idatzita dagoela, Uxuek bere buruari. Barne-hausnarketa bat da, gorputza mezuaren igorle gisa pertsonifikatuz. Gutunaren amaieran zure gorputza erabiltzeak lotura emozional eta sakona sinbolizatzen du idazten duen pertsonaren eta bere gorputzaren artean; haren buruarekiko harremanaren garrantzia islatzen du. Elikadura, nork bere buruaren zaintza eta korrika egitearen gaiak asko gustatzen zaizkit; ertzek, ordea, ez dute ezer onik ematen, eta horri buruz gogoeta egiteko buruketa moduko batean murgildu nintzen. Izan ere, anorexiaren gertuko egoerak pairatu dituztenen lagunei haien kezkak entzuteak eta lagunartean gai horiei buruz hitz egiteak zer kontatua eman dit. Idaztea norbera ezagutzeko modu bat izan daiteke, nahiz besteen lekuan jartzeko parada", dio Aranburuk.

Iosune de Goñi: "Gaixotu berri zen Iosuneri idatzi diot eskutitza"

Gaixotasuna da bigarren sari nagusia irabazi duen gutunaren gaia, Iosune de Goñik idatzi duena. "Orain dela bost urte, birus bat hartu ondoren, oso gaixorik jarri nintzen, eta nire bizitzaren ardatza osatzen zuten gauza guztiei uko egin behar izan nien: doktoregoa, harreman sozialak, argazkilaritza, naturarekiko harremana... Asko kostatu zitzaidan erantzunak lortzea, eta momentu hartan, sufrimendu fisikoaz gain, oso beldurtuta eta galduta nengoen. Eskutitza gaixotu berri zen Iosune hari idatzi nion, eta etorkizunetik iraganera doan besarkada baten modukoa dela pentsatzea gustatzen zait. Idatzi nuenean gripearekin nengoen, eta, agian, horrek prozesua zaildu baino gehiago, erraztu egin zuen, iraganeko Iosune horrengana hurbildu ninduelako", azaldu du Iosune de Goñik.

Eneka Mondragon: "Orain dela bost urteko neure buruari idatzita dago"

Bergarar onenaren saria irabazi duen Eneka Mondragon Alberdik ere "argi" zuen hasieratik kontu pertsonal bati buruz idatziko zuela. "Neure buruari idazten diot; orain dela 10 urteko neure buruari, hain zuzen ere. "Gaia hasiera-hasieratik oso argi nuen, niretzako izatea nahi nuen, zerbait pertsonala. Nola idazteak kendu dit denbora luzeagoa. Dena antolatutakoan, hamar minutuan idatzi nuen. Eskerrak eman nahi dizkiot irakasle bati, bereziki, hura izan baitzen bultzatu ninduena gutuna idaztera".

Aroa Elortza: "Nire bi aitaiten heriotzak elkartuaz idatzi dut gutuna"

Barrutik idatzitakoa da Aroa Elortzarena ere, orain dela urte batzuk hil zen Luis Mari aitaitari zuzendutakoa: "Modu batera edo bestera, nire bi aitaiten heriotzak elkartuaz idatzi dut gutuna. Luis Mariri idatzita dago, baina orain dela gutxi hil zen Luis aitaitaren heriotza oinarri hartuta. Sentimenduak altuan esan ordez orri zurietan idaztekoa naiz, eta ikasteko balio izan dit".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak