Dena gertu dago Bergaran mozorro festari hasiera emateko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ots. 9a, 12:34

Iazko Aratuste kontzertuaren irudi bat. (Argazkia: GOIENA).

Gaurtik martitzenera bitartean askotariko ekintzak izango dira Inauteriak ospatzeko, eta gaur, esaterako, Bergarako Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak Aratusteetako kontzertua emango dute; www.goiena.eus webgunean izango da ikusgai.

Martitzeneko pella eta torrada ikastaroarekin eta atzoko sorgin dantzarekin sartu da Bergara Aratuste giroan, eta datozen egunetan emango die jarraipena Inauteriei (Ikus. 38. eta 39. orriak). Egitarauaren barruan, Bergarako Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak urteroko kontzertu berezia eskainiko dute, 22:30ean hasita, Udal Pilotalekuan.

35. edizioan, Bixamona Erdi Aroan izenburupean arituko dira musikariak, eta Aritzeta abesbatza eta Debako Kulunka dantza taldea izango dira gonbidatuak, beste hainbat abeslari eta antzezlerekin batera; denera, 150 lagun inguru. "Ikuskizunean parte hartuko duten ia denak herrikoak dira, eta boluntarioki denak. Eskerrak eman nahi dizkiegu. Baita Bergarako Udalari ere, haren ezinbesteko laguntzagatik", dio Enrike Txurruka zuzendariak.

Aurreratu du "beti bezala" kontzertuak bi zati izango dituela: lehenengoan, Musika Bandak hiru pieza motz interpretatuko ditu, eta horiek izango dira pieza herrikoia den Ihauterietako dantzak; 1492, The conquest of paradise filmeko doinu nagusia, Vangelis konpositoreak sortutakoa; eta Frantziako Daft Punk Medley taldearen disko doinuen bilduma.

Bigarren zatiak izango du ikuskizunaren izenburuarekin lotura, eta Erdi Arora bidaiatuko dute; hala ere, Txurrukaren hitzetan, "hori ez da aitzakia izango era guztietako musika ez entzun ahal izateko". Horregatik, Erdi Aroko musikaz gain, soinu-bandez, diskoteka doinuz, swing musikaz eta egungo pop eta folk doinuz jantziko da frontoia: "Gustu guztietara egokitutako aukeraketa egin dut".

Oraindik sarrera batzuk geratzen dira salgai, eta Seminarixoko leihatilan edo webgunean eros daitezke, zortzi eurotan. Pertsona bakoitzak gehienez ere sei sarrera eros ditzake. Halaber, Goiena telebistak osorik grabatuko du eta Goiena.eus-en zuzenean ikusi ahalko da. Ondoren, Goiena telebistan izango da ikusgai: hilaren 17an, 22:00etan; eta hilaren 18an, 17:00etan.

Tekno gaua kartzela zaharrean

Aratusteak ospatzeko, tekno gaua egingo dute kartzela zaharrean bihar, zapatua, 21:00etatik 06:00etara bitartean. Hauexek jarriko dute musika: Jon Malax, Alaine MRK, Anomalia, Alexander M, Ima eta Zumi. Sarrera bost euro da.

Ikastetxeetan ere festa

Bergarako ikastetxeetan ere Aratuste giroan murgilduko dira, baina eguraldiak baldintzatuko egitarauekin. Mariaren Lagundia Ikastolak eta Aranzadi Ikastolak gaur ospatuko dituzte Aratusteak. Mariaren Lagundiak Amalurra gaia aukeratu du, eta, eguraldi ona bada, 15:00etan aterako dira kalejiran herriko kaleetan barrena, herriko plazara iritsi arte. Eguraldi txarra bada, berriz, ikastolan egingo dituzte ekintzak.

Aranzadi Ikastolan euskal Inauteriak ospatuko dituzte, eta, 15:20an jolastokian dantzak egin ostean, aterako dira kalera. Herriko zenbait txokotan geldialdiak egingo dituzte dantzatzeko, eta, atzera, ikastolara itzuliko dira, arratsaldeari amaiera emateko buruhandi eta erromeriarekin. Eguraldi txarra bada, Seminarixoko karpapean egingo dute.

San Martin Agirre Herri Eskolan, aldiz, martitzenean, hilak 13, egingo dute ospakizuna, eta Bergarako lanbideak da aukeratu duten gaia. Eguraldi ona bada, 15:00etan aterako dira kalejiran herriko plaza aldera. Ibilbidean zehar geldialdiak egingo dituzte dantzak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak