Miguel Altuna Lanbide Heziketako instalazioak ezagutzeko aukera izango da otsailaren 21ean, eguaztenean, ateak irekiko baitizkiete herritarrei, "espazioen, ekipamenduen eta metodologian" berri emateko, Joxu Arana zentroko zuzendariaren arabera; lehen aldiz bisitatu ahalko da, esaterako, Informatika eta Robotika espazioa. Izan ere, Espainiako lanbide heziketako Bikaintasun zentro izendatu zuten iaz, eta, orduz geroztik, hainbat dira egindako urratsak.
Batetik, Aranaren arabera, "urteetan egindako lanaren errekonozimendu bat" da izendapen hori, eta, bestetik, "lanean jarraitzeko indarra" ematen die: "Gizartea zein teknologia abiadura handian doaz aurrera, eta markatzen duten erritmoa ahalik eta gertuen jarraitzea da gure helburua". Haren hitzetan, urte batzuetan "esprintean" ibili behar izan dira inguruko enpresen mailara iristeko, baina, behin iritsita, aitortza maila horretan mantentzeko "bultzada handi bat" izan da. Are gehiago, ez dabiltza bakarrik lanean, "estatuko hainbat erkidegotako erreferenteak diren ikastetxe batzuekin sarean" dabiltzalako jardunean. "Hori ere oso aberasgarria ari da izaten".
Eginiko inbertsioak
Bikaintasun zentroaren izendapenari esker, milioi bat euroko dirulaguntza erdietsi du Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroak, eta Aranak aurreratu du datozen bi urteetan beste milioi bat jasotzeko konpromisoa hartua dutela. "Europatik datozen funtsak dira, eta gure kasuan, Fabrikazio arloan, eraldaketa teknologikoan, metodologikoan eta digitalean aurrera pausoak emateko balio digu". Horrez gainera, ordea, beste dirulaguntza batzuk ere jasotzen dituzte, "gehien bat ikaskuntza prozesuan eta baliabidetan inbertitzeko".
Bada, Aranak azpimarratu duenez, dirulaguntzaren erdia eraldaketa teknologikoa, digitala eta metodologia lantzeko espazioak eta ekipamenduak eskuratzera bideratuko da; horrek "eragin zuzena" izango du ikasleen formazioan. "Estatuko Lanbide Heziketako irakasleen puntako formakuntza emateko finantzazio atala ere badugu, eta baita beste ikastetxe eta enpresekin berrikuntza proiektuak aurrera eramatekoa ere". Are, inguruko industriak hurrengo urteetan beharko dituen langile profilak zeintzuk izango diren ere aztertzen dabiltza, eta, aldi berean, profil hori lortzeko sortu beharreko formakuntza lantzen.
Baita Europan ere
Europako Lanbide Heziketako Bikaintasun sareko partaide ere bada Miguel Altuna ikastetxea, Fabrikazio Aurreratuaren arloan, eta Aranak nabarmendu du hamaika herrialde europarretako erakundeak "elkarlanean" dabiltzala lanean, sortutako sareak erregio mailan eragina izan dezan "Eskaintzen dizkigun onuren artean irakasle eta ikasleen mugikortasuna ere bada". Hain justu, zehaztu du "nazioartekotza sendotzea" dutela helburuetariko bat, eta "ahalik eta ikasle gehienak mundu zabalera irteteko aukerak bultzatzen" dabiltzala. "Iaz, esaterako, gure ikasleak Ameriketako Estatu Batuetan, Irlandan, Suitzan, Txekian, Italian, Portugalen, Hungarian, Polonian, Maltan, Suedian eta Austrian izan ziren".